www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

GLASGOW-TIK

1915eko urrian

 

        Aspalditxuon dabiltza hemengo egunkariak eztabaidan orain artean egon den legea soldadutzaz ala indarrez edo beharkunez mutilak eroatea ete den hobe.

        Hiru miloi soldadu lortu dabez mutilak baturik euren gurariz. Baina jazo da, kale batean esaterako, badagoz sendi bi, bata ume txikien aita eta bestea beharbada hiru edo lau seme sendoen aita. Ba gehienetan jazo da, ume txikien aita abertzaleago izan delako bestea baino, joan da lubakietara, eta beste seme sendoaren aita geratu da bere seme denekin etxean, esanik: «doala nahi dauena gura badau».

        Beste gauza bat be jazo da: Frantzian, euren odola hainbat mutil ederrek emoten daben bitartean beste sendi batzuk abertzaletasunez kondarrik euren bihotzean ez eukela oporrera doaz. Batzuk, ikatz meatzetan eta asko eta asko itsastarrak zirenak barriz itsasora urteten ukatu ziren alogera gitxi eukela-eta aitzakiaz. Ingalaterraren lepoan dagoen zama guztia ikusirik ez zen orain aldia oporrera joateko. Horra ba batzuk odola aberriari damotsen arte beste batzuk buru-eskainia egin gura ez. Itsastarrek esaten eben askok: «doala nahi dauena itsasora, dabilen beste itsaspekoarekin». Eta orduan alogerari jasoera handia emonik lortu eben ontzijaubeek euren ontziak itsasoratzea. Aberria batena bakarrik al da? Garaile urteten badogu ez dira izango ingeles denentzat onurak? Hori itauntzen dabe abertzaleek. Baina askotan erantzuna da:

        — Ondasunak izango dira baten batentzat, baina gu lehen legez txiro geratuko gara, eta beharbada zoritxarrez oin bat bage, edo itsurik, edo mantxu guda honen amaian.

        Ingalaterrako gizon zuhur batek inoan lehengo egun baten urteetako gudan oso ikasgai asko ikasi dauela Ingalaterrako gobernuak. «Horra ba Alemaniako herriaren jazoera izan da gudazaletasun itzelagaz nahastea». «Ekintza txarrekin ezin leikela gauza onik lortu, baina ikusten dogunez badakigu Alemaniako herriaren semeek ikasi daben beharkunagaz zertzuk zeregin dakaskazuen guri». «Gure gogoeta ez da izan alemanena legez bardina. Horra ba oker bitxi izan gara mundu honetan. Geuk hareek legez herria mendu bagendu beste gauza bat izan litzake».

        Baina beste batek erantzuten deutso holan: «Askatasuna baino gauza ederragorik ez dago inon. Gizonari bere buruaren jaube denean emon behar jako askatasuna, berak pentsatu daien zein bide den bere hartu-emonentzat aukerakoena... Egia be bada Ingalaterran beste askatasun ez daukala herriak munduko inongo estatutan. Hor daukazue Errepublika Frantziarreko gobernua. Behetik gorantz egina dela dinoe hango agintzako legea, goitik beherantz eginda den legez Europako edozein estatutakoa. Baina halan be, oraingo guda-aroan Frantziaren aurka zer edo zer idatzi nahi dabenek, atzerrira joan beharra daukie. Barriz Ingalaterran ez da jazoten hori, askatasuna dago eta bardin idazten da aurka nahi aldez.

        Holan da ba, oraindino Ingalaterrako gobernuko agintari askok ez dabe uste dagoenik beharrizanik menperatutako herria beharrez soldadu eroateko. «Gura dauenak gehiago egiten dau ahala dauenak baino», dinoe.

        Frantzian, antimilitarista guztiak dagoz lubakietan. Frantzian ez dabe uzten eztabaidarik herriaren aurka, eta eskerrak horri Frantzia da gaur arte ikara gehien eragin deutsona alemaniar herriari. Eta Ingalaterrak ikusi eta igarri dau hori, eta garaipenerantz joateko indar gehiago behar dauen legez, ez dau eukiko beste urteerarik, askatasun guztiak alde batera utzirik beharpetu herri osoa gudara joaten, eta hortik zehar dabiltzan hainbat emakume alfer lohiri be bere zereginak ipini.

 

aurrekoa hurrengoa