|
Ehiza eta nekea
ARGITASUNAK
Lotsaren txori-habia desegin ahala
farolen argiek malko epelak isuri zituzten
argizaria eman berri zioten galtzadaren gainera
eta agurren zapiak airean izoztu ziren bat-batean
eta santuak zekartzan patera
olatu artean apurtu zen erromeruaren lorea bezala
erle erraldoi batek ukitzean.
jakintzaren musika jo zuen,
teatroko hormaren kontra pausatuta,
musika eskolatik bota zuten txistulariak
eta buhameek txalo egin zioten
inork baino hobeto atxiki zuelako
bere noten sarean udaberriaren alu eztia.
Nire burezurra luzatu egin zen,
ez nintzen autobusean kabitzen
eta bide bazterretik etxera oinez nindoan bitartean
freskagarrien latak odolezko barraskiloekin nahastuz,
eguzkia ikusi nuen keinu lizunak egiten zizkidala.
Haurtzaroa bezalako eskaleak zetozen
eskuekin larru hutsean oratutako hartzekin
eta emagalduek —zeinen hitz itsusia,
zelango paradoxa— bidea erakusten zieten
pintore ameslariak amestutako
udaberriko koadroetan barrena.
Goiz ederra zen, zertan esanik ez dago,
betileak erortzen ziren teilen gainera
milaka kilometrotako bidea ibili ondoren
haizearen trikimakoetan igota.
Zorteak barre egin zigun behingoagatik,
behingoagatik topeka ibiltzeari utzi zioten akerrek
eta ezpatek, tregoa labur baten ostean,
odol zoriontsua dastatu zuten berriro.
Goiz ederrean, goiz mozkortian,
inarmoniaren aingeruek zaindutako goizean,
agure bakarti batek bere errautsak saldu zizkien
Txinatik ekarritako polen gozo eske etorri zitzaizkienei,
eta mendiaren tontorreko haitz artean
bikote umezurtz bat ezkondu egin zen.
Zubitik esekitako huntzak
ura ikutu zuen, egundo lehenengoz,
idizaina handik igarotzen ari zen momentu zehatzean.
jendeak elkar agurtzen zuen erakutsi nahirik jende ona zela
eta eguneroko lan berriak eta gaueroko dantza basatiak
lasaitzen zuela,
eta hain nengoen harriturik guztiaz Eucarisi galdetu bainion,
eta Eucarisek esan zidan
azken judizioa zela
eta absolbituak izan ginela.
Ehiza eta nekea |