www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

LISBOA-TIK

1914ko urriaren 10ean

 

ALBISTE TXARRAK

        Gaur heldu gara kai honetara eta berehala jaitsi gara ontziburua eta neu lurrera, geure eta besteen sendiei gaztigatzeko telefonoz heldu garela, eta bide batez hark bere arazoak eta nik neureak egiteko. Heldu gara huri barrura eta, zer izan da gure ikara daunbada handi-handia entzun dogunean? Geure hurrean berehala ikusi doguz arin-arinka hainbat lagun eta suhiltzaleek txilin-hots garratzak joten izan dabez bidea aske utzi daien.

        Hurreratu gara eta su eta garra baino ez da ageri izan hemengo gas-fabrikan. Bertako gas-ontzirik handienak eztanda egin dau. Hur samartxu egon diren pertsona denak hil dira, eta urruntxuago egon direnak, batzuk begirik gabe, eskurik gabe, oinik gabe, eta holan asko lotu dira. Samingarria!

        Une hartan igarorik tranbia bat bertatik, gainean joiazen denak, bat ezik, hilda gelditu dira. Kalerik kale dabiltza emakumeak umeak lepoan dabezela, bihotza hautsi eragiteko beste negar egiten. Asko gelditu dira senar, seme edo seniderik gabe.

 

ONTZI ALEMANAK

        Hogeita hamabi ontzi aleman dagoz kai honetan, gudagatik lotuta, itsasora urtenez gero ingelesek eskua ezarriko leuskiee-eta. Kalerik kale ez da ikusten besterik alemaniar ontziburua baino.

 

AZOKA MERKEA

        Hauxe bai dela azoka merkea! Okela dago garestitxu, osterantzean arraina, barazkiak eta zirripa, ia dubarik. Kirikiño: ikusiko bezenduz hiru laurlekotan nik gaur erosi dodazan sei lebatzak, ikaratuta, harrituta lotuko zintzakez.

 

EUSKAL IDAZLEEN BAZKARIRAKO

        Berrogeita hamar puru Isabela Filipinetakoak daukadaz gordeta. Egon ardura barik, laster naiz hor. Neuk gaztigatuko deutsuet egun hori.

 

ZARRONTZALE-RI

        Gure bazkaria euskal idazleena da. Zuk be ederto idazten dozu euskaraz. Nik atseginez irakurri ohi dodazan legez idazki guztiak euskaraz izanez gero, horregatik erosi neban zure gramatika bat be. Erdu, erdu! Sendo besarkatuko zaitue zure anaia euskotarrek-eta.

 

aurrekoa hurrengoa