|
Ehiza eta nekea
SUSTRUKUAREN AZPIAN ZAIN DAGO
Eguzkiaren aberastasunaren azpian zain dago.
Euriak lau haizeetara zabaldutako txanponen artean,
sustrukuaren azpian, zain dago.
«Menditik behera otsoa baletor» pentsatu du,
«ni gizakia naiz, bera neguko sutondoetan
asmatutako istorioa.
Ni gizakia naiz, bera artaldeetan hazitako
aho erraldoi odoleztatua».
Sustrukuaren azpian zain dago,
eta hotzikara batek hartu dizkio sorbaldak
menderatutako otsoaren pisua amestu duenean.
«Menditik behera otsoa baletor
ni edo bera izango litzateke, bata edo bestea».
Menderatutako otsoaren pisua senti dezake.
Herrira irabazle itzuli gura luke.
«Arima ustelduen aho erraldoia,
etxaldeei su ematen dien izaki bakartia,
bele-taldeen ugazaba...
nik hilko zaitut».
Baina arima ustelduen aho erraldoia
eta etxaldeei su ematen dien izaki bakartia
eta bele-taldeen ugazaba
agertu denean,
bera gizakia dela! soilik oihukatu ahal izan du
landetan arrastorik uzten ez duen
sustrukua bezala desagertu baino
momentu bat lehenago.
Ehiza eta nekea |