www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Firi-firi
Paulo Zamarripa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Firi-firi (ipuin ta naste), Zamarripa abadea. Gaubeka'ren irarkolan, 1935

 

 

aurrekoa hurrengoa

FIRI-FIRI
XLIII

 

Lana egin daigun

txiri-txiri,

ta agertu deigun

firi-firi.

 

 

SOSIALISTAK AITATUAZ,
ZERBAIT GEYAGO

 

        Orrako Errepublikea etorri ta gero be Ciudad Real deituten yakon, Ciudad Realgo probintziko uri nagusiko guardia zibillak kajatxu batzuk atrapau dituez; eta kajatxuotan, ogetazortzi pistola.

        Probintzi bereko erri baten alkate dan Maestre Jose izeneko morroyantzat bat edo batek bialduta.

        Maestre trastek bera alkate dan erri berorretako txiñelentzako (aguazilentzako) direala ogetazortzi pistolok esan deutsie guardia zibillai, onek zeozer itandu deutsienean.

        Baña ezteutsie siñistu.

        Bada-ezpadan be, ondo da alkate sosialista siñiste bakoari, olango gauzetan, ez siñistutea.

        Atan be, bere izenean datozan pistolak berak aitaturiko txiñelak baño geyago direanean.

 

* * *

 

        Austriako zirri-parra ikaragarrian yokoak txarto urten deutsie bertako sosialistai.

        Esan lei, emekoak euroi lagunduten ez yoakiezan bitartean, irabazita daukotsiela yokoa Gobernuak eta Gobernuko buru dan Dollfuss biotz andiko gizon txikiak.

        Olango jenteari irabazten gatx badago egon baña, tira!... tiro ortik, tiro emetik...

        Sosialistotariko askok txiñel jantzita ekin deutsie tiro-otsean Gobernuko gudariai..., ta olantxe egin al izan dabe zeozer denpora apur baten.

        Gobernuko gudariak konturatu barik egon direan artean.

 

* * *

 

        Denpora gitxitarako balio izan deutsie txiñel jantziriko sosialistoi txiñel jantzita ibilteak.

        Laster igarri deutsie gudariak sosialista zurroi sosialistak direana.

        —Usaiñetik igarriko eutsien, ugazaba.

        —Zelango usaiñetik, Txitxu?

        —Ardao-usaiñetik.

 

* * *

 

        Arin esaten daki gauzea Txitxu gureak.

        Eta oraingoan be arin esan dau Austriako Gobernuaren gudariak euroi tiro-otsean ekin deutsien sosialistoi ardao-usaiñetik igarriko eutsiela sosialistak direana.

        —Arin esan bakarrik? Diñodana on egiten be bakit gero... Sosialistak ondo ezaututen dituzan morroya da Zozaya Antonio, idazle ezkertarra. Bera be erdi-sosialistea da ta. Ta baki zer esan eban bein sosialistakaitik? Ba... denpora lartxu egiten dabela ardaotegietan.

        —Españako sosialistakaitik esango yoan ori.

        —Bai, ba. Baña sosialistak, Españakoak eta Españakoak eztiranak, danak dira erri batekoak. Euskal-erriko erderaz esaten dan lez, todos erri batekos.

 

(Au, zerbait geyagogaz,
1934-ko Zezeillaren 18'an argitaratu zan)

 

aurrekoa hurrengoa