www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Firi-firi
Paulo Zamarripa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Firi-firi (ipuin ta naste), Zamarripa abadea. Gaubeka'ren irarkolan, 1935

 

 

aurrekoa hurrengoa

FIRI-FIRI
XVIII

 

Lana egin daigun

txiri-txiri,

ta agertu deigun

firi-firi.

 

 

AUTONOMIA TA...

 

        Kataluniako Eskerrako morroi andi batek barribatzalle baten auxe esan deutso, lengo baten, Bartzelonan:

        —Claro que no hay arreglo. No hay dinero, y sin dinero la autonomía resulta una broma de mal género.

        Antza daonetik, orrentzat autonomi guztiak eztira onak.

        Eta diru bakoa beti da txarra.

        Zelango gauzak yakiten direan ponporeaz, geure txikitako Anton Zoro Asukoak esaten eban lez!

        Bartzelonan bertan, bertako poliziako otsein bik, kanpotarrak direalako, edo eurok yakingo dabe zegaitik, iru kanpotar lotu egin dituez.

        Baña kanpotarrotariko batek, Olibet deritxonak, txiñelotariko bateri, beronek zelan eztakiala, ukabilkada ikaragarri bat emon deutso bera lotuten dabillela.

        Ta ukabilkada ikaragarri orregaz albo-agin bat tutarrez kanpora atara ei deutso.

        Albo-agiñean olango bearra egin deutsonean, agin-alboan be egingo eutsan zeozer.

        Emon olangoai autonomia... ta dirua ganera!

 

 

ASTURIETAN...

 

        Asturietan beste eliza bi erre dira... oraintsu.

        Ez berez.

        Batabatzuk sua emonda.

        Baña berez erre balira leztxe... geratu da gauzea.

        Su-emolleak nortzuk izan direan eztakie Gobernuaren otseñak eta...

        Nok au gora au edo bestea yaurtiten daun yakiteko eukiten daun suertea eukiko baleu Gobernuak elizai sua emoten deutsienak nortzuk direan yakiteko...

        —Baña, billatu dituz ba?

        —Zer diñok, Txitxu? Eztok entzun iñoiz suerteak billa ibili barik etorri bear yoala?

        —Orraitiño, batabatek berak galazonda daukon gora-ren bat yaurtin daula entzuten daunean, asten da gora ori nok yaurtin ete daun basterrak arakatuten.

        —Ori besterik dok, Txitxu.

        —Bai, ondo agiri da.

        —Eliza-erretzalleak baño obeto.

        —Atrapau leiz orrek orraitiño...

        —Bai, gora-erregeka edo olan... olango su-emoteak egingo baleyezak;... baña olango zarata barik egiten yoezak eta...

 

 

TXITXU, BILDURTUTA

 

        «Dos meses más de Azaña, y... esto se acabó», diño Barriobero diputaduak.

        —Esto ya se hiso —esango eban Klinklonek, bilbotarren euskera-erderaz.

        —Ta... euk zer diñok?... Ia, Txitxu!...

        —Nik... zer esango dot? Nik, neure buruz, bada-ezpadan be, Santi Etxeres nondik dabillen yakin barik, eztot esan gura ezer. Baña bai... esango deutsat esate orregaz... auxe esan gura dala euskera garbian... Baña... esango ete dot?

        —Aorixe yiñoat neuk. Esango ete dok bein? Tirok, esaik zer esan gura yoan Barrioberok bere esate orregaz!... Esaik.

        —Onenak egin daula.

        —Noz-edo-noz esan doanean!

        —Esan dot ba bein, ugazaba. Orain... bildurrez nago esan dodalako... neureak egingo daula ta...

        —Ez euki bildurrik. Santik ezer badiñeusk, esan egiok berari... euskeraz euk zein ondo dakian ikustearren, neuk erasonda, esan doala. Ta gero orixe berori esan kartatxu baten Indaleziori. Bakik Indaleziok antxiñatxurik yakiana «buruko miñik ez» ta olango esakune euskerazkoak esaten..., ta onezkero ikaragarrian euskalzaletuta egongo dok, bide-erdian geratu ezpadok.

        —Burua yazekoa badauko... bere erretratuetan beintzat.

 

(Au, zerbait geyagogaz,

1933-ko Agorrillaren 27'an argitaratu zan)

 

aurrekoa hurrengoa