www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Firi-firi
Paulo Zamarripa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Firi-firi (ipuin ta naste), Zamarripa abadea. Gaubeka'ren irarkolan, 1935

 

 

aurrekoa hurrengoa

FIRI-FIRI
XX

 

Lana egin daigun

txiri-txiri,

ta agertu deigun

firi-firi.

 

 

EUSKALZALEA BADA,
AINBAT OBETO

 

        Bilboko «Acción Errepublicana» deritxon moltsoko morroyak batzartxu bat egin dabe oraintsu.

        Ta batzartxu orretan erabagi gogor bat artu dabe.

        Euron artean euki daben Aldasoro jauna euron Alderdikotzat ordutixek aurrera ez eukitea.

        Zegaitik erabagi ori artu daben yakin nai yakin ez bardin izango deutsie askori; baña euron aurrean euki daben Aldasoro jaunak yakin dagian edo, erabagi ori artu baño lenagotik esan dabe erabagi ori artuten dabela, Aldasoro jaun ori... euron Alderdiko lez diputadu urten ta gero radikal-sosialista izenekoen Alderdian sartu dalako.

        Aldasoro jaunak, an, esan dau zeozer bere burua garbituteko.

        Baña alperrik, bere lagun zarron eritxian.

        Ta geure eritxian bere bai.

        Ba gure eritxian, orren artean, politika-gauzetan, burua garbituten emoten dan denporea galdua da, eurontzat irabazterik eztagonean.

        Ganera, guk uste dogunez, geutzako beintzat, radikal-sosialistok eta Accion Errepublikanakoak bat dira.

        Ta Txitxuren amama be geure eritxikoa izango zan, bizi izan balitz gaur eta ori jente ori ezautu.

        Olangoakaitik, bere aldian txarkerietan edo okerrerietan bardiñak edo bardiñ-antzekoak zireanakaitik, auxe esaten eban berak, erderaz bere eritxia esaten ebanean:

        —Todos erri batekos.

 

* * *

 

        Olangoakanik apartau egiten dogu guk Aldasoro jauna geure eritxian.

        Beti egin dogu gaur-artean, uste izanik bere politikan eztala orrek langoa.

        Ta orain Accion Errepublikanakook euron artetik jaurtinda ikusten dogun egunetik gora, obeto apartauta ikusten dogu.

 

* * *

 

        Ta, orain zer egingo dau berak?

        Aorixe... bizi danak... ikusiko dau.

        Jainkoak gura badau.

        Baña nik neuk auxe aginduko neuskio, neure aginduan balego: euroi agur egin dagioela betiko edo beintzat eurok aldatu artean, bear daben aldakuntzea eurok artu artean.

        Ta euroi agur eginda, datorrela, bide-erdian geratu barik, artez-artez... artez-artez jokatuten zaleak direanen Alderdira.

        Datorrela... Betor... Etorri beite...

        Diputadu-acteagaz, nai acta barik.

        Baderitxo, gure aldetik eztago eragozpenik eta, acteagaz etorri leiteke, zabal zabal.

        Berari ta bere acteari, biai be, atea zabal zabal egingo yakie... ta etorri ta atea yotea baño eztauko... eskuagaz nai acteagaz.

        Ia, Aldasoro jauna, yo arin atea!

        Bear-bada, lengo lagun zarrok esango dabe orrako acta ori, bein zeu aldatu ezkero, eztala zeurea.

        Ez yaramon!

        Edo... yaramon gura badeutsezu, yaramon egiozu auxe esateko bakarrik:

        —Neu aldatutea ezta arrazoya niri acta au kenduteko, aldaturik, aldatuta dagozan lez, neuri acta berau emon eustien botodunik geyenak.

 

* * *

 

        Eta euskalzalea ei da.

        Txitxuri nonbaiten esan deutsie aorixe: Aldasoro jaun ori euskalzalea dala.

        Ta ezteust poz txikia emon barri au etxera ekarri deustanean.

        Aoraintxe ekarri deust: aste onetako barikuko arratsaldeko bostetan.

 

Bostak,

nire lepoan ondo kostak.

 

        Auxe esaten eban, bostak entzuten zituzan astegun-arratsalde guztietan, Txitxuren aitaitak.

        Baña gutzako, Txitxuntzako berantzako ta neutzako, onek... gaur arratsaldeko bostok ondo gozoak izan dira biotzean, lepoan ondo kostak izan barik.

        Billa ibilli barik yakin dau... berak.

        Ta... neuk bere bai.

        Olango suerterik!

        Euskalzalea dala Aldasoro jaun ori?

        Eztago orregaz kalterik.

        Kaltea ostera?

        Bestera!

        Asko poztuten gara Txitxu ta ni ori yakiteaz.

        Kontxo, kontxo! Euskalzalea dala Aldasoro jaun ori!

        Tira, ba! Euskalzalea bada, ainbat obeto.

        Bai, ainbat obeto.

        Olan dala, betor..., etorri beite..., datorrela..., albait ariñen, acta ta guzti.

        Yesarri beite... Urkijo diputadu euskalzale andiaren ondoan.

        Euskerearen ganean beronegaz eztabaidarik atara barik.

 

(1933-ko Bagillaren 25'ean argitaratu zan)

 

aurrekoa hurrengoa