|
Ehiza eta nekea
MINUTU BAT ZURETZAT
Zuk, abeslaria asesinatu duzun horrek,
momentu bakoitza arrakastaz igaro behar den
inbutu distiratsu bat dela sinisten duzun horrek,
zuk, leihoan zauden horrek seme-alabak noiz itzuliko
bidaltzen dituzula uste duzun leku
izugarri horretatik,
zuk, poesiaren hegal negartiak larrosa bat ureztatzearekin
nahasten dituzun emakume ezin ederrago horrek,
ez al duzu uste heriotza eragiteko moduko garaiera duela
inoiz bisitatuko ez duzun koloradoko haitzarte gorriak?
Zuk, bere sorbaldan aurkitzen duzun horrek
sosegu apur bakarra, eta segurtasunak soilik ematen dizun
sosegu hautsontzi bat bezain mikatz horri
zoriona deitzen ikasi duzun horrek,
zuk, berberak, ez al duzu uste ordua dela muino freskoetako
garoa zapal dezazun?
Zuk, balkoiko kordelak izarak eusten dituen besteko graziaz
eta itxura bateko erraztasunaz
sostengatzen dituzun horrek inguratzen zaituzten guztien
okotzetako adurrak, arimetako zulo pisutsuak eta
estimetako mamu gaseosoak,
zuk, isiltasuna arma bizigarri bat bihurtzeraino zorroztu duzun
belusezko zorroztarri horrek,
monumentu bat behar lukeena hiririk urruneneko
parkerik izkutueneko azken xenda bihurrean gauez,
zuk, bai, zuk, ez al duzu uste burua ez dela konejuaren
edo lebatzaren alderdirik gozoena?
Zuk, alfonbra ohore eroriaren orbain hermafroditetatik
izukaitz libratu izan duzun horrek,
etxean argia doanean
zure kontzientziaren azken dirdaiarekin
sakontasun abisaletara jaistea
eragotzi ezin duen horrek,
zuk, belaunaldi guztien uztarria zeneraman bitartean
zure belaunaldiak umeen abizenetan bilduta
abandonatu behar izan dituzun horrek,
inoiz pentsatu al duzu urrietako zein putzutan erori zitzaizun
gida zaitzan alboan behar zenukeen
eta zure aurretik emakume izan zen
behi beltz erraldoi haren irudia?
Ehiza eta nekea |