|
Ehiza eta nekea
IGARLEA
Adar bat mugitu da
baina munduak espero zuen txoria ez dago,
lainoak etorri dira
baina lurrak desira duen euririk ez du egin,
euli bat jausi da
baina lakuak izkutatzen duen arraina ez da azaleratu.
Honela itxaroten zaitut nik
era guztietako kalkuluak eginez.
Musika entzuten da
baina areto hutsean ez dago dantzaririk,
lurrin gozo bat dabil
baina sagarrondoak ez daude loran,
emakumeekin oheratu naiz
baina bihotzak gordetzen duen irudia ez da desegin.
Honela itxaroten zaitut nik
era guztietako seinaleetan bilatuz.
Ehiza eta nekea |