www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

7. EUSKALDUNOI BURUZ

 

        Baita guk ere, jakiña, euskaltzaleok ere, kontu San Mameseko leoiaren atzaparkei. Guri itsasten dizkigunak eztira batere legunago, nik uste baietz are minkorrago, naiz baitare milla bider maitetsuago.

        Unamunoren euskaltasuna ta euskozale iritziak sakonki aztertu nai badira, eztugu aski arek guri buruz berariz ditun liburu gutxi batzu oiek irakurtzea: Paz en la guerra, De mi País, La cuestión del vascuence... Oetan ez bezin sendo ta jator nabariko dizkiogu beste enseiu nagusienotan: Vida de Don Quijote y Sancho, El sentimiento trágico de la vida, La crisis del patriotismo, La crisis actual del patriotismo español, Más sobre la crisis del patriotismo... ta beste abarretan.

        Euskotarrok aipa bear gaitun bakoitzean, luzaro ezin gorde du bere arrandia: mis paisanos, mis hermanos de raza, mi estirpe, mi casta, ta abar. Beti anaiki izendatzen gaitu. Anaiki baño re aitonki.

        Billobatxuok oso azkarrak omen gatoz. Gauzak benetan artzen omen ditugu. Erbestearrak gu bezin benak balira, bestelako jatorra omen litzake gizadia. Biarko batean, aitonak nai ta uste «bezela» gizon egingo geranean, ankapetik eramango omen diegu maketuei: Españiko aginpide geienen jabe izango omen gera, jabe ta lemazai izango omen, guk ditugun gaitasunekin; ta nork daki zer, Españiz aruntz, mundu zabalean ere (1, 811).

        Ortarako, ordea, aitonaren aolkuari jarrai bear. «Imponéos!» , otsegiten digu, kontsejatzen jarri ala bider. Nausitu zakizkie! Irten kanpora! Zuen euskotasuna sarrarazi alboerrietan! Etzaitezte giltzapetu euskeraren leizebarru estu itoan (Orra ba, enetxuok, orra, euskaltzaleok barkatzen eztioguna, korapillo guziaren kakomakoa, arrazoi badun eztun geroxeago galbaritu bearko duguna.) Erderari txertu berria egotsiz, zabaldu! Zabaldu Españira! Zabaldu mundu guzira!

        Baña, or dago ba, bai buru gogor billoba demontreok. Ez etsi nai ezergatik. Aitonaren «arrazoietara» makurtu bearrez eztira ba gero ta setatsuago itsasten beren sentipenari, beren euskerari?

        Kankar gogortxo gerala? Eztigu ezer berririk agertzen orrekin. Burugogor bai, ta Jaungoikoari eskerrak. Emen, nagoneko Montevideon bertan, maiz entzuten da: «es más terco que un vasco»;

        ta aboz abo dabil izkirimiri au, bearbada irakurleak entzuna, nolanaire naiko aspaldikoa: euskaldun batek apostu egin omen zun: bere buruarekin iltze bat sartu baietz ondoraño tabika batean. Jator zulatu ere omen zun orma, alde batetik besteraño, begiraleak aoa zabalik zegozkiolarik. Ordun arrigarriena gerta. Zulatu bai baña ezin ordea aurrera pasa. Ze demontre izango-ta, tabikaren alderantzitik, beste euskaldun bat omen zegon eutsi ta eutsi, buruarekin ari talkan uraxe re, iltzeari irteera galazten. Alako burugogorrak gu, nunbait, zein baño zein, alderdi batekoak aña bestekoak.

        Entzunberri dut beste onako auxe ere: «vasquito» bat ito omen zan ibaian. Gorputza billatzen asi omen Aran, ta ez agiri. Beñola, batek: «Billa zagun ibaian bera, ugaldeak eramana izango duk eta.» «Ez, motel; —zuurragoki jardetsi beste bigarrenak— bitatik bat: edota ugaldearen kontrara juna bear dik edota bestela ez uan euskaldun.» Alako martinkontrak.

        Euskera auzion zu zaitugu zu, Unamuno, ugaldearen aurka juna ta juna, auskalo noraño, aaririk aarien ori. Eozkor ari zera, buruaz eman eta eman, puntapaxa guri sartu naiez. Zaude pixkat. Tabika atzekuok ere, ordea, zutarrak gaituzu gero, Erretore jaun, ari gaituzu gerau ere, ta ez makalagoak, tenkor asko il edo bizi.

        Ez, aitona, ez. Ortantxe eztizugu amor emango. Guretzat ere bear du Ebanjelioko arek, zuk zeuretzakoxe ainbat aldiz aipatuak: «zer balioko liguke mundu guzia irabazteak, buruenik norgere anima galtzekotan?»

        Betikotasun goseak «zerau» orri dariokion irrits aldarria, irrits aldarri berbera, baitariokio gure Erri euskeradun «berau» onixe ere: Bizi! Ez il! Bizi! Beti!

        Ta ona emen guk berari ta berak guri barkatzen eztioguna. Euskera auzi orixe duzu, ta ozta besterik, Unamunok gurekin dun aserre bide bakarra: euskera utzi ala eutsi? ta aortiko ondorenak.

        Gure kasketa au itxukeri omen da, koldarkeri, etxe zulokeri, kaiku izate... ta nik al dakit zer geiago. (Alare! ez omen dugu, orratio, hipokresi edo olakorik. Argatik, alaz guziz, maite-maite omen gaitu.)

        Tankera ontan, ark emanda guk artu ditugunak! Agitz ezagutzen gindun. Bere odoleko, bere ezpal-ezpaleko bait gindun. Ark jakin zerk nun minberatuko gure kilika. Eztut uste beste iñork txorroxkiago min eman digunik, auzi ori dala ta. Ark guri; ta guk berari.

 

aurrekoa hurrengoa