www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

18. ERIOTZARI BURUZ

 

        Baimenez, eta erakusburuz, beste artikulu bat beretsi ta miztatzen eman nai dizut emen, europeitzeari buruz, «Sobre la europeización» (I, 889); naiko luzetxo metodu gabea artikulu auxe re maixuaren geienak legez.

 

        «No quiero más método que el de la pasión; y cuando el pecho se me hinche de disgusto, de repugnancia, de lástima y desprecio, dejo que del cogüelmo del corazón hable la boca y salgan los palabras como salieren.»

(Algunas consideraciones sobre la literatura

hispano-americana. Colec. Austral. Pgn. 111).

 

        «Modernizatu egin bear dugu! Europeitu!». Ala otsegiten zuten, agi danez, orduko (1906) topikuzaleek.

        Zer da ordea europeitze, aldaberritze ori? galdetzen du Unamunok. Eta erantzuten zaio: La joie de vivre, gizona: jolasketa pinpiriñagoak, nolanaiko komenentziak, etxaleku atsedentsuak, janari atsegiñak, jazkera erosoak, kultura alaia; utikan, beraz, atsekabe, kezka, gaixotze, eriotz bildurrak; oetatik alik-eta gutxienik;. gozatzea, gizona!; bapo ta nasai gozatzea baizik ez nai ta ez billatzea.

        Ori, orixe, beraz? Ta emen ekiten dio gure paradoja zale asperreziñak: —Ba, arta ezkero, orratx, nik milla bider naiago San Agustin bat; naiago ta bearrago. Beraz antziñatu gaitezela, ez modernizatu, Agustin deunaren irudira! Edota, ea gogarago beste au?: afrikartu gaitezela, afrikartu bai, ez europeitu, Agustin neurgearen izate legera!

        Ta bertan, gure bilbotar sakerrak, eriotzazko gogarketa ain gogoko zaion gure pentsalari gizajoak, betiko bakartean bere baitaratuz, kolkoari itauntzen dio: «Europeiarra al naiz? modernua al naiz?». Ta kolkoak darantzuio: «Ez, etzera europeiarra europeiar-izenez ulertzen dan ori ez beintzat; eztare, etzera modernua, modernu-izenez adirazten dan ori eztare beintzat.»

        «Eta, ez europeiar ez modernu izate au nondik dut?, bearba españiar izatetik? Españiarrok, barren barrenez, ain europeitu naiz aldaberritu eziñak ote gera ba? Ta ala izate ezkero, ez al dugu salbabiderik? Ez al da beste izate modurik Europako bizimodu berri ori baizik? (I, 890).

        Egitan: zirrara daragit, ezurretarañoko zirrara pilpira anaitsu minkatza daragit, onako Unamuno «iñorekin ez» onetxek. Noiz emen baño bakartiago, euskaldunago, gutarrago?

        Ta alaz ere gutar orrek goratzarre giar bioztia Españiarixe opaltzen dio. Ezta aitamenik ere Euskalerriari. Don Kijote, Velázquez, Gurutzeko Jondone, Estella edo Lizartza-ko Diego, Jesusen Teresa deuna, Loyolatar Eneko ta beste olatsuko eriotzarekiko pentsalariak eman ditun eta oraindio geiago eman dezazken Españiarixe opaltzen gorazarreak; eta Euskalerriari?, illobiaren ertze-ertzetik Miserereka dagon erkideen arraza ilzori oni?, beste ezertxotan pentsa ezin dun eriopeko Jaioterriari?, ezta murtik ere...

        Tamala bai, onako bakarti onek erdera jendearen sinpati onginaia irabazteari eutsiko badio bere noiznaiko euskotasuna noiznai ez aipatze ori; edo beintzat bere euskotasuna españiartzat jotze ta azaltze ori!

        Idazlan berean aurki aterako zaigu, batekoz beste la zearo alderantzira baieztuz —ia zearo ez ote?—: «Errege katolikuekin eta aiek naziuari egotsitako batasun arekin Españiko istoria okertu egin zan, ala esaten zaigu. Ezin uka beintzat: aiekintxe ta geroxeagoko «Renacimiento» ujol arekintxe Españiari bere erdiaro anima galdu egin zitzaion, akitu, jun. Arrezkero eriotzari arreta gutxiago ipintzen zaio gurean, Españian» (I, 893).

        Alaz ere, goratzarrea Españiarentzat (noizko, nungo Españiarentzat?, eta «Don Kijoteren bizitza ta ekintza senti al izatea» eman zion Euskalerriarentzat, «zun eta zan oro zor zion» Euskalerriarentzat, itzerdirik ez...

        Uts au dala ta, etzagula alare jan len itzemana: alegia, Unamunoren zintasuna gordiña dugula. Dasagun zuzenagoki: zintasun orrenak ere, orretxenak ere, baditula iñoiz edo beste bere goraberak, sekretuak, ugak, kontrajokoak, interpreta bearrak...

        Unamunok berak aitortua digu bazula zerbait berebaitan beti ixillik gorde nai izana:

 

                Lo que yo quiera callarme

                déjenmelo para mí;

                no me obliguen al desarme

                de honduras que no rendí.

 

                Que uno es el hombre de todos

                y otro el hombre de secreto,

                y hay que escaparse de modos

                de hacer a un sujeto objeto.

 

                        (Canciones. Diario poético,

                        de Unamuno. N.° 1.578).

 

        Unamunoren aitortza au dala ta, Pedro Laín Entralgok galdetzen du: «Por debajo del «hombre de todos», cuál-fue en Unamuno el «hombre de secreto», el hombre intrahistórico?». (La memoria y la esperanza. Laín Entralgo. Pgn. 161). Ta or ari da erantzuten, alegin garbienez, sekretua ostu nairik.

        Euskaldunok ere gere aldetik zor diogu galdera orri erantzuna. Jardunean jardunean goazkion bada aurrera, «ixilpeko gizona»ren billa.

 

aurrekoa hurrengoa