www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Hau mundu arrano hau
Juan Bautista Bilbao, «Batxi»
1914-1916, 1997

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Hau mundu arrano hau, J.B. Bilbao Batxi (Koldo Izagirreren eta Iņigo Aranbarriren edizioa). Susa, 1997

 

aurrekoa hurrengoa

IRLANDAKO ITSASOTIK

Itsas egunekotik hartua

1915eko apirilaren 24an

 

        Urten ginen Almeriatik 4.000 tona meagaz hil honen hamabostean, eta gaur 22an heldu gara Wolf Rock deritzon lurmuturrera. Ordutik hona sei egun dira, eta sei egun honeetan itsaskatu dogu ezertariko ezbeharrik baga.

 

ZAZPIGARREN EGUNA

        Egun honetan geunkan N.E.ko haize hotza, eta goizeko zortzietan, hartarako tramankuluekin jakin dogu non aurkitzen garen. Geure inguruan ikusten doguz ontzi asko; bi ezagunak, bata Wenceslao eta bestea Cartagenako Santa Florentina.

        Berehala ontziburuaren aginduz ipinten dira txanelak eskegita, badaezpadan. Gudontzi bi igaroten dira gure aurretik, eta agur dagitsegu geure ikurrinagaz. Eta beste bagarik, amaitzen dogu gaurko eguna itsasertz ezagutuaren alboan gelditurik.

 

ZORTZIGARREN EGUNA

        Aurre aldetiko haize motel eta euri lanparragaz emon geuntson hasiera gaurko egunari. Txanelak eskegita doaz, euren barruetan dabezela opil, ur eta eurak erabili edo atonduteko tramankulu denak.

        Laino itzalez estalirik ortzea ilundu jaku eguna, inondik ageri ez dela argitasun izpirik. Noizik behin igaroten da gure albotik ontziren bat argirik baga, eta besteren bat argindarrez alboak argiztuta, bere hizki handidun izena agerian dauela, ezagutu daien bere albotik igaroten diren guztiek. Argibakoak zein herritakoak diren badakigu, eta argidunak barriz erraz dira ezagutzen.

        Gure makinak bere burdinazko besoekin ezer ez balitz legez damotso betiko abiada ontziari, eta galdara-irakinak urrumaka daragoie euren eginbeharra beteten. Sugileek euren aurrean dihardue euren lan neketsuan, kedarra bezain baltz dabezela aurpegi eta eskuak. Lantzean palakada bat ikatz jaurti, eta guajiratxu bat abestu, eta gora urten eta ertzetara begiratu eta intziriz dino, «ay maresita de mi arma». Beste itsaskide guztiak kebide edo tximiniaren ondotxuan dagoz, denak ilun, esku bien artean burua dabela, Jaungoikoak daki zer gogoeta egiten.

        Gau honetan inork ez dau lorik egiten. Itsasoaren gainean ikusten diren baltzune guztiek beldurra damoskue. Ontziburua gau guztian dago oinen gainean, eta gertu makinako telegrafoa eskuan dauela, txistadarik txikienean makina gelditu, eta txanela batean itsaspekoaren albora joateko eta nondikoak garen jakinarazteko.

        Daukaguzen soinekorik onenak doguz aldean, eta erloju edo diru edo balioko gauzaren jaube denak aldean darabiltza. Agintariak begirik kendu barik dagoz aurrera adi. Ontziburua ez da kentzen bere tokitik.

        Goizeko ordubietan agertzen da hiru biztada daukazan itsasargi bat. Oraindino ez egun asko, hementxe joan zen hondora ontzi eder bat itsaspeko mina bat jota. Baina gu aurrera goaz, Ama Birjina dogu geure alde.

        Lauretan agertzen da beste argi bat eskumako aldetik. Alaitasunez beteten da agintarien bihotza argi hori ikusiz, argi horren ingurua arrisku handia dagoen tokia delako.

        Berehala ikusten da urpetik urteten legez argirik ederrena, bere urrezko argizpi ederrekin mundu guztia pozez beteten dauen eguzkia.

        Alaige eta beldurkoi gaua igaro arren, han jatorku eguzki alaia geure gorputzak sendotu eta geure gogoak poztuten. Betor bai argi eder maite hori!

        Eguraldi ederragaz eta haize pixka bat aurre aldetik dogula amaitu zen gaurko eguna, itsaskide denok lan baino lo beharrago dabela, denok aharrausika eta gogake.

 

BEDERATZIGARREN EGUNA

        Eguzki epel ederragaz eta eskuma aldeko haize apur bategaz emon geuntson hasiera gaurko egunari. Arratsalde guztian ez doguz ikusi ontzi txiki bi baino. Ikaratuta gagoz Liverpool ondoan hain itsasketa gitxi ikusteaz.

        Beti gagoz dardargainean noiz joko ete gaituen mina edo torpedoren batek, baina horregatino heltzen gara gaueko zortzietan Island of Man deritzon uhartera. Bederatzietan utzi dogu eskuma aldean Chicken Rock haitz-mokileko itsasargia.

        Hemendik oraindino 100 miliako bidea dago Ardrossan-era. Guztiok gagoz atzo baino pixka bat alaiago, itsaso honetan ur lohi-lohiak dagozelako eta uste dogu hor lohian itsaspekoak ez direla ibiliko eurak nahi daben legez.

        Heldu gara Ama Birjinari eskerrak gaur apirilaren 24an.

 

aurrekoa hurrengoa