|
HOMERO EUSKALDUNA
Gipuzkoako euskeran
Iparragirreri kanta
Ene adiskide on Federiko Baraibarkoari
Jaso nai nuke kantatzalle bat,
Mendiok baño gorago,
Jaso nai nuke albanezake
Odeiez ere arago,
Illargitikan Eguzkiraño
Andik izarretaraño,
Izarretara jaso dezadan
Almena baña, non dago,
Egorik gabe nere buru au
Jaso ezinda banago?
Izarretara jaso dezadan
Betor andikan almena,
Goragotikan grazia, etorki
Eta doairik onena;
Betor zerutik mingañ eztitsu,
Legun bat aingeruena,
Arek gaur artu dezan gloria
Irabazita duena,
Dalako bera euskaldunetan
Neretzat euskaldunena.
Euskaldunetan euskaldunena
Kantatutzeko lur oni,
Mundu bietan euskaldunena
Kantatzen Eukera Amari,
Orregatikan zorretan gaude
Euskaldun danok berari,
Koroi eder bat antolatzeko
Euskaldun umant zanari,
Urez anditik, zeñ da emendik
Ain ospatsua danari.
Guri konsejo onak ematen
Bera zan euskaldunena,
Ark esan zuen batzar danetan
Eiteko gure izkera;
Eta biziko gerala emen
Pakez, garbiro onela,
Ots egiñikan lotsagaberik
Bizi dedilla Euskera,
Nork uste zuen au dala Jaunak
Zerutik jetxi duena.
Nola berari onrau zor zaion
Abiatzen naiz onratzen,
Zeren gitarra zartxo batekin
Zuen poztu, naiz tristetzen,
Zeren estutu, zeren lasaitu,
Arek zekien egiten,
Itxasoko urak diran erara
Apaldu zeñ da jaikitzen,
Modu berean gure biotzak
Zituela ill ta piztutzen.
Argatik Jaunak zabaldu zion
Laster izena Frantzian,
Ingelaterran, Alemanian,
Orobat ere Italian,
Beldurra nola ipiñi zuen
Ementxe gure Españian,
Erbestu zan eragotzita
Bizitzen Euskal-errian,
Gero ogei bat urte egin zuen
Lurraren beste alderdian.
Ara baño len utzi zizkigun
Jarrita kantak ugari,
Beren artean samurrena bat
Adio Euskal-erriari,
Beste kanta bat eder ederra
Aizkibel jakintsuari,
Oraindik berriz ederrago bat
Jarria Aritz zarrari,
Zeñek emanten dion gloria
Andi bat Euskal-lurrari.
Au dat kanta bat, mundu guztian
Zabaldu dana nai nora,
Kanta aiñ bikaiñ, aiñ ospatsu au,
Etzaigu ilko iñola,
Zeruko argiz Joxe Mariri
Uste det jetxi zaiola,
Homerok ere etzuelako
Jasoko obeki arbola,
Apolok ere beste kanturik
Noiz altxatu du aiñ gora?
Kanta dezagun batzar danetan
Kanta aiñ paregabea,
Kanta dezagun adoratuaz
Arbola santu gurea,
Kanta dezagun bera degula
Loirik gabeko lorea,
Gogoraturik itz orietan
Iparragirre trebea,
Zergatik berak kantatu zuen
Biztzeko gure fedea.
O! zeiñ ederki biltzen gaituan
Aritz zarraren oñean,
Lau probintziok anaiaturik
Batzen an erramapean,
Irme ta sendo elkarturikan
Laurok korapill batean,
Laurokin lazo bat egiñikan
Fuerodun izan gaitean,
Goza ditzagun zorion danak
Guraso zarren legean.
O! zenbat bider Madrillen bertan
Entzun izan zan kant ori,
Euskal uriak adi zioten
Asmatzalle ez illkorrari,
Errietako konsejuetan
Askok ikasi berari,
Duda gaberik euskaldunetan
Kanturik onen dirudi,
Joseri baño nik enioke
Deituko errege iñori.
Orregatikan eo dezagun
Koroi bat artearekin,
Lau probintziok gaur dizaiogun
Jantzi burua berakin,
Molda dezagun, molda bertatik,
Molda alegin danakin,
Ez urre, ez perlaz, ez diamantez,
Ezpada obearekin,
Diña dalako, iñor bada diñ
Jazteko ostoarekin.
Aritz ostoz bai, jantzi dezagun
Euskaldun orren argia,
Arbola ostoz ornitu ari
Kopeta zabal garbia;
Utsik Arbola ostoz apaindu
Iparragirre andia,
Arbolarekin betiro bizi
Dakigun Jose Maria,
Arturikan gaur anaiok gandik
Ilko etzaion saria.
Bizi zaitea Iparragirre,
Ortxe Parnaso mendian,
Zergatik musen maitetzallea
Ziñan bizitzan zu beian,
Apolok zauzka euskal kantari
Danen guztien erdian,
Deitu dakizun zuri Homero
Zerorren jaioterrian,
Naikunde ori erabilli det
Iya aspaldi guztian.
Deitu bekizu, deitu euskaldun
Bertsolarien izarra,
Deitu bekizu ajola gabe
Maisua jotzen gitarra,
Zortziko soñu onak asmatzen
Zera danoen azkarra,
Kantatutzeko eztarririkan
Geien daukazu indarra,
Gañera zera eztitasunez
Erretxinola bakarra.
Beste Joserik ez dakust ez nik
Nere gidari zu zera,
Jaurtigi-dazu zure txinpart bat,
Jargoi ortatik lurrera,
Lagun zadazu Parnasotikan
Izaten zure antzera,
Jaso dezadan izkuntza zar au
Izkuntz berrien gañera,
Berau dalako geienen ama
Nere laztan dan Euskera.
|
|