www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Firi-firi
Paulo Zamarripa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Firi-firi (ipuin ta naste), Zamarripa abadea. Gaubeka'ren irarkolan, 1935

 

 

aurrekoa hurrengoa

FIRI-FIRI
XXIV

 

Lana egin daigun

txiri-txiri,

ta agertu deigun

firi-firi.

 

 

LARGO KABALLERO TA

 

        Errepublikanuak asarre dagoz Largo Kaballerok domekako bere berbaldian esan zituzan gauza batzukaitik.

        Batzukaitik; ez danakaitik.

        —Euroi txarto pareu yakiezanakaitik.

        —Bai igarri be ik, Txitxu!

        —Ene! Ara, ba, ugazaba: iñok esan barik igarri dot, igarri badot.

        —Ai, ire zurtasuna ez yaukak edonok!

        —Zurtasuna aitatu daun ezkero, gauzatxu bat itanduko neuskio.

        —Zurtasunari yagokona badok gauzatxu ori...

        —Bai, jauna.

        —Itanduik orduan ardura barik.

        —Nortzuk dira zurrago, konplota nondik dagoan igarten dabenak ala konplotik egon ez ta konplota asmau egiten dabenak?

        —Konplotik egon ez ta konplota asmau egiten dabenak zurrak be zurrak dozak, eurok asmauriko konplot guzurrezko orreri antza emoten bayakiek.

        —Aorretan, ba, ezta ain zurra, antza daonetik, Andres, Naparroako gobernadore zarra.

        —Seguridadeko Buru Nagusia?

        —Orixe berori. Ori morroi ori obea ete dan nago konplotak egiten konplotak asmaten baño.

        —Txitxu, aoraintxe esan doanagaz... nortzuk zurragoak doazan ezteustak erakutsi..., baña eure zurtasuna bai erakutsi deustak.

        —Neure zurtasunaren erakuspenik geyago bear baleu...

        —Etxoat bear; baiña emoik beste bat, irakurleak be ikusi yagian.

        —Berba gitxitan emongo dot. Auxe bakarrik esanda: guzur-zalea ezta zur-zalea.

        —Naikoa esan dok, mutil.

        —Bai, ulertu gura daunantzat, neure eritxian. Eta ulertu gura eztaunari eztago zetan esan.

        —Aorixe be egia dok, mutil! Geroago ta zurtasun geyago erakusten dok.

        —Daukadan zurtasun guztia ezteutsat erakutsi orraitiño.

        —Ez ba. Daukoan zurtasun guztia bein erakutsi ezkero, ez nayeunkek esango geroago ta zurtasun geyago erakusten doala.

        —Ta ganera ondo izango da kontuan eukitea beste gauza bat.

        —Zer, Txitxu sur luze zur zurra?

        —Norbere zurtasun guztia era batera erakustea... eztala zurtasuna.

        —Ori dok berba-yokoaren polita!

        —Zer uste izan dau berorrek ba?... Ara, jauna: berbarik yaten eztakit; baña berba-yokorik egin bear danean, berba-yokoa egiteko,... euskeraz, beintzat..., eztot bear Unamono ez besterik. Berba-yokorik bear danean, agindu niri.

        —Tirok, ba! Ondo yagok gauzea. Baña, kontuz arto-bero-usañagaz!...

        —Asmau dau, ba, irakurleak arto-bero-usaiñik?

        —Ez, antza; baña, bada-ezpadan...

        —Bada-ezpadan, berorrek ezpegio esan.

        —Ta neuk esan barik, arto-bero-usaiña bera... surretara bayoakok?

        —Aorretxetara eztakit neuk zer esan, ta irakurleak zer esan leiken be ez. Bear-bada auxe esango dau: ostean emoten deuskun atsegiñaren alderako izan daitela.

        —Olantxe izan deitoala. Olan izan ezkero, Gobernuak bere konplotagaz baño zori obea izango yoaguk.

        —Gobernuak, konplotagaz eta konpotagaz, biak batera dituzala, atarako dau burua, zapalduten ezteutsien artean.

        —Konpotik egiten yok ba Gobernuak?

        —Bai, bat, ointxe Lerrousegaz.

        —Sukaldari onen bat dok, kosineru onen bat dok Lerrous ori.

        —Bai, jauna; ta kosineru ona izan ta gero praille izan gura ei dau. Gobernuko konbentuko praile nagusi. Oraingo praille nagusi Azañak bere fraile-lagunakaz konbentu orretatik urten dagianean. Izan leiteke, orraitiño, Azañak urten eta Lerrous ez sartutea.

        —Olan izan deitela esango yok batek baño geyagok. Baña, badakik, berbaz-berbaz, gauza asko esan yoaguna geuk Firi-firi onetan?

        —Bai, asko esan ta askori ukutu be. Baña, iñori kalterik egin deutsagu? Ez oraiñartean, aginduten be ez gagoz ta.

        —Orrek guztiok be egiak dozak, baña, badakik?... iñoz egin ez yoagun lango firi-firia egin yoaguk.

        —Ederra ta gozoa, oyez?

        —Luzea, mutil, luzea.

        —Ederra, gozoa ta luzea esan bei... geutzako. Ta alantxe bada irakurleantzako, eztogu besterik bear, arto-bero-usain barik, txalo-usaiña asmateko.

        —Baña, zer esan yoaguk asikeran?

        —Errepublikanuak asarre dagozala Largo Kaballerogaz.

        —Ori esan yoagunetik ona adizkidetu be egingo zoazan. Baña ori baño lenago beste gauzatxu bat esan yoaguk. Eta bertsoan esan be.

        —Bai ta alantxe da, jauna.

 

(1933-ko Garagarrillaren 30'ean argitaratu zan)

 

 

 

Lana egin daigun

txiri-txiri,

ta agertu deigun

firi-firi.

 

        —Aiko or ba! Gaurko lan au, egin yoaguk txiri-txiri, baña ez yoaguk agertuten firi-firi. Ik ondo dakik geure Firi-Firi guztiak, bertsoak yiñoan erara izateko, zatika agertu bear yoaguzana.

        —Urrengoa egingo dogu aolantxe, zatika, geu osorik bagagoz. Troski ei yatorku, ugazaba, egun gitxi barru, Españara.

        —Zer diñok, Txitxu? Troski yatorkuala Españara?

        —Bai, jauna. Bere lagun trauskien enbajadore lez ei dator. Baña ez al dau ain arin ikasiko geure euskera maitea Madrillen, zoi bietako edo sobieten edo orrako trauski boltxebiki orren enbajadore lez biziko dan urian. Bere lepotik berba-yoko batzuk, berak igarri barik, egiteko modua izango al dogu. Jainkoak euki gaizala bere eskutik.

 

(1933-ko Garagarrillaren 30'ean argitaratu zan)

 

aurrekoa hurrengoa