|
Ehiza eta nekea
AGURRAREN DESENGAINUA
Japoniar haikuetako lehen elurra nola
—doi-doia, justu
ihiaren orriak okertzeko bestekoa—,
hala egin zuen agerpena gaitzak
bere bizitzako bokalean zenean.
Handik aurrera
harentzat dena izan zen
erlojuaren kontra ibiltzea,
eta argia irazten zuten zuhaitzek babestua,
adoregabetutako arrastiriak gorritua,
gogoan dut zenbat arreta eta zaintza izan zituen
bere senarrarengandik.
Agure bi haiek
abesti baten azken zatia bezala urruntzen,
inoiz ez zuten berba txar bat esan
bakoitza bere aldetik joan beharraren gainean.
Goiz batez senarra ikusi nuen emaztea falta zitzaiola
norabide zehatzik gabe niganantz,
eta kontatu zidan
gau osoa benetan maite duzun emakume bakarra
beilatzen egon,
eta bere azalaren azken nahikundea ere
buruz ezagutzen duzula uste duzunean,
bat-batean, ez zaizula ezagun egiten,
okertu egin zarela jakingo bazenu bezala
atsekabetu zela.
Ehiza eta nekea |