Ehiza eta nekea
Igor Estankona

Kutxa, 2004

 

 

ETXEA

 

Bidetik apur bat urrunduz gero

—nahikoak dira bi kilometro—

denboraren sorginorratzaren begian bazeunde bezala

haitz eta landa gozoen artean

erdi-uzkurtuta ikusiko dituzu oraindik

behinolako auzuneak.

 

Bertako etxeetako reinaré nakaratuek

azkazien firfira itzultzen dute eta

erlaztarrek txangoetatik bueltatzean

euren memoria laburrean dakarten

kamioien hotsak

ez dirudi mende honetakoa denik.

 

Han, non duda egiten baituzu

gizakiaren leka garandu ahala

zer den aprobetxatzen duguna, hazia edo zeruka,

han daude gauza erreus guztiak baina baita,

nork jakin, sekreturik baliotsuenak ere.

 

Halako etxe batean jaio nintzen ni.

 

Ehiza eta nekea
Igor Estankona

Kutxa, 2004