|
Ehiza eta nekea
UDAKO ZAPARRADA
Aterri dagoen arren
bigarren euri barren bat ariko da
zati batean, zuhaitzetan,
hostorik hosto,
eta bele beltz bat pausatuko da
landa moztu berriaren erdian,
zabaleraren erdigune bakar.
Apurka apurka,
zure baitan bilduko zara
eta zure gogoetan bakartu.
Apurka apurka,
mahaikideak iritsiko dira
—duda, errukia, oroimina—
eta bihotzaren paperezko atea joko dizute.
Mahaikideak, bai, gonbidatu ez dituzun
mahaikideak iritsiko dira
zuk prestatutakoa jatera
eta zuk betetako edalontzietatik edatera.
Banan banan mahaikideak iritsiko dira
—arrangura, poztasuna, nahasmena—
eta, pistola gerrian,
eurekin dantzan egiteko eskatuko dizute.
Ehiza eta nekea |