|
Ehiza eta nekea
ARGAZKI MUGIKORRA
Hogeita bi urterekin
harro kobratzen zituen
laurogeita hamarmila pezetak
kobratzen ditu oraindik
egutegia, mahaia, aulkia
ordenagailua
eta berearen antzeko beste mila leihotara
ematen duen leiho bat baino ez dituen bulegoan.
Iluntzero astitsu ibiltzen ditu
hiriko kaleak etxera bidean
eta noizean behin,
paparra estutzen dion desira
jasanezina zaionean,
betiko amoranteari bisita egiten dio.
Bezeroren batekin badago ez,
baina bestela, gauak zati labur bat
eurentzat bientzat libre opatzen badie,
burdela utzi eta hotel batera joan ohi dira
elkar laztantzera, zoriontsu eta leun,
erlijio berri bateko lehen jarraitzaileak
balira legez,
eta gero ohean etzaten dira
gurutziltzaketak utzitako
zauriak miresten.
Ehiza eta nekea |