www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Firi-firi
Paulo Zamarripa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Firi-firi (ipuin ta naste), Zamarripa abadea. Gaubeka'ren irarkolan, 1935

 

 

aurrekoa hurrengoa

FIRI-FIRI
XXXIX

 

Lana egin daigun

txiri-txiri,

ta agertu deigun

firi-firi.

 

 

PORTUGALETE TA
PORTUGALETEKO GAUZAK

 

        Portugaleteren entzuterik badaukazu, irakurla maitea?

        Berak badauko bat, eta ez txikia.

        Beti euki dau Portugaletek entzute andia.

        Batez be, Txorierrin.

        Erria da bera be.

        Erria edo uria.

        Baña, uria izanda bere, erria da, seguru be; ta guzurrik esan barik esan geinke Portugalete gogoan dogunean izen ori daukon erri bat dogula gogoan.

        —Ugazaba, ezaututen dot nik emen morroi bat Portugalete deituten deutsiena.

        —Portugaletetarra izango dok morroi ori, Txitxu.

        —Bai, jauna; angotarra da.

        —Ba egik kontu Portugalete deituten yeutsiela, ain zuzen be, aorretxegaitik: portugaletetarra doalako. Baña emen ez yoaguk gogoan portugaletetarrik, Portugalete bera baño. Ta Portugalete bera erria dok.

        —Edo uria.

        —Txitxu, zer yan dok gaur, olan ibilteko?

        —Parkatu bei... Ondo esan dau berorrek. Uria izanda be, erria izan bear. Ta nik ixillik egon bear, oyez? Tira! Azaña Albiñanaren aurrean baño be ixillago egongo naz neu berorren aurrean, berorrek berba egiteko baimena emoten ezteustan artean.

        —Euk uste izan einkean baño lenago emon bearko deuat, zer izan yoagun gogoan esan dagistan. Ba aiztu yatak garbi-garbian eure zerokaz.

        —Portugalete entzute andiko erria dala esan dau berorrek.

        —Atan be, Txorierrin, eztok? Ez yoat esan au be?

        —Bai, jauna. Ta eztau esan orregaz be guzurrik. Txorierrin txorierritar garbi guztiak ete dakien nago onako kantatxu au:

 

                Portugalete,

                vino clarete,

                edango neunke

                basutxu bete.

 

        —Portugaletek, kantatxu orregaz, entzute andia artu yok txorierritar kantarien aboen bitartez. Baña erri orrek, bere entzutea zabalduteko, bayaukok gauza geyago be geure Txori-erri Barre-erri maitean.

        —Neu ez naz gomutetan...

        —Aiztuta egongo az ta.

        —Orixe izango da, ugazaba.

        —Entzun egingo enduan ik iñoiz zeozer an, Sondikan ta inguruetan, Portugaleteko atsoakaitik.

        —A, bai, jauna!... Eguraldi onean negar egiten dabela, onaren atzetik txarra etorriko dalako bildurragaz, ta eguraldi txarrean dantzan egiten dabela, urrengoa ona izango dalako pozagaz.

        —Ta orrezaz ganera ipuiñak be bayabiltzazak txorierritar jatorren aboetan Portugaleten bertan yazorikotzat esaten dozanak. Arako arratiar gaztai-yalearena ta.

        —Entzun dot iñoiz nik ipuin ori, ta barre onik egin be bai berori entzunik. Esan bei beste bein berorrek, irakurleak be entzun edo irakurri dagian.

        —Itxaron beyegik apur baten...

 

* * *

 

        Portugaleten zapatari-bizikeran bizi zan arratiar batek, goiz baten, ainbeste urtean ikusi barik eukan bere erritar bat aurkitu eban Portugaleten bertan, bertara bere erritar ori txarriak salduten etorrita.

        Txikitako mutilko-laguna eban bere erritar ori, ta olan ainbeste urtetan ikusi bako lagun zarrari egiten yakozan txerak eta zerak egin ta gero, bere txarriak salduten lagundu ta azkenengo txarria saldu ostean, etxera eroan eban konbidedu.

        Arratsalde-erdia eldu yakien atan-orretan, ta bazkalduteko belu zala ta, azkaritxu bat jatea otu yakon zapatariari.

        Emaztea ez egoan ordu atan etxean, ta gertuen egozan yakiai bota bear eskua.

        Gertu egozan gauza bi: Balmasedan egiñiko tremes bat eta Burgosekotzat erosiriko gaztai eder bat.

        Ogia be ez zan txarra baña, gaztaya bene-benetan egoan jan-naizuko.

        Eder-ederra egoan.

        Eta oso-osorik.

        Asteko, zatitxu bat kendu eutsan zapatariak berak.

        Eta berak besteko zatia kenduko eutsalako amesagaz emon eutsan eskura txarri-saltzalleari, berak kenduriko zatia ebagi eban aiztoagaz batera.

        Txarri-saltzaleak gogotik eldu eutsan esku bategaz aiztoari ta besteagaz gaztayari, ta beingoan, neuk esan neinkean baño ariñago, kendu eutsan oneri beronen yaubeak kendu eutsan lango biko edo iruko zati bat.

        Ta au zati au berealaxe yan, ta beingoan beste zati andi bat kendu ta au be artekoa eroan eban lekura... bota eban... ziñu gitxigaz.

        Ta bada-ezpadan be,... ogi gitxigaz.

        Zapataria ikaratuten asi zan.

        Baña txarri-saltzalea bera ez zan ikaratu.

        Geroago ta zati andiagoak kenduten eutsazan bere lagun zar zapatari gizajoaren gaztai gozoari.

        Olango baten, gaztayaren apurrik be ez eutsala itxiko ostean ta, zeozer esaten azartu zan zapatari gizajo ori.

        Baña bai erantzun be bere lagun txarri-saltzalle gaztai-yale azarriak.

        —Esan leik aspaldion eztoala yan olango gaztairik —diñotso zapatariak txarri-saltzaleari.

        —Aspaldion diñok? Iñoiz be ez onen gozorik —erantzuten deutso zabal-zabal txarri-saltzajeak zapatariari, yateari itxi barik.

        —Bakik gero orregaitik zeinbat diru emon yoan nire emazteak?

        —Nik yakiat ba? Zeuek yakingo dozue.

        —Amar erreal, mutil.

        —Olango gaztai on batek orrenbeste ta geyago balio yok.

        —Baña... bakik gero?: berori baño ez yaukaguk.

        —Bear be ez yoat nik geyago. Naikoa yaukat beronegaz.

 

* * *

 

        Txitxuk, irakurleak barrerik egin ete daun begiratu barik, berak barre batzuk egin ta gero badiñost serio-serio:

        —Portugaleteko gauzak guztiak azaldu barik emon bearko dogu amaitutzat Firi-firi au, antza; ba baltzitu dogu azkenengo paperik geyena.

        —Zer egingo yakok ba?

        —Nik eztakit zer egin leyon paper oneri. Baña luzatu al baneu, luzatuko neunke.

        —Zetarako?

        —Portugaleteko bertoko diputaduakaitik zeozer esateko.

        —I kapas kapas izango az orrei omenaje bat egin dagioela portugaletetarrai eskatuteko.

        —Omenajea diño? Omenaje yazekoa egingo neuskie nik orrei; baña, bear-bada, ez litzake izango euron gogokoa.

        —Yazekoa izan-ezkero...

        —Yazekoa, bai; elizako kanpatorretik eskegita... Jesus! zer esan dot?

 

(1934-ko Urterrillaren 14'an argitaratu zan)

 

aurrekoa hurrengoa