www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

GENOA-TIK

1914ko maiatzaren 31n eta ekainaren 3an

 

        Heldu gara kai zorioneko honetara denok osasun ederragaz, eta baita be etorri jakuz betiko ikertzaleak helduaz batera: oinetakogileak, jostunak, bizarkentzaileak eta abar. Batzuei herri-agintariak heltzen ei jakez musika eta guzti ontzira, baina guri begiratu eizue zelango zarrapazteria.

 

HOR DAGOZEN LEGEZ HEMEN BE

        Ehun eta berrogeita zazpi bapore italiar dagoz kai honetan lotuta, euren jende guztia lehorrean dabela. Itsastarrek ba hemen be oporra egin dabe, ontzijaubeek agindu eta emon ez egin deutsieelako antzinatxoago eskatu ebezan hobekun batzuk.

 

TXIROTASUNA LEHORREAN

        Hainbeste ontzi lotuta dagozen legez, hartu-emonik gehienak be geldi dagoz, eta salerostea geldituz gero dirurik ez dago, eta horrek darabiltza larri hemengo dendari asko. Miseria handia dago ba oraingoan herri eder honetan.

 

HEGAZKINETIK URETARA

        Angostenelli eritzon hegalari bat bere tramankuluaz haizean ebilela jausi zen itsasora hegazkin eta guzti. Arin joan ziren jausi tokira, baina bera ezin izan eben idoro, bakarrik tramankulua.

 

ARRANOKERIAK

        Viarreggio-ra heldu da atzo Amerikan hamalau urte eginda Francesco Paracini, eta etxera heldu zeneko egin eban lehenengo beharra izan zen lau tiro emon bere amaginarrebari. Hara joan zenean haserretuta joan ei zen, eta zin egin ei eban ez zela inoiz etorriko, baina hamalau urte igarota gogait egin dau morroi horrek Amerikan eta bidean hartu dau asmoa amaginarreba erahilteko. Eta etorri denean, dinbi-danba han joiak atso hori lurrera luze.

        Egunkarietan bere izena argitaratzearren ez al dau egin gero?

        Ba, gure herrian holantxe heldu zen behin Amerikan hainbat urte eginda eta guztiz aberastuta morroi bat, eta helduaz batera Bilbaoko kale guztietan ibili zen bere burua erakusten; jateko be sartu zen jetetxerik ederrenetara, eta gero kafetegi onetara. Azkenean heldu zen Atxurira puru handi bat musturrean ebala, eta han doa lehenengotariko bagoian. Hurrengo egunean erosi ebazan egunkari guztiak ea bera aitatuten ete eben... Eta ezer be ez! Han dator atzera Bilbaora, gaixo-etxean eta hortik-hemendik bananduten dau hainbat diru, erosten dau automobil bat, geldituten da egunkari guztien ateetan ikusi daien, badoa Gernikara, erosten ditu egunkariak... Eta bardin! Jaungoikoak bakarrik daki zenbat ahalegin egin eban gizajo horrek bere izena egunkarietan ikusteko, baina dena alferrik. Azkenean otu jakon gogait bat, eta baita lortu be bere guraria: eroan etxe aurrera bere amaginarreba, zigor bategaz estu, eta urkatu eban intxaur zuhaitzetik eskegita.

        Biharamunean egunkari guztiek ekarren bere izena eta abizena, eta beste zertzelada.

 

aurrekoa hurrengoa