|
Ehiza eta nekea
ITSASADARREKO HIRIA
Hiriaren zulo beltz distiratsura
bihurka jaisten den bidetik goaz,
batzuk autoan, bestetzuk autobusetan,
banan-banan, atzeko argiekin ohartaraziz
prozesio luzeari, luzeari,
erritmoa moteldu eta azkartzeko,
moteldu eta azkartzeko.
Eraikinen beso arterantz daroagu
gure gorputzaren pisua,
gure kendu bako logura hau, etengabe.
Elur mataza lodiak erortzen dira
semaforoan geldi
leiho paretik igarotzen zaizkidanen
begi likidoetan.
Dendetatik sartu eta irten dabiltza,
tabernetatik sartu eta irten dabiltza,
salmahaietan jantziak nahaspilatuta uzten dituzte
eta egurrezko barrak ardoz lohituta,
eta erreka bazterreko banku batean bikote bat dago,
askietsita bezala, beteta bezala,
neskak zurtuta eusten diolarik beso artean
mutil lagunaren abandonuari.
Ehiza eta nekea |