www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

SAVONA-TIK

1914ko otsailaren 12, 15 eta 23an

 

        Kai txiki-txikitxua, herri guztiz zaharra. Eliza zahar-zahar asko. Kaleak berezietako bidezidorrak lakoak gehienak, eta eurak guztiz atsitu lohiak. Azoka egiten da kale estu batean. Tranbia bat dabil kale batean edo bitan bakarrik. Kale bat edo bi dagoz zeozer balio dabenak, eta hantxe dagoz zine batzuk eta antzoki bat eta holakoak.

 

EUSKOTAR BATI JAZORIKOA

        Kirikiñok ostera be esango deust andaluztu naizela, baina ez deust ardura, eta esan behar dot zer jazo jakon antzina, haize-ontziak ibilten zirenean, gure herriko mutil bati.

        Heldu zen hona, eta gose zen, eta ikusi ebazan ostatu edo jatetxe batean hainbat gizon zeozer irensten, zinta bat lakoa zen gauza bat. Eta zer zen? Makarroiak neurrira saltzen ebazan etxe bat.

        Hara: heltzen zen bat eta eskatuten ebazan honenbeste metro makarroi. Sartzen eutsien arilean legez batuta euken makarroiaren punta ahora, eta irentsiz-irentsiz joian jaubea neurtzen. Eta berak gura ebazan metroak irensten ebazanean, zazt! Ugazabak ebagiten eban eskuan eukan makarroi hori, beste mahaikide bati ostera be sartzeko.

        Eta hau ikusi ebanean, sartu zen gure herritar hori, eta ugazabak itaundu eutsan zenbat metro gura eban.

        — Hogei —erantzun eutsan beronek.

        Hasi zen irensten, eta hogeira heldu zenean ugazabak esan eutsan:

        — Oraintxe daukazuz hogei egin-eginak barruan.

        — Ebagizu ba —inotsan beronek, barruan eukanez gerokoan ordaindu barik ihesi egiteko ustez.

        — Ekatzu ba dirua —inotsan ugazabak.

        — Zenbat da ba?

        — Laurleko bi.

        — Nik ez daukat hiru txakur baino —esan eban gureak.

        Eta beste batzuk be irensteko begira egozan eta larri, dirua eskuetan ebela, eta orduan, zer uste dozu, Kirikiño, egin ebala jatetxeko ugazabak?

        Ziri-zara atzera atera euskotar gizajoari urdailetik janda euki ebazan hogei metroak, eta gero berehala sartu atzera beste batzuei ahotik, bati bi, besteari bost, eta halan.

 

* * *

 

        San Martino de Alvaro deritzon hurian ume txiroentzako asilo barri bat egiten ibili dira, eta bat-batean jausi da behera etxe hori, hainbat behargin azpian harrapaturik, eurotarik zortzi hil direla, eta zaurituak asko. Herriko alkateak bisitatu ditu zaurituok. Etxe barri horren egileari itaundu deutsagu, eta dino jauste hori izan dela aspalditxuon izan diren euriengatik.

 

* * *

 

        Genoako irakasle elkarte batek pentsatu dau itsastarrentzat ikastola eder bat egitea. Ikastola honek daukaz eginkizun bi; bata itsastarren jolasak erakustea, eta bestea itsas-eginkizunetan eurok ondo irakatsita ipintea. Ikastola horrek eukiko ditu txanela edo itsasontzi txiki asko itsastarrek jolastu daien eta euren eginkizuna eta abar ikasi daien.

 

* * *

 

        Italiar batek asmatu dau New Yorken munduko txoko batetik besteraino hitz egin ahal daikean hari bagako telefonoa. Amerikako irakasle bikainenek ontzat emon dabe, eta lau bider sendoago norberak egiten dauena baino entzuten da hitza, edozein tokian tramankulua eukiz geroztino.

 

* * *

 

        Gudaren kaltez hemengo sozialistek hainbat hitzaldi egiten dihardue, eta guda ministroari hainbat idazki bidaltzen deutsiez esanik utzi daiola bere lekua beste bati.

ß

        Vesubioko sumendi zulora sartuko da hil honen 18an Alessandro Malladra irakaslea, eta gero etorriko da Genoara krater horretaz hitzaldiak egiten. Jakitunen artean gar handia dago berari entzuteko. Hitzaldi tokira sartzeko laurleko bat kenduko dabe.

 

* * *

 

        Gaur hemen Savonan dago dantzaketa handi bat, eta Venezian legez egongo da bertoko zumardia, argiz jantzita.

 

* * *

 

        Italiarren odola munduan dagoenik odolik nobleena... Halan dino egunkari batek, eta gainera dino italiarrak edonon direla euren aberriaren zaleak, italiarrak guztiz askatasun zaleak direla, eta Italia dela munduko herririk ederrena eta handiena, justizia onena dagoena, eta azkenez amaituten dau «Gora Italia!» bategaz.

 

* * *

 

        Erroman gogor dabiltza katolikoak eta sozialistak ezkontzaz. Hemen be kafetegietan ez da besterik entzuten matrimonio civile bera baino.

 

IKURRIN EDERRA

        Hemen dago ba, lehenago esan neutsuen legez, Bilbaina izena dauen ardanetxe bat, itsastarren sakel-hustutzailea (inork entzun gura ez badau belarriak itxi).

        Ardanetxe horretara hurreratuz gero euskotar txapela buruan, lehenengo agurra da Torquito edo Kirtenkito-ren himnoa. Uste izaten dabe andaluziarrak garela denok. Han euki ohi dabez neska artista gitarra eta bibolin jole bi, katarraren ahotsagaz abestu ohi dabezenak ez dakit nik nongo txuleriaren kantuak: artista mirrixok, barriz, ez dabe egiten besterik barre baino norberak atzea emon orduko. Eta gero euskotar asko hara joan ohi gara katamixarraren kantuak entzuten eta diru ederrak, sendiak ondo eskertuko leukiezenak, han uzten.

        Ateburuan dagoz espainiar ikurrina, Grezia, Ingalaterra, Alemania eta, azkenez baita be, bilbotarra eta honen azpitxuan euskal abertzaleon ikurrin ederra.

        Abertzaleak, gure ikurrin ederrak ez leuke egon behar txulokeri-doinuak eta abestiak egiten diren tokian, hori baino ederragoa da gure ikurrina, itsastar sakel hustutzaile batek euki daian bere taskaren ateburuan, beste zereginik ez daukana ahal dauen guztia estutea eta guri berak ahal dauen edaririk zantarrenak emotea baino.

        Pentsatu ba, italiar batek berak gura dauen legez erabilteko ez dela gure ikurrin maitea.

 

aurrekoa hurrengoa