www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. José Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

ANTXIÑAKO DENPORAN

 

                Saritua izan zan Iruñan edo Panplonan 1883an

 

                Urkiolako bentan Abenduko gau ekatx

                andiko baten batu zirean sei bersolariak

 

 

LENENGOA: OLETAKO BIDARI BAT

 

Gaur eldu jaku gau bat, aiñ otz eta tristea,

Odei pillo arreak dabiltzaz batuten,

Gorde dau Illargiak arpegi zurbildua,

Zeruan izartxo bat ez da agertuten.

 

Len erdi entzuten zan aiseen durundua,

Oiz aldetik orra, orra nun datorren,

Troketan jausten diran ur minduak ez dira

Aiene, ta aiene, txilioz ixilltzen.

 

Illen zelaiko zugatz orriak ikaraka

Aiserik bere baga daukazanagana,

Ontz bat uluka joian, zerren bere azpian

Gizonen bat lurpetu ei eben bein bada.

 

Gañera ikusi dot Anbotoruntza egan

Joiala azurruts bat koraña bategaz,

Eta desagertu jat oñeztu bat legetxe,

Norbaiti ekitera uste dot goguaz.

 

Beintzat txakur auziak, Atxin baño gorago

Txabola baten ziran estu ta larriak

Duda bagarik esan nai ebela uste dot,

Nausia ill jakola, aren intziriak.

 

Aise putzak txistuka, pago erramatzarrak

Baibenka darabillez ausi agiñean,

Soñu orreek entzunaz otso bat topau neban

Lotan ta korrozaka baten adarpean.

 

Bidariak ezin lei biderik billatu gaur,

Zerren zeru ta lurrik etxakon agiri,

Bildur ikaraz dabil, lokatz ala arritzan,

Egingo ete daben ankea ipiñi.

 

Bardin sartzen da nartzan, bidetik aldendurik,

Bardin zelaian bere labandurik jausi,

Erreken murmulloa entzun gura leukela,

Nun doian jakite arren dabil barregarri.

 

Tope egin ez daian mugarritzarren baten

Eta bertan ez dedin ill otzik geratu,

Gura leuke odeiak, burrukan egiñagaz,

Oñeztuak baleiez sarri sarri sortu.

 

Mamu bildurgarriak ara ona dabiltzaz,

Arreak, zurbillak ta zuri eta baltzak,

Gaba gabekoentzat, gizonenetzat eguna,

Niretzako ez dira illunezko gauzak.

 

Oraiñ ulu triste bat, oraiñ ixilltasuna,

Oraiñ sunbil bategaz bildurtuten nintzan,

Illak obietatik urtenik dabilltzala,

Gabetan uste dot nik deslaituten gisan.

 

Nekez emen eldu naz, benta onetara gaur,

Gaban edola bere bertan egitera,

Errukitu zakidaz zerren galdurik nator

Ostatu onetako ugazaba jauna.

 

 

BIGARRENA: ATXARTEKO EIZARI BAT

 

Goietan aiseak indartsu ebiltzan,

Euria jausten zan geratu baga,

Mendi-megopea Atxaretn ebillan

Batetik bestera egan jiraka.

 

Bere ots eskergak, trumoien antzera,

Bildur ta ikaraz bat eben jarten,

Atx arrien batzuk jausiko ete ziran

Neu beiñik bein asko nintzan izutzen.

 

Urakan gogorrak mendi goietatik

Beor eta beiak bota dauz beera,

Eurien euriaz otzak kilkildurik,

Gaisoak joiazan atxpeietara.

 

Errekaka sendaro bitza dariela,

Doaz zuzenduta amorraturik,

Ez da azartuko saltoz iragoten

Arriskurik baga ni lako zarrik.

 

Atxarten dagoan txabolatxo atan,

Eizariak gara sustoz esnatu,

Aise putz zorrotzak zerren irrizkitu

Guztiak zituzan laster askatu.

 

Danok asi arren bedar ta orbelez

Zarratu gurarik arrapataka,

Txarko bat sarturik uste uste baga,

Bear izan dogu urten karraka.

 

Illinti igarrak euki arren surtan,

Bat batean zeatz deuskuz amatau,

Biar ezingo dau ara eltzen danak

Eurakaz sugarrik samur barriztau.

 

Artzain gisajoak atxera igo dau,

Berak an dakian koben batera,

Gabau joan arte beraren barruan,

Aldaben modura atsedetera.

 

Nire laguntxoak artzaiñari deutse

Jarraitu atzetik toki atara,

Ez nebalako nai arei jarraitzerik

Bentaria nator Urkiolara.

 

 

IRUGARRENA: ZAIBEGIKO IKAZKIÑ BAT

 

Mendietatik aiseak beeraturik zakonera,

Ikazkiñai loak artzen ez euskuen itxiten,

Alako baten tantai bat ondotik ausi dabe ta,

Gure txabolea joaz ondoan jaku jausten.

 

Ordu erdi tertzioan txabolatik ni urtenik

Pago zugatz arro baten gorde bear izan naz,

Gau guztia iragoko bertantxe poz pozik neban,

Galduko nintzan bildurra euki ezpaneu otzaz.

 

Zaibegiko tontorrean lañoz erdi estaldurik,

Illargia agertzean arpegi motelagaz,

Gauza txarrik uste baga, bideari ekitera

Damutuagaitik gero gisajo au asi naz.

 

Ekatxen iragarlea zala laster ezautu dot,

Oñeztu, trumoi, trujuak, laster dira abiau,

Arnasaz bete ezinik ito bear ninduala,

Aldi baten erabili bisutsak dongaro nau.

 

Zeru goian eralgiten ziran odeizko armadak,

Or emen zituezala bitarteak jareiten,

Euretatik begi oneei pozgarritzat nozian bein

Izartxo bat edo beste eutsen erakutsiten.

 

Espiritu ekatxgiña ikusi dot aiñ asarre,

Belea baño baltzago aiñ illun, aiñ itzaltsu,

Illargi motela zelan mendi ostetik agertu,

Ikatzezko kapeagaz bereala dau batu.

 

Onagiño igotea, bizia salbeta arren,

Gura neban bentazaiña gaur al neban moduan,

Emen nozu errukarri, ill ez nadin otzen otzaz,

Errezki artuko nozu zure benta barruan.

 

 

LAUGARRENA: MANDAZAIÑ BAT

 

Amaitu, ziran ekatxak danak,

Ez datoz, atzera geiago,

Garbitu, zerualdea da ta,

Indriskak, zirean irago.

Izarrak, argi dira ikusten,

Ez dira, len lako erdi illak,

Zeruak, ondo bizirik daukaz

Beraren, begi biribillak.

Odeiak, eurakaz bat aiseak,

Emendik, badoaz igeska,

An goian, orain Iratargiak,

Barreka, arpegia dauka.

Errekak, asi dira makaltzen,

Arbolak, dagoz aiñ geldirik,

Bakean, zerua eta lurra,

Dakustaz, adiskideturik.

Gaba len, ezaiña bazan bere,

Ai oraiñ, guztiz da ederra,

Askotan, mandazaiñentzako au,

Eguna, bera baño obe da.

Mamurik, ez da iñon agiri,

Ontz danak, jarri dira lotan,

Gautarrak, eta sorgin guztiak,

Ostendu, ziran zuloetan.

Zerua, ara zeiñ ederra dan,

Mendiak, orra Illargitan,

Zutinik, orra atxak dotore,

Soldadu, zaintzalleen gisan.

Zeintzuek, ixillik egon arren,

Arre nik, badot dei egiten,

Mandazaiñ, balira legez eurak,

Bertatik, arre! dabe esaten.

Ai baña! Neu eta bai manduok,

Aurkitu, baten txarto gara,

Ez neban, bizirik urtetea,

Sinisten, Garaitorren bada.

Gerreak, baña zelan atzetik,

Seguru, dakarren bakea,

Denporak, modu berean dakar,

Txarretik, onaren tandea.

Bildurrak, iñoz baño geiago,

Irago, zelan gaur ni naben,

Lo puzkat, egitea nai neuke,

Ostatu, zaiña orain emen.

 

 

BOSTGARRENA: ALTUNGO ARTZAIÑ BAT

 

Egia da bai, gaba puzka bat dala argitu,

Baña alanbere ez da zerua oso garbitu,

Odeizko bealk Iratargiak daukaz oinpean,

Keiak legetxe igo dabeenak Gorbeia aldean,

Baita izarrak apurka apurka doaz estaltzen,

Zeru zabala geldi geldiro ezkutatutzen;

Mendi, atxak ta ibarrak dagoz oraiñ itxusi,

Illuntasunak iya guztiak dituz iruntsi.

Ollarrak zelan ots egin daben «badoa gaba»

Iratzarri naz lo nengoana bere kantara,

Eta txabolan illda egoan sua dot biztu,

Autsen azpian obipeturik zana aurkitu.

Eizari batzuk an itxi dodaz jana prestetan,

Egunerako geli trontzuak surtan erretan;

Txakurrak bere gelditu dira an jolasean

Estu egozan urten gurarik eizen atzean,

Baña oraindik nire ustean luze da gaba,

Ez dot sinisten urtenik dala izar goistarra,

Bada ezpada agaitik nator Urkiolara,

Kamañan egon gura ez neban gois arte ala,

Ekatxak baldin asten badira lengo ganoran,

Ezin leiteke busti bagarik egon txabolan.

 

 

SEIGARRENA: OSTALARIA

 

Zer deusku guri eguraldia

              Bildurgarria,

    Izanagaitik kanpuan,

    Ona badogu barruan?

 

Zer deusku guri, gura badabe,

              Naiz ezpadabe,

    Jausi edurtza andiak,

    Bardin edarraz euriak?

 

Zer deusku barriz orain aiseak,

              Txistu tristeak,

    Jo arren eta landarak,

    Triskauagaitik dandanak?

 

Zer deuskun dinot, baldin bagagoz,

              Ogi ardaoz

    Gertaurik urdai ta babaz,

    Zezin, arto ta gaztañaz...?

 

Jausi beitekez ekatx indriskak,

              Edur zurizkak,

              Andi naiz pixkak,

    Mamuak bebiltz aidean,

    Gura badabe lurrean,

    Eurak nai daben aldean.

 

Dantzau begie atso sorgiñak,

    Tximur ziztriñak,

    Akelarreko zelaian,

    Gau lenean zeiñ amaian,

    Eurak nai daben garaian.

 

Dantzau guk bere bagendu gura,

    Aren modura,

    Etxean bada txistua,

    Ederra txilibitua,

    Obea danbolintxua.

 

Baita alboka entzungarria,

              Zoli zolia,

              Polit txikia,

    Adartxo bigaz egiña,

    Joten nebana antxiña,

    Nintzan sasoian artzaiña.

 

Mari zuk egin bizkor taluak,

    Ez mordolluak,

    Ta bai meetxuak,

    Ostriaren antzekoak,

    Arintxo erretakoak,

    Esnetan ondo itorik,

    Jan dagiezan gozorik,

    Arrotzok pozez beterik.

 

Ik bitartian jo tuntuntxua,

    Txomin gaisua,

    Peruk txistua,

    Praiskok alboka zolia,

    Juanak atanbor barria,

    Txilibitu txikia nik,

    Jolas aldi bat egiñik,

    Emendik puska batera,

    Goazen guztiok oera,

    Lo apur bat egitera.

 

aurrekoa hurrengoa