|
Ehiza eta nekea
PAGANOAK ULERTU DU
Orratzekin finkatu gura nituzke Arabako lautadak
autoan goazen bitartean, zeru apurkorrean ametsak ereinez
eta iluntzeko argi bakoitza edo paisaiaren uhindura leun bat
edo nire eskua zure ahoaren labea desiratuz,
edozein gauza, edozein, izan daiteke gakoa.
Ibilian dabilen eta ihes egiten digun
erdigune aldakorra, non da orain?
Zeren erdian dago bertutea?
Dena mugitzen ari da
eta gu ere burdinezko krisalida likatsu baten antzera
zahartzen ari gara auto barruan,
eta nire buruari esaten diot
nola den posible, nola daitekeen
hain ezdeusa izanik dena
hain garrantzitsua izatea zu niretzat.
Ehiza eta nekea |