|
Ehiza eta nekea
UDAGOIENEKO LORRATZA
Ilargia arrankari baten azal gainean,
ibaiaren hondoko harri artean,
eta ur labaina esnea bezala
urjauzirik urjauzi.
Bazterrean hiru gizonen arropak daude
meta bat eginda behe-lainotan.
Noizbehinka intxaur bat erortzen da
eta erorkeran
karraskari baten zarata ateratzen du.
Noizbehinka zuhaitz adarren zurrumurrua
entzuten da, txakur urrunen zaunka,
edo auzuneko portaleetako argien berbaroa.
Zuhaitzen adarren irudi lausoa
uretara erori eta usteldu egiten da.
Haizeak paparra doi-doi bustitzen du bertan.
Ilargia arrankari baten azal gainean
ibaiaren hondoko harri artean,
bazterrean hiru gizonen arropak daude
meta bat eginda behe-lainotan.
Euren biluztasunean badakite
fantasia hutsa dela ikuspen honetatik,
gauaren magaleko izaki eta gauza guztiengandik
jasotzen duten laztan eta harridura.
Noski fantasia dela
bainulariek sentitzen dutena.
Baina ur labainek diotena ulertu barik ere,
gozatu egiten dute
urjauzirik urjauzi.
Ilargia arrankari baten azal gainean
ibaiaren hondoko harri artean,
bazterrean hiru gizonen arropak daude
meta bat eginda behe-lainotan.
Ehiza eta nekea |