Ehiza eta nekea
Igor Estankona

Kutxa, 2004

 

 

OH BROTHER!

 

Ezagun da udagoiena dela:

ustel usaina, logura usaina somatzen da.

Irailaren hogeita hamarreko tximeleta lehorra bezala

ibaian behera goaz ezinbestean, berriro.

 

Aterik ate gabiltza,

giltzekin ametsetan ari den presoa bezala.

Momentu labur batez

ametsek nahastu egin gaituzte

eta kale jendetsua zapaltzera

irten garela sinistu dugu.

Gero ibaian behera goaz ezinbestean, berriro.

 

Ibaian behera goaz ezinbestean,

harriak zorrotzak dira, putzuak lasaiak.

Bazterreko zuhaitzen sustraiei helduta

egon gintezke momentu batez,

korronteak dantzarazten dituen

plastiko zaharren artean.

Gero ibaian behera goaz ezinbestean, berriro.

 

Ehiza eta nekea
Igor Estankona

Kutxa, 2004