www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

MAZARRON-DIK

1915eko abuztuaren 1ean

 

        Bustialdiak hartzen etorrita dagoz oraingoan hemen hainbat erbestear. Horra ba, jatetxe eta enparauetan ez dago toki bat be aske, ohe handietan hiru-lauk bardin egiten dabe elkarrekin lo, eta halan eta guztiz be kabidu ezinik dabiltza.

        Bart herrian lo egin beharra etorri jatan. Joan nintzen Doña Virtudes-en jatetxera ohe eske, eta samintasunik handienagaz inostan jatetxe jaubeak:

        — Gizontxua, oheak beste hamar bageunkaz be, denak beharko geunkez. Horregatik ba, egin geinkena da lastamarraga bat ipini billarreko mahaiaren gainean, eta hantxe egin lo.

        — Ondo dago —esan deutsot.

        Eta asto horrek berehala ipini deust ohea apatz-apatza.

        Lo nengoela iratzartu nabe, eta non sartzen jatazen madrildar bi neure alderdi bietan. Handik gerotxuagoan non datorren beste agure lodi bat, eta berehala etzan da alboko kaja zahar baten gainean. Nire lagun madrildarrak viajante de comercio gazte bi izan dira. Egunak txirrist egin dauenerako jagi naiz ohetik edo dena delakotik, eta jantzi ondoren han noa eskaratzera. Honetan han noa aratin lurrean zehar. Lehenengoan ez dot jakin zegaz egin dodan estropezu, baina gero konturatu naiz: zorro bat azpitik ipinita etzunda behean egon da ugazabandrea, harantzatxuago neskamea, alboratxuago ugazaba, eta jarraitu dot aurrera, eta karrejoan zehar egon dira beste hamar-hamabi morroi lo korroskadaka, eta barriz billarreko mahaiaren azpian hiru edo lau mutil txiki. Horra nondik egin geinkean barrabaskeria madrildarrek eta nik astunagoak izango bagina.

        Ostatua ordaintzen joan naizenean zortziak inguru ziren, eta ikusgarria izan da hotel horretan idoro dodan koadroa. Viajante batek kitarra eta besteak abesti malagueñak, dantzan eragoien, karrejoan lo egozan denok. Guztiak dira erbestetarrak.

        Hori da umorea, eh Kirikiño? Etxeko ohe apatzak utzi, eta behearen gainean lo egin, eta halan eta guztiz be, dantzan.

        Alaba mostranga bat be badauka Doña Virtudesek, hor zortziren bat arroba badaukaz berak. Mutilak, ha jagok egoteko zapotza!

        Halanbeharrean be, bere senarragana izanda gaur etorri da Cartagenatik, eta itaundurik ia zer barri den handik, hara honeek:

        Liberal alderdiko gazteria batu zen lehengo egun batean gogoeta hartzeko alderdiaz. Lehendakariak hizketaldia egin ebanean esan eban liberal alderdia indargetuta, epelduta, ezertarako adorerik bage dagoela, eta indarrak hartzeko sendagarri on bat behar dauela.

 

* * *

 

        150.000 laurleko zorro batean ebazala joian Cartagenako kaleetatik zehar bertako banketxe bateko otsein bat. Berehala aldi txar batek emon eutson. Konortera etorri zenean begiratu eban albora, baina... diru zorroa non? Zuek ikusi dozue? Ba... nik be ez.

 

* * *

 

        Leopoldo Zarco del Asno deritzon batek bere amaordeari jaurti deutsoz hiru edo lau tiro, eta zorionean bategaz be aparedu ez. Osoz mozkortuta ei egoan morroi hau, jakina. Amaordearen izena da Tomasa Viñas Jerez. Izan bazen Jerez izan beharrean Caña edo Aguardiente, apareduko ei eban. Baina Jerez gauza fina izan Asno-entzat.

 

* * *

 

        Herriko jende on guztiak dagoz kezkaz Cartagenan aspalditxuon umeen artean ikusten direnekin. Lehengo egun batean zortzi urteko ume batek kirteneraino sartu eutson aiztoa beste bere antzeko bati. Honeetarikoak asko dira urte guztiaren barruan. Antzinatxutik da zabal bertako neurtitza Cartagenataz, eta egia ez ete den nago. Hara zelan den:

                        Cartagena, monte sin leña,

                        mar sin pescados

                        y niños mal educados.

        Ba, mendietan ez ageri zuhaitz bat, eta itsasoan ez ei dago arrainik eta barriz umeak holakoak badira... Ut hortik, bestelakoak dozak gure aberritxu maiteko herriak.

 

aurrekoa hurrengoa