Ehiza eta nekea
Igor Estankona

Kutxa, 2004

 

 

HAU DA OSPITALEA

 

Hau da ospitalea: zure ohea,

zure orduak ematen dituen erlojuaren kanpaia,

maite dituzunen ahotsa sukaldean

eta txirri-txirriak irabiatzen dituen abuztuko bero itoa

behatzetako hotzarekin kontrastean,

errekan izotzezko karramarroak harrapatzen

igaro zenuen haurtzarotik

itzuli berria bazina bezala.

Eta sukarraren erdian

zabal-zabalik dagoen leihorantz burua biratzean,

abuztuko gau ito ilargi-bakarrean

txori erraldoi baten gisara esekita,

ezerezaren museoari utzi diozun

bizitzaren tapiz erraldoia dakusazu.

 

Hizkuntza guztiak ulertzen dituzu orain,

eta ez diozu inori deitu nahi,

arina zara beharrizanaren labana bezala,

itsu geratzen ari zara, eta beldurrak okotzeko adurra

garbitzen dizu amultsuki.

Eta gurago duzu hominido soil batena den

zure adimenaren barrunbeetan dirdiratzen duten

otsoen uluen artean zuk ere ulu egin.

 

Ehiza eta nekea
Igor Estankona

Kutxa, 2004