Ehiza eta nekea
Igor Estankona

Kutxa, 2004

 

 

TOPOLOGIA

 

«Leku bat zara» esan zidan

sofan uzkurturik, burua

itsasoak ekarritako esaldi baten antzera

nire altzoan urtzen uzten zuen bitartean.

«Leku bat naiz» pentsatu nuen,

eta zu ere leku bat zara niretzat.

Gure lagunak ere leku desberdinak dira,

kalean topatzen ditugunak lekuak dira.

Agurtzen gaituena, agurra ukatzen diguna,

berak gu ezagututa ezagutzen ez duguna,

telebistako aurkezlea, begi berdedun umea,

ortuan lanean ari dena urrezko kanpaiaren bila...

leku bana da mundu guztia, finean.

 

jende horien guztien iritzietatik,

jaketako botoietatik, lepoko zaurietatik,

iluntasun guztizkoetatik, haginetatik,

ideialetatik, irabazte eta galtzeetatik,

poztasunezko itsasoetatik,

nongoak diren salatzen duen berbakunetik...

usna dezakegu nor garen.

Beraiengandik urrun edo hurbil gauden neurtuz

kalkulatzen dugu zein den gure lekua

espazio ilun eta korapilatsu honetan.

 

Ehiza eta nekea
Igor Estankona

Kutxa, 2004