FIRI-FIRI XXXVIII
Lana egin daigun
txiri-txiri,
ta agertu deigun
firi-firi.
AZAÑAREN LEPOTIK
Azaña andia, bere loba neskatila bat ezkonduten dala ta, Zaragozara yoan da... gizajoa.
Ta bere loba neskatila ori, ezkonduteko, elizara yoan da, ta bera be ara.
Baña, berantzako, ez ordu onean, antza.
Antza daonetik, bere arpegiko garauak agirian dituzala agertu da elizan, ta bere loba neskatillea ezagututen izan eztaben batzuk ondo ezagutu dabe bera; ta, berak entzuteko eran, marra-marra asi yakoz, ta olan onek asirik, jentea parra-parra asi yako olantxe marra-marra.
—Jentea marra-marra asitea ezta izan bakarrik, ugazaba.
—Zer izan dok geyago ba, Txitxu zurra?
—Ekitea. Luzaroan ekin deutso jenteak olan.
—Ta bera ixillik, eztok?
—Auxe esan dau agin artean, euron artean atrapau baleu, birrindu egingo eban jente marramarralariari begira:
Ai, or zabiltze marra-marra,
ta orain nik ezin amarra!
—Baña ori bertso ori ez yeutsak entzun jenteak.
—Ez, ba. Ez deutsat esan agin artean esan daula?
—Ondo yagok.
—Bertsoa ala? Bayetz nago. Eztau egin Azaña orrek bertso obagorik bere bizi guztian.
—Eu be ez az txarra bertsoak egiten.
—Botako neuskioz nik ointxe berari, berorrek itxi-ezkero, iru edo lau.
—Tirok, bat bota egiozak. Baña berari atsegin izan leikion soñuan botako deutsazak gero.
—Baki berorrek arako
España, España,
la Monarquía...
—Entzun yoat iñoiz.
—Ba kanta eder orren soñu panparroyan kantauko deutsadaz gizon andi orreri berantzat ointxe egingo dodazan bertsotxu onek. Beyoaz, bidean galdu barik, neure burutik neure ezpanetara, ta neure ezpanetatik berak ain bero daukozan bere belarri bietara!
Azaña, Azaña,
gizajo andia!
Ai! Zure aldia
birrindu da!
Garbitu egizu
zeure arpegia,
beste bat ia
dirudian.
—Naikoa dok, mutil.
—Naikoa ta lar.
—Lar diñok, Txitxu? Nik ez yoat esan lar danik.
—Baña neuk diñot, neure eritxian, lar dala Azaña ori gaur dan lango gizon batentzako.
—Berari marra-marra Zaragozan, an, elizan, egin yeutsienak ez yeutsiek eritxi lar ez naikoa alan marra-marra berari ekiteari.
—Ez, antza.
—Gero, elizatik urten ta gero, beste soñu bat be entzun bear izan yok gizajo andiak. Txistu-soñuan artu ei yok kaleko jenteak.
—Bai; txistuak yo ei deutsiez. Baña bera eztabe yo orraitiño.
—Aorixe bai lar izango zoala!
—Zer izango zan lar?
—Bera yo egitea.
—Bego ixillik, ugazaba. Bera yo-ka ibilli da nagusi izan dogun arte guztian. «Aquí yo mando, yo dispongo» ta olantxe yo egiten ekin dau. Ta orain bera yo egitea eskatuten dau bardintasunaren legeak.
—Ezteritxak naikoa ekin yeutsagula gaur Azaña gizajo orreri?
—Bai, bein. Ta eztiñot lar ekin deutsagunik... baki zegaitik?
—Ez euk esan barik.
—Urrengo baten be ekiteko eskubidea euki dagidan. Au da juridisidadea!
—Ori dok burua, Txitxu! Ori berba ori be ikasi dok?
—Bai, jauna. Zeozetarako aitatu deusku Otxorio Gariartok ainbeste bidar.
—Ta orain ik, bide batez baño ezpadok be, Otxorio Gariarto bera aitatu gura izan deustak.
—Bai, ba. Beste iñok ez daula aitatuten ikusita...
—Itxi yayogun gaur bakean Otxori Gariartori; ba orregaz asten bagozak asi, Jainkoak berak yakik bakarrik noiz itxiko yeutsagun.
(1934-ko Urterrilla'ren 7-an argitaratu zan)
|