www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

NIRE LEHENENGOZ
BUENOS AIRES-ERA JOATEA

1914ko abuztuan

 

        Ni lehenengoz Amerikara joan nintzenean, ontzian euskaldunik lau edo bost genbiltzan bakarrik: bat Txapel ibarrangeluarra, izan daitekeen gizonik kirtenena eta bekaiztiena, beti uste eban beratzaz esan ahalak esaten egozela. Begibakarra zen, eta behin Liverpoolen txapela ahaztu jakolako garagardotegi batean Txapel ezizena ezarri eutsen.

        Ontzia zama hartzen egoan, eta hainbat ingeles egozan barriketan han egoan eliza zahar bat dela eta ez dela. Ingeleraz elizari chapel esan ohi deutsie, ia jausian egoan legez ha eliza, eurek esaten jarduen txarto egoala eta hau eta bestea. Txapel eskaratz aurrean egoan, joten azpila eskuan ebala eta zuhur ia beratzaz esaten ebiltzan hareek hizketan. Eliza edo chapel-az bai eragoien morroiak txarra zela esaten, eta hau adierazten dabe very bad hitzekin. Chapel eta very bad entzun ebazan ondo Txapelek, eta joan zen behingoan Paskasi bigarren agintariarengana itaunduten ia zer esan gura daben hitz hareek. Eta honek, zirikatzearren badinotso «Txapelek begi bat» daukala esan dabela.

        Emon ebazan zartadekin eskua zulatu jakon Txapeli, eta ontziburuak bidali ninduen osagile batengana ia ireki ahal eutsan. Sartu ginen osagi-gelan eta han gengozan itxaroten. Halako batean badator osagilea eta, hau ikusiz batera, hasten da Txapel alarauka. Baina gizona, oraindik ez badeutsu oratu? Halako batean oratu eutsan gaineko zapia kentzeko, baina Txapelen zaratekin uste eikean txarriren bat hilten egoala, eta hau ikusirik eta zaratara hurreratuta hainbat jende atean egoala, osagileak ireki barik etxetik atera ginduzen.

        Han ginoazen eta bidean topo egin genduen zaldun bat hiru bizitzako kapelagaz. Ha atzerritarrak ginela ezaguturik, begiagaz keinu egin euskun. Ikusten dau Txapelek, joten dau kapelan eta sartu eutsan belarrietaraino. Badatoz beste hiru edo lau eta denekin ebilen ukabilka. Ederto ireki jakon eskua, baita espetxera eroan be, eta han egon zen harik eta ontziburua bere bila joan arte.

        Hogeita hamar egunean heldu ginen Argentinara. Ikatzaren bila be joan ginen San Vicente deritzon portugaldarren herrira. Inoiz ez dot ikusi herri ha baino txiroagorik. Bertako biztanleak baltzak dira eta gehienak biluzik dabiltza. Uhartea da zuhaitz bat bakoa, bedar bat be ez da ageri, ez dago urik be, hau beste uharte batetik ekarten dabe berarizko ontzi batean. Dena da txirotasuna, dena gosea. Zazpi edo zortzi ingelesen eskuetan dago hango saleroste guztia.

        Argentina! herri zabal handia. Egun inon ez dot ikusi han beste gosekil, euskaldunak be zenbait. Neure otzariagaz herrira urten baino ez neban egin, hainbat ezagun ikusi nebazan. Errukarriak! Euretariko batzuk egozan hainbat egunean gauza berorik irentsi barik. Berehala bik eskatu eusten ia jateko pixka baten bila etorriko ziren. Baietz esan neutsen, eta etorri ziren ontzi barrura. Errukarria zen hareen historia: bata Kortezubikoa zen eta bestea Lekeitiokoa. Honeek esan eutsien euren lagunei nire ontzian jaten ebela, eta hurrengo egunean han datoz lau gehiago, eta honetara egunik egunera gehitzen joan gosekil kopurua, eta azkenean hainbati ezin emonik, denekin haserretu eta ontzitik atera genduzan.

        Bertan egun batean aurkitu neban Lankara eritzon adiskide bat, neugaz ibiliriko agintaria. Nik entzutea neukan ontziburu han ebilela, baina zelakoa izan zen nire ikara goseak hilik eta zorrizturik ikusi nebanean. «Batxi, errukitu zakidaz» inostan, eta bere negarrak ikusirik hartu neban morroitzat ontzi barruan, eta ekarri genduen honantz nik aberastuta egoala uste neban Lankara. Urtebetean ibili zen kanpoan lo egiten, eta ontzietatik jaurtitzen eben jatekoa hartzen, arranokeriak be noizik noizera egiten ebazan espetxera eroan eien, baina han be jatekorik emon barik atzera ateratzen eben.

        Euskaldunak, ez egin hara joateko biderik, ha galduta dagoelako turkiarrei bideak edegi deutsieezenetik hona. Argentina guztia bete da honelako jendemoduz, ezer txarrik egiten dabenean, idiskoak basoan legez atrapetan dabez lazoaz fabriketako ateetan. Goizetan kaleak garbitzeko ur-mangaz uxatu behar izaten dabez, eta edozein bazterretan lo egiten dabe, eta edozein sarigatik behar.

        Argentinako huriak galduta dagoz. Han ez da erlijiorik ezagutzen, han ez da inor ezkontzen elizaz, eta errukarriak hara otsein izateko doazen neskatilak!

        Horratio hantxe be guk euskotarrok badaukagu etxea, gure ekanduen usaina sumatzen dena, hemengo neskatoak etxe honetara bidaltzen dabezena, hemengo dantza garbiak egiten direna eta hemengo abestiak entzuten direna. Berau da Euzko-Gaztedija deritzon etxea Venezuela kalean.

        Hemengo jendea be berehala ohitu ohi da bertako ekanduekin, batez be emakumeak; mate-ontzia ezpainean beti dabela alfer-alferrak egin ohi dira hara doazenak.

 

aurrekoa hurrengoa