www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. José Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

ZUGATZAK

 

                Bilboko «Centro Vasco» deritxon laguntegiari.

 

Domekea zan, eguraldiak

Eukan arpegi ederra,

Ta Eguzkiak barreka egin

Eban goixetik urteera;

Geratu baga mendi gañean

Joian goruntza aurrera,

Eta ni barriz aldatsa bera

Jatsiaz kale aldera;

Lenen lenengo mezea albazan

Eleixan jaritxitera,

Nai nebalako albait lasterren

Biurtutea etxera.

 

Meza amaituta, beste erregu

Batzuek egindakoan,

Etxera eldu nintzanerako

Gosaria prest egoan;

Bera jatean pipa motxagaz

Ketuten banierduan,

Eta bertatik gogoraziño

Au sortu jatan buruan,

Aspalditxoan enabalako

Jirarik egin basuan,

Geure zugatzai bear neutsela

Ikusi bat eiñ orduan.

 

Gora ta bera nekatutean,

Aretx zar baten azpian

Etzan nintzan da, adar me baten

Txori bat jarten jat goian;

Loak bertatik eldu eustan da,

Ames bat orduterdian

Egiñagaz ni an egon nintzan,

Pozez atsegiñ andian;

Edo obeto esate arren

An egon nintzan glorian,

Alako orduterdirik ez dot

Gozau nik neure bizian.

 

Egaztitxo ak bota ebazan

Bertsoak geure legera,

Gure aldean baña oso leun

Aingeru baten antzera,

Eta euskeraz zelan ak esan

Egin zituen gañera,

Eretxi jatan, gure albistari

Euskaldun garbi batera

Bialdutea, eta orra or

Alde batetik bestera,

Irakurteko zelan zan kantu

Txoritxo polit arena.

 

«Txoria naz ta, ni kantetako

Etorria naz mundura,

Eta kantari albait onena

Gaur neuke izan nik gura;

Kantetea oi dalako txopri

Guztien egikizuna,

Kantetea bai, dalako bere

Gure atsegintasuna,

Kantuan atzo lorak eregi

Nik banebazan zerura,

Gaurko kantuan goratu nai dot

Zugatzen anditasuna.

 

»Zugatzak gaitik gauza andiak

Kantuz leitekez aitatu,

Euren gañean zerren gei asko

Aurkitzen dan zer autortu;

Paridisuan lenengo eta,

Gero Golgotan oartu,

Egin ezkero, nori etxako

Barrua egiten samurtu?

Eta azkenez Euskalerrian

Gernikan zanaz gertatu,

Nori etxakoz negarrez emen

Begiak eiten gorritu?

 

»Ernetan diran landara artean,

Zugatza geien da azten,

Eta keriza ederra bere

Eurok deutsue botaten,

Ta ikustean gozau dagien

Dana gizonai eskinten,

Ta ikustean ainbeste tantaik

Buruz odeiai ikutzen,

Eta azkenez ikusitean,

Goiak ta beiak apaintzen,

Oneik daukezan ondasunakaz,

Nor ez da mirarituten?

 

»Itzik ez dabe, baña begira

Euren onbide andia,

Egilleari berdetasunaz

Emoten deutsen gloria,

Baita oi dabe adierazo

Gizona dala txikia,

Aurreratuaz bera doiala

Naiz izan egi andia,

Zerren jaritxi ez dan egingo

Beraren jakituria,

Egiteraño iñoz orri bat

Aiñ gauz ezerez gitxia.

 

»Baita zugatzak agertzen dabe

Zurrunbilloen artean,

Iraupenaren doe ederra

Gizon askoren aldean;

Zer gertetan da bada gizonaz

Sarri askotan lurrean,

Andik emendik aixe gaiztoak

Esetsi eta jotean?

Zugatz sendoak iraunagaitik

Euren lenengo oiñean,

Zeinbat alditan besteak jausten

Diran etsaien mendean!

 

»Au gaitik Jaunak gero zugatzai

Leialtasun aiñ ederra,

Sarituteko bialtzen deutse

Iparrik eztitsuena;

Bere arnasa me ta leunean

Ze poza orritxoena!

Dantzan dabiltzan gaztetxo batzuk

Biziro dirudiela!

Eta gizona aurkitutean

Gaur zu zagozan antzera,

Pozgarri ez da euren zarata

Aixetan eiten dabena?

 

»Maitetuten dauz Zugatzgilleak

Bere zugatzak munduan,

Euriaz ase ase eginda,

Egarri diran orduan;

Zelan guraso onak daukazan

Beti umeak goguan,

Arek zerutik zainduten ditu

Udan legetxe neguan;

Orrexegaitik irauten dabe

Matusalenen taiuan,

Askok sendaro gizaldietan

Jaio zirean lekuan.

 

»Maitetu-izue, o! euskaldunak!

Landara danen Errege,

Berak egiten deutsuelako

Ezin kontala mesede;

Zeinbat lan andi egiten dirau

Zugatzaz badakizue?

Zeinbaten ale gozo gozoak

Sabelak egiten bete,

Askoren suster-lorak osatu

Eiten badabez ainbeste

Zugatzen etsai benturaz iñor

Lurrean izan leiteke?

 

»Bai, antxiñako zuen asabak

Zugatza eben maitetzen,

Ardura on bat eurai eukirik

Geituaz joan zeitezen;

Eta euskaldun lege zar batek

Au gaitik eban agintzen,

Landarak beti ipinteko bi,

Zugatz bat bazan botaten,

Ondasun asko zugatzetatik

Ebezelako jaristen,

Bear gitxigaz dirututeko

Ze asmo ona ekarreen!

 

»Eta azkenez Gernikan bere

Dozue Aretx gaztea,

Aita igartu baño lenago

Jarriagaitik semea;

Gorde egizue alantxe beti

Zeuen asaben legea,

Gurasoa ill baño lenago

Jarrita ordeko berea,

Izan daitean Euskalerria

Oitura onen jaubea,

Zugatz bategaz zalako izan

Dontsutasunez betea.

 

»Bai, Gernikako zugatz atantxe

Nik bere daukat abia,

Zerren jatorriz nazan txori bat

Euskaldun garbi garbia;

Banaz bere ni egazti gisan

Zugatzen maitelaria,

Gernikakoan baña, nik daukat

Neure gloria guztia,

Dakarrelako eunkietako

Aitak legetxe bizia,

Bere besanga-pean artzeko

Kerizpez Euskalerria».

 

            * * *

 

Orreixek dira amesetan nik

Entzun nebazan bertsuak,

Ezti eztitan an nindukala

Ipar aixetxo gozuak;

Ikutu baga Eguzkiaren

Errañu zorrotz mintsuak,

Baña itzartu ninduanean

Izpiaz erlabioak,

Bertatik pipa motxa sututa

Ausnartu entzunikoak,

Egin nebazan buruan oso

Geratu arte sartuak.

 

Jarraitu daigun neure anaiak

Euskaldun zarren legean,

Barri bi jarri zugatz zarren bat

Bere oñetik kentzean;

Jarraitu daigun baita zintzoro

Beti asaben fedean,

Iraunik zutik zaill eta gogor

Aise biurren artean,

Iraupenaren sari ederraz

Zugatz sendoen antzean,

Bizi gaitezen Asabak legez,

Oraiñdik geure lurrean.

 

aurrekoa hurrengoa