|
Ehiza eta nekea
EGUNAK ILUN GAUAK ARGI
Jadanik gaua da
eta azkenengo hegazti bikotea garela dirudi
ahotik urrezuri beltza isuriz.
Pentsamendu erraldoia da
inguratzen gaituen guztia.
Begira iluntasuna —larregizko, arranditsu—
zerbait esan nahiko baligu bezala
irudirik gabeko gauza guztien gainean pausatuta.
Erretako pinudi bat zure azala,
eta nire aurpegia ere kea da
benetako kearen aldean.
Oi, zergatik gaude hain isilik
gauaren zakurrak ondoan agirika ditugula?
Zergatik hain isilik
barruko kezken zakurrak ondoan agirika ditugula?
Izarretatik esekitako momentu ahul honetan
dena kea benetako kearen aldean,
dena ur tanta baten barruko amets lurruna...
dena da hizkuntzaren mirari baten antzekoa,
urteetan isildutako pentsamendu bik bat egiten dutenean.
Ehiza eta nekea |