www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. José Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

ANJELA

 

                Beati mortui, qui in Domino moriuntur.

                Zorionekoak, Jaunagan ilten direan illak.

                        (Apokalipsian, XIV kapan, 13en bers)

 

Ez dot tintarik edo ur baltzik bapere bear,

Begietatik odola darit gaur naikoa;

Utsik bear dot paper illun ta baita luma bat,

Labañearen aldean ondo zorroztua.

 

Guztiz biziro gaur eskrisbidu dagiztan berak

Garbiro nire barruan dana iragoten;

Nire damu au zelakoa dan mundu guztian,

Malko gorriaz ipiñi eta leidu daiten.

 

Sabel au daukat laba bat legez gori goritan,

Garrak kanpora urten nai eta eziñ urten,

Ok egiten deust eztarrian ta larriak legez,

Suzko boladak asi bearko dot botaten.

 

Urten zaiteze nire agotik suzko errekak,

Urten zaiteze estuen estuz enadin ill,

Urten zaiteze kolkoan zuek zaituedala,

Ito gura, ta ito eziñik, ai, gaur nabill!

 

Urten zaiteze zuen beroak zegaitik naukan,

Topin bat legez gar-gar-gar oso irakiten;

Alan basoan, zelan etxean, aiñ gitxi oian,

Atseden piskat gozetan bere ez deust isten.

 

Asteak doaz, asteak datoz; baña su onek,

Garren indarrik apurrik bere ez deust galtzen;

Iya mamiñok ezer eztu ta unetaraño,

Asirik daukat kiskaltzen naben gar au sartzen.

 

O! amodio benetakoa ze desbardiñak,

Direan zure aiñ egitada zurgarriak!

Len postu eta, oraiñ tristetu egiten nozu,

Zelan al dozuz nigan kontrako gauza biak?

 

Gauza bi oneik eragiñ deustaz amodioak,

Azur usturik jarririk nauka igartua,

Jarririk nauka anka bakar bat oi dan erara,

Nai eta nai ez bear dodala makulua.

 

Jarririk nauka soldau eridu baten antzera,

Iñor bagarik leku urriñean non topauko

Ongillaren bat, eta dei triste oneik entzunda

Nortxo bait etxat errukiturik azalduko?

 

Iñondik bere ez sa izango nire zauri au,

Kurauko deustan biotz onen bat agertua?

Ai! ez ete jat norbait onuntza urreratuko,

Jagiko banaz luzatutera bere eskua?

 

Sorura zelai adore baga jausia nago,

Nire lagunak bakarrik dira naibageak;

Nire etxeko zurkuluetan ez da besterik,

Lenago berau zer izaten zan señaleak.

 

Non da an argi egiten eban izar bizia?

Gaurko argi-gei danen aldean eguzkia?

Ogei eta bat urtean pasau amatau baga,

Bere garragaz ni argitzeko zan zuzia?

 

Non da beraren arpegi eder errañutsua?

Non da ak niri egiten eustan abegia?

Non aren txera, ongi-etorri ta ago gozoa,

Eztia baño jausten etxakon iturria?

 

Non da gureko egazti zuri ego-zabala?

Txitatxo biak euren barruan gordetako?

Non ama samur, eta apatza bere aingeru,

Biak altzoan bere artean estutzeko?

 

Zer da gaur gure ezkaratz edo su ingurua?

Kantu barriak egiten ziran tokitxua?

Nora biurtu jaku kaiola euskerazko au?

Zelan jarri da aiñ basamortu mututua?

 

Non da bertako arbola eder besangatsua?

Kerizpetuten ebana bere etxadia?

Zeñek girotu egingo gaitu uda errean,

Garretan jagi egiten bada eguzkia?

 

Non da arako karidade dun andra andia?

Gazte pobre ta billox tristeak jantziteko?

Zelan itxi dauz gaur emen bere zatiak deslai,

Len besterenak izaten zanak jasoteko?

 

O! zeinbat ume zurtzek beragan euken ama bat!

Oraiñ bereak aurkitutean ama baga,

Zer diñozue zeru gogorrok, zer diñozue?

Alan saritu nai gaituzue, alan bada?

 

Au da ordaña, au da eskerra? au alogera?

Aingeru baten antzera bizi zanarentzat?

Nor izango da bere lekuan beste aingeru,

Gordetzalla bat bere ume zurtz gaixoentzat?

 

Bakit, Anjela zeruak nai ta zelan egiñ zan,

Jaio Aingeru Goardakoaren egunean;

Bakit, Abade Jaunak eutsala Aingeruaren,

Izenaz deitu, ura burura botatean.

 

Bakit, izen au loitu bagatik ebala gorde,

Egitadakaz ebalako ak erakusten,

Alan ezpada itandu bedi auzo guztian,

Ea zer daben Anjelagaitik eranzuten.

 

Bera izan zan ume denporan pitxi-lora bat,

Lirio zuri niri eskua emotean;

Gero izan zan Aingeru-Goarda gure etxean,

Eriotzeak korañeagaz jo artean.

 

O! zeiñ ederto ak bete eban Aingeru lan au!

Niretzako zan bere betiko ardurea;

Nik ezingo dot lumaz ipiñi norañoko zan,

Bere biotzak niretzat eukan amorea.

 

Bera, izan zan gure etxeko ondragarria,

Bera izan zan ni gordetako gaztelua,

Bera izan zan ekatx mueta guztien kontra,

Buru gañean jarriten jatan ezkudua.

 

Bera, izan zan neu legez arte-eder zalea,

Bera liburu asko ebana irakurten;

Nire lumeak eskribietan ebazan letrak,

Berak zituzan borrau ta asko obetuten.

 

Bera, izan zan egia garbi, kantau nai badot,

Gauza askotan ni zuzentzeko irakasla;

Bera, izan zan tantai bat legez aretx motzetan,

Anjela, andra askotan buruz jaso zana.

 

Agaitik, zeñek osatu leiket bere faltea?

Zeñek ornidu alboan itxi eustan utsa?

Ze garratza dan edan bearra kalizatxo au.

Alako bagarik, ze miñ alarguntza!

 

Nok lagun egiñ leiket urteten troka aiñ zakon,

Sastraka baño besterik ez dan onetatik?

Zegaitik alan largau ninduan neure usoak

Iges egiñik moldau genduan abiatik?

 

O! ez bearra! odeiak kontra jagi jatazan,

Oñaztarri bat gure gelara jaurtigirik;

Negu otzeko gaberdi baten itxi ninduen,

Neure bizitza erdia zana ebagirik.

 

Itxi ninduen mendi zorrotzez inguraturik,

Itxi ninduen atx arte baten txito preso;

Itxi ninduen bide guztiak zarratu eta,

Txarrago dana begietatik itsu oso.

 

Itxi ninduen ontzia ausi ta orratz bagarik,

Itxas asarre amorratuan illunpetan;

Farol bat bere eziñ begiztau iñon nebala,

Ezelan bere Euskal-erriko portuetan.

 

Itxi ninduen narru gorrian lotsaz billoxik,

Itxi ninduen biotz bikotxau bakartua;

Narras, lurrean, lorrinka, larri, garrasi baten,

Eztarri danau jarri artean zarratua.

 

Goiai laguntza eskatutera beartu nintzan,

Baña len bigun jatazan atxok gogorturik;

Sortu, leortu, gortu, dollortu, danak egiñik,

Ai, batek bere ez eustan egin kausiñorik.

 

Izarrai gero poza eskatzen bildurtu nintzan,

Bat jausi eta bertan zapaldu enengian;

Bildurtu nintzan lurrak uts einda bear nebala,

Ondatu bere erraietako sutegian.

 

                        * * *

 

Jauna, enintzan neure Anjelaz betiko batu?

Jauna, eneutsan beretzat emon nik biotza?

Jauna, beragaz bat-bat nintzan ta batera illik

Zelan ez dogu bardin guk igo Zuganuntza?

 

Ausaz enintzan Jauna, ni jaio Anjela legez?

Zu gozetako beti betiko urtietan?

Jausiko naz ni agiñ kurrixken lekuetara...?

Ez ene Jauna, artu naizu zeuk besoetan.

 

Gorde naizu zeuk Jauna, betseiña oi dan erara,

Ezkutau naizu zuk, zeuk zeure beso zabalagaz;

Jarri naizu zuk, zeuk gura dozun orduren baten,

Goiko Errian gozau zaidazan Anjelagaz.

 

Ai! bitartean; baña baneki baso ixill bat,

Bertan egiñik txabola txiki barri baten:

Neure emazte, neure zatia, len zanagaitik;

Negar malkoak utsik edanaz bizi naiten.

 

Antxe bai, pozik emongo neukez ordu osoak

Gogoratuten nik Anjelaren birtuteak;

An bai, egunak emongo neukez irakurriaz,

Itxi eustazan gomutagarri aiñ luzeak!

 

An bai, beraren espirituak ninduke poztu,

Egingo gabaz lotan nagola amesetan;

Agertuagaz edurra baño zuriagorik,

Kontauko leuskit zelan bizi dan zeruetan!

 

aurrekoa hurrengoa