Ehiza eta nekea
Igor Estankona

Kutxa, 2004

 

 

LEHENALDIA BILGUNE

 

Gartzelatik itzuli zenean

—gartzela mota asko daude, esan dezagun

haietako batetik, behar bada ilunenetik,

itzuli zela—

hartaz eta hontaz galdetu zidan.

Nik koñaka zerbitzatzen nuen

afaloste gozoan.

Hainbeste jasandakoa izan arren

oraindik ere harrigarriro birjinak ziren

amodioaren inguruan,

politikaren inguruan,

bizitzaren inguruan zituen ideiak.

Galderak egiten zizkidan

eta nik koñaka zerbitzatzen nuen

afaloste gozoan...

Ederrak ziren behinolako ametsak

birrindutako txalupen antzera

alkoholaren eta tabakorriaren ke artean.

Ederrak lagunei azaldu eta etsaiei

inposatu gura genizkien haiek guztiak.

Ederrak behinolako ametsak

alkoholaren eta tabakorriaren ke artean

guztiz inoiz hondoratuko ez diren

txalupa birrinduen antzera.

 

Ehiza eta nekea
Igor Estankona

Kutxa, 2004