Ehiza eta nekea
Igor Estankona

Kutxa, 2004

 

 

LOAK HARTU EZIN

 

Zaila izan da erabakia hartzea,

luzea izan da hausnarrean

eman duzun denbora,

baina azkenean behe lainoa

mamu baten antzera aldendu da

arrastorik utzi barik.

Ez da egon argi hitz egin dizun ahotsik,

ez da egon zuretzat piztutako ezkutarik,

zeruan biderik ez dagoen modu berean.

Baina azkenean behe lainoa

mamu otzan baten antzera aldendu da

arrastorik utzi barik.

 

Olatu biren arteko tarte laburra profitatuz

agurtzen zaituen igerilaria da bizitza.

Azala aldatu berri duen sugea

bezain minbera zaude.

 

Goizaldeko pintorearen paletak

maleten gainean eserita harrapatu zaitu,

bestelako hiri batean.

Eta autobusaren sorbalda zorrotzak

samako hezurrak haustu dizkizu.

Eta errealitatearen mugetan

miatu egin zaituzte.

Eta kilometroen zapore lodia ahoan

ez dakizu oraindik ziur

lasaitasuna eta bakea atzean uzteko asmoz

egin duzun bidaian,

zenbat oroitzapen itxuragabetu diren

eta zeren bila zoazen zehazki.

 

Ehiza eta nekea
Igor Estankona

Kutxa, 2004