www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. José Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

ERIOTZEA

 

                Laburrak dira gizonaren egunak,

                Zuk daukazu zenbaturik

                bere illabeteen lumeroa.

                        (Job. XIV kap-an)

 

Ikusiten dot, nik eguzkitan nabillanean,

Neugaz batera, doiala neure kerizea;

Nondik igaro, egiñ dan baña, keriza ori,

Ez da gertatu markarik iñoz ikustea.

 

Tximiniatik ikusi oi dot boladan keia,

Zelan lenengo indar aundiaz dan urteten;

Baña puska bat igo orduko ezer ezera,

Edo utsera dala guztia biurtuten.

 

Kandelatxo bat, bere dakust nik ixiotzean,

Gela bat zabal, izana gaitik argituten;

Eta arnasa batek zelan jo, beingo batean,

Kandela itsu, eta gelea illun jarten.

 

Eta azkenez, ontzia dakust uren gañetik,

Iragotean zelan arraia daben isten;

Baita bertatik, urak leunduta arraia ori,

Ezertxo izan ez balitz legez geldituten.

 

Modu berean edo antzera, ez da gertatzen,

Gure biziak ontzi bat legez ez dirudi?

Ill zan askoren markarik emen luzarorako,

Non ikusten da? non billatuten? non agiri?

 

Zer jazoten da gorputzak daukan al izateaz?

Ilten danean osoro ez da akabetan?

Kandelatxo bat aixe puskatek jotean legez,

Gatx txiki batek ez dau guztia amatetan?

 

Bestelan, zer da nire Anjelaz gertatu dana?

Bere oñatzak ez doaz desa-gertutera?

Ke moltsotxo bat, desegin oi dan legetxe bardin,

Ezer ezean ez doa dana geratzera?

 

Nire emazte izan zanagaz, badakit ondo,

Iya ez dala gaur battxo bere gomutetan;

Kerizearen antzera bardin, bere izatea,

Lur onetatik irago eta, bai, aztu zan!

 

Ni neu bakarrik, zuzenduten naz bere obira,

Neuri bakarrik, gogotik etxat aldenduten;

Nik neuk errezan egiñagaitik bere alboan,

Ai! arek baña, berbarik ez deust eranzuten.

 

Zer da gaur berak arturik daukan ixilltasuna?

Zergaitik ez dau mizti bat bere bada egiten?

Zergaitik dago ipiñi eben lekuan geldi,

Oetik zana goix guztietan len jagiten?

 

Ze sentimentu ete dau oraiñ artu nigaitik?

Zergaitik nire berbai ez deutse jaramoten?

Iñoz tristerik, eta muturik nengoanean,

Berba eustanak nai eta nai ez eragiten?

 

Zelako loa ete da bera artu dabena?

Iya ainbeste illabetetan irauteko?

Bederatzi ta egunak bere irago arren,

Esnatuteko señale baga jarraitzeko?

 

O! ze gogor ta ze otso-biotz Eriotzea!

Azan, jarteko orrelan nire emaztea;

Zergaitik eutsan ik orri aren goixetik kendu,

Niretzat falta egiten eutsan bizitzea?

 

I, gaitik jagok taiu tristera gaur etorrita,

I, gaitik mamin guztiak iya usteldurik;

Azurrok bere denporaz igar jarriko dozak,

Gero austuta lurragaz danak bat egiñik.

 

Agura zital arriak baño arriagoa!

Abelegandik asi intzana gerra gintzan;

Noz aspertuta, gogait egiñik itxiko deutsak,

Eu noz illgo az, ill baga bizi gu gaitezan?

 

A! bajakiat i, ez azala sekula illgo,

Iñor bizirik munduan badok aurkietan;

Arboletatik orriak bera datozan legez,

Zelan jausiko garean ire sareetan.

 

Danok guztiok, bear juagu txiki ta andi,

Aita Santua, naiz Erregea izan arren;

Naiz jakituna, zein ezjakiña, eder ta ezaiñ,

Ire atzamar zorrotzetara danok emen.

 

Ez dago emen danoentzako, bide bat baño,

Ez da izan ta besterik bere ez izango;

Asmo barriak atera arren gizonak asko,

Illtetik zelan librau ez dabe aterako.

 

Asmau begie ibillitea uren barrutik;

Asmau begie zelan ibilli iya aidean;

Baña, ez dabe iñoz asmauko zelan bizia,

Gorde eragin gura dan arte gorputzean.

 

Jaiotea da utsik naikoa, eta guraiña,

Eriotzeak euki dagian laster nor ill;

Zuzi sutuak nai badau beti argiten bizi,

Itsu zoro ta buru bagea legez dabill.

 

Mendietako errekatxorik ez da gelditzen,

Itxasoaren kolkoan sartu arteraño;

Jaiorik bere ez da gelditu, ez geldituko,

Lurrera jausi egin bagarik egundaño.

 

Arriak beruntz egiten dabe garaietatik,

Lurrunak doaz zakonetatik zerurantza;

Eta gizonak sortuagaz bat abietan da,

Nai eta nai ez bere azken ta amairantza.

 

Eriotzea! eriotzea! danen azkena,

Eriotzeak, irunsten gaitu danak bardiñ;

Errazago da legoetzar bat birrindutea,

Eriotzatik librau baño, ta iges egiñ.

 

aurrekoa hurrengoa