|
Ehiza eta nekea
ARRAINEK GORANTZIAK EMAN DIZKIDATE
Erdi itota lehorreratu naiz hondartzan,
lehen sorospenak behar ditut,
zure ilea eta nire bizar etsitua elkar korapilatuta,
damu naiz,
zure hil-jantzia zipristintzen dut
nire adurraren tanta gorriekin.
Zertaz hitz egin gura duzu?
Itsasoan galdutakoek beti dute zer kontatu,
udaberria ikusi dut segundu batez
hausterrezko zeruaren azpian loratzen,
leuntasun hori deskriba diezazuket nahi baduzu.
Salbatu egin behar nauzu, onik
atera behar dut nire biriki lakuz beteetatik.
Zuretzat keinu bat baino ez dena niretzat miraria da,
ahoz ahokoa egin behar didazu,
damu naiz,
zure hil jantzia zipristindu dut
nire adurraren tanta gorriekin.
Arindu,
bigundu,
gozatu,
eztitu itzazu
nire biriki lakuz beteak,
bizirik atera behar nauzu malenkonia honetatik,
zuretzat keinu bat baino ez dena niretzat miraria da.
Ehiza eta nekea |