www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Firi-firi
Paulo Zamarripa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Firi-firi (ipuin ta naste), Zamarripa abadea. Gaubeka'ren irarkolan, 1935

 

 

aurrekoa hurrengoa

FIRI-FIRI
XXXI

 

Lana egin daigun

txiri-txiri,

ta agertu deigun

firi-firi.

 

 

KANTA ZARRAK KANTATEN TA

 

        Txitxu gurea gaur ikusi gura daunak kantaten ikusiko dau.

        Kanta zarrak kantaten.

        Ta yaza dauko berak gero onetan!

        Benetan.

        Ta euron ganeko eritxiak emoten be bai.

        Kantau bear daun edo kantau gura daun kantea kantau ta gero emoten dau kantau daun kantearen ganeko eritxia, alan bear dala ta.

        Niri lenengo kantau deustan kantea auxe izan da:

 

                Asue ta Erandio,

                Sondike ta Loyu,

                alegiñek eiñ arren,

                arto gitxi koyu.

 

        Ta kantau ta gero, badiñost:

        —Zer deritxo, ugazaba?

        —Ederto kantau doala. Arranoetan, ori dok bularra!...

        —Bularra ta burua... biak be eztaukadaz txarrak gaur-artean... Baña... ezteritxo au kantatxu au apur bat guzurtitxua dala?

        —Orain izan leitekek guzurtia; baña eguno lenengoz kantau zoanean, bear-bada, ez zoan izango.

        —Guzurtia orain dana edozeñek daki... edo beintzat edozeñek ikusi lei, bertara arto-sasoyan yoan ezkero,... urtaro txarren bat izan ezean. Baña... eguno lenengoz kantau zanean be gaur dan langoxe guzurtia izango zan.

        —Ez yoat ikusten aorixe ain argi.

        —Aointxe ikusiko dau. Entzun bei.

 

                Sondike ta Erandio,

                Leyoa ta Loyu,

                alegiñek eiñ arren,

                arto gitxi koyu.

 

        —Entzun yoat kanta ori, baña ikusi ez yoat egiten euk besteagaitik esan deustana.

        —Berorrek biak entzun dituz.

        —Bai, mutil, zarritan entzun yoataz.

        —Ta gaur oraintsurengo.

        —Ori ezin ukatu neinkek.

        —Eztau ukatuko alkarren antzekoak direana be.

        —Ez, ba. Ori argi be argi ikusten yoat eta...

        —Tira, ba! Ta... alkarren antzekoak direala ikusten daun ordu berean eztau ikusten bardiñak eztireala?

        —Baita.

        —Ba... aortxe ikusi lei berorrek... guzurtiren batek asmaurikoak direala kanta biok.

        —Ez yoat aorixe, arrazoi geyago barik, ondo ikusten. Berbea aldatuta, zer diñostak Azañagaitik?

        —Orrentzat be baukot kantatxu bat. Orrentzat esan dot? Tira! Orreri, moduren baten, polito yatorkona esan gura izan dot.

        —Esaik bein, bein entzuteko.

        —Orra, ba.

 

                Din, dan!... Nor il de?

                —Manu zapatarie.

 

        —Nik Txomin zapatarie entzun yoat beti din-dan-go kanta txorierritarrean.

        —Berorrek Txomin zapatarie entzun izango dau; ...baña, Manu ezteritxo ba Azañari?

        —Bai, ori egia dok, baña...

        —Bañaka bagabiltz, eztogu iñoiz amaituko, ugazaba. Ta euki bei kontuan oindiño eztodala esan esatekorik erdia.

        —Esaik ba... guztia.

        —Guztia esateko,... asikeratik esan bearko dot.

        —Egi andia!

        —Arena beste kanta biena baño andiagoa.

        —Mutil, itxi egiok olango zirki-mirkietan ibilteari, ba osterantzean aiztu egingo yakuk zer yoagun gogoan.

        —Berorreri aiztuten bayako, galduak gara. Ba neuri beintzat aiztu yat.

        —Aiztu yak esaten asi azan din-dan-go kanta ospetsua? Ire burua! Bularra ta burua euk onak daukoazala esan dok orretarako!

        —Ai, jauna! Txomin kenduta, Manu sartu dot kanta orretan, ta orretxegaitik izan da guztia. Yakin bear neban nik Manu ori sartuten dan lekuan gauza onik eztagoana.

        —Ia, ba, esaik Txomiñ-egaz, dan legez!

        —Olan, aurki esan al izango dot. Entzun bei ia...

 

                Din, dan!... Nor il de?

                —Manu zapatarie.

 

        —Manu ostera be?

        —Parkatu bei, jauna... Manu-gaz aiztu-bearra daukot, kantea aiztuko ezpayat. Manu barik, Txomin da aitatu bear dodana... ezta? Tira, ba! Egingo dot alegintxua...

 

                Din, dan!... Nor il de?

                —Txomin zapatarie.

                —Zer egin dau pekatu?

                —Auzoko txakurre urketu,

                ta eleizara daroela,...

                kakarraldoak uxetu.

 

        —Ederto kantau dok. Bape utsik ein barik.

        —Bildur-apur bat euki dot ba! Kakarraldoak esan-bearrean, sosialistak esango ete dodan egon naz.

        —Ori kanta ori sortu zoanean, ez zoan egon sosialistarik munduan.

        —Ez Manu ori be.

        —Olan baño gazteagoa dok ori.

        —Bai, alantxe. Baña zar-antza be artuta dago ta... guzurtitxua be bada ta,... iya egon naz ba esateko berak ez ete dituzan asmau arek beste kanta biak.

        —Ik esateko eztok asko.

        —Ez orrek egiteko be.

        —Ori dok miña, Txitxu!

        —Miña ainbateri egin deutso orrek. Eztituz gitxi mindu batan-bestean.

        —Ori be egia dok, baña.

        —Baña diño, ugazaba? Bere alde urten gura daula esango leuke berorreri ori entzuten deutsanak. Egitzat dauko orraitiño esan dodana. Ai, ni ez nau atrapauko guzurrean! Ori Manu ori, barriz, atrapau egitekotan, guzurrean atrapau bear, beti dabil guzurragaz ta.

 

(1933-ko Iraillaren 17'an argitaratu zan)

 

aurrekoa hurrengoa