www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama euskeriaren liburu kantaria
Felipe Arrese Beitia
1900

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ama euskeriaren liburu kantaria, Felipe Arrese Beitia. José Astuy, 1900

 

aurrekoa hurrengoa

PROMES BAT

 

                On Antonio Arzac jaunari bere egunean

 

Ez dakit zeiñ urtetan, gertau zan jozoerau,

Onelakoak asko, baña nik benetan,

Uste dot direala jazo, eta jazoko

Fededunak direan euskaldun onetan.

 

Bagillaren amabigarrena zan beiñik beiñ,

Noz kanpoa egoan berderik jantzia;

Gari-buru mardoak, perla zuriz disdiska,

Intz naikoa edanda artoa azia.

 

Itxasoa bakean, lotan legetxe ixill,

Bagak egiten eben aiñ ikara gitxi;

Sabel-una bagako zelai bat zirudian,

Aiñ otzanik gitxitan egin da ikusi.

 

Bertako egaztiak ebiltzan jira biran,

Urak egalez joaz, jolasean pozez;

Edo pikutxoagaz eurai bitza ostuten,

Batzuk usteko eben ebiltzala gosez.

 

Oraindiño ez eban Eguzkiak osoro,

Mendi osteetatik jaso arpegia;

Baña duda bagarik ekarren loirik baga,

Udan oi daben legez gar baten guztia.

 

Zergaitik agiri zan aiñ urdiñik zerua,

Orbanik iñon bere etxakon ikusten;

Itxasoak ta berak ezin jakon igarri,

Alkarregaz bikoa nun eben egiten.

 

Eta Ondarroako baserri zar batetik,

Aurkitzen zan ama bat ur-zelaira urriñ

Begira; eta dakus ontzi bat etorrela,

Bela zuri zabalez uso bat duiñ ariñ.

 

Baita bere bekusan Gipuzkoatar asko,

Bizkairuntz etorrela bidean zantzoka;

Zarrak zentzun onagaz; baña gazteak asko,

Txilibitu soñuan dantzan ta saltoka.

 

Kantetan eben batzuk: «Urkiolara goaz,

Naiz da bidean egin zapatak urratu

Atzetik beste batzuk egogi erantzunaz:

Aita San Antoniok berriak eingo-itu».

 

Ontziari barriro begiraturik diño

Amak, ai, baletorke ene seme Praisko,

Zeñek aintxiña iges eustan begietatik,

Aberastu gurarik Amerikarako.

 

Ordu bete baño len, orra nun daben oles,

Atarian egiten barrura sartuaz;

Eta nun trilletan dan sukaldeko atea,

Zabaltzera joakon amatxo atsuaz.

 

Aurkieta orregaz ikaratu zan oso,

Ta semeak dirautsa: —ama, nun da aita?

—Seme, Urkiolara lagunakaz joan da,

Gaberako eltzeko emen gois jagita.

 

Eta zuk, zer dakatzu ogeigarren urtean,

Euskaldun antz bagarik aiñ bizar luzeaz?

Orren soñeko zarraz, orren arpegi baltzaz,

Orren gomuta gitxi, zergaitik etxeaz?

 

—Errazoia daukazu, zergaitik ez deutsudan

Karta bat bere egiñ; baña, ama, parkatu,

Aberastu gura ta ez egiteak ezer

Beti eskribitzeko ni nau atzeratu.

 

Diru billa itxasoz, ara ni joan nintzan,

Aita ta zu negarrez ementxe itxita;

Gazte zoroak legez ori nik egin neban;

Baña oraiñ naukazu kontuan jausita.

 

Ama, biurtuten naz gure baserritxora,

Zuri lagunduagaz bizi izatera;

Agur, bai, Amerikak, enozue ikusiko

Itxasoa zeartzen orrako ostera.

 

Gure asabak eben emon zorionagaz,

Emen diru gitxigaz euren denporea;

Ezaguturik nator, euki arren dirua,

Ez daukela dontsua danak bizitzea.

 

O! zenbat aldiz nintzan baserri zar onegaz,

Zugaz ta nire aitaz ama gomutetan;

Aita San Antonio! Bizkairatu nagizu,

Beti gois eta gabez neban errezetan.

 

Alan Urkiolara promes bat dot egiñik,

Aurten San Antonioz nai dot betetea,

Biar dalako bere egun gloriosua,

Eneuke nai ezelan utsik egitea.

 

Emon dagiodazan esker ta alabantzak,

Ekarri nabelako Euksladun errira;

Erri parebagako menditsu onetantxe,

Oraindiño gizona ondoen bizi da.

 

Ze poza artu dodan! Itxasotik ikusi

Dodazanean gure ain mendi politak,

Eta erromeriak egiteko doguzan,

Asabak jarritako bertako ermitak.

 

Federik galdu baga etorri zan semeak,

Biotza erdibitu eutsan ama ari;

Gosaria emonda, bialdu eban laster,

Promesa betetara San Antoniori.

 

aurrekoa hurrengoa