www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

35. A ZE BI, BATEAN!

 

        Orra, bada, azkenik, bein ta betiko, besarka egundokoan Unamuno ta Abentats. A ze bi, batean! Parabolako aita-semeen besarka ura berbera dirudi onakoak, bazkari erdiz. Emen ere seme galduak estreñetik asi zizun aitorkuntza: Peccavi! oben egin dut, oben bai, zeruaren eta zerorren kont... Baña Abendatsek eztio utzi Onuzkiri aitorra bukatzen. Barkapen zabal kristautsuenak eraginda, are estuago lotu dira biak negarrez. Damu negarrez, Onuzki. Pozarenez, Aita Abendats.

        Ta ez, eztu ezerk etengo besarka ori, dagoneko, bazkari festari jarraitzeko ezpada. Bata bestearen aterpe baitira. Aterpe ta eustapen eta Itxaro.

 

                Adatsa busti diot negarrez,

                biotza berotu nerearen garrez,

                ito larria arin bearrez...

                ...Berriz jaio poza suma nuen!...

 

        Ebanjelioko parabolan ba omen zan bat, festara sartu nai etzuna. Anai zarrena, ta zintzoena, alegia. Zintzoena, bera! Ezertan okerrik egin gabeko uraxe, ain zuzen. Gurean ere, euskaltasunaren kontra ezertan utsegin ez omen duten batzunbatzuk eztaude Ero Aundiari barkatzeko bere okerra. Onako besarkak argaiztoz eta ondamuz jarri ditu, gorde eziñezko marmarrean, arako ta aragoko baxterretan: «orrentzat eraztunak, txekor janak, jantzi aberatsenak, omenak, orrentzat! Eta guretzat?...»

        Baña oen maxia eztago lausoki ta bakarka baño entzuterik. Oen maxia bazkaldarren orfeoiketa, zalapartak eta zurrumurru anpatuak estaldu ta gañeztua baitu, areto betean nagusi. Nork ixillarazteraño menderatu jendeozteen orrua, orru ori joan gizaldietako altzo-altzotik datorrena danean eta abenda beraren izate muñari dariokiona danean?

        Ta orixe zan, ezin ba izan besterik, bazkaldarrek nork baño nork orduntxe re oiukatzen ari zutena: bilbotarraren leloa. Euskal Animaren izate muñari betiere dariokion agoni izua. Bizi Naia. Unamuno ta Abendatsen besarka berbera.

        —Ez, eztugu il nai! Eztugu, nai izaterik ere nai! Beti ta beti bizi nai dugu! Beti bizi ta gu bizi! Gu auxe! Gerauxe!... Orain eta emen geran eta sentitzen geran gerau gaixo auxe! Orregatik gauzka ain larrimiñez Animaren iraunkizunak, gure Anima onetxen, onetxen!, betiraun goseak, Min eta Min...

 

1955. Agorrak 22.

 

aurrekoa hurrengoa