www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

20. ONA ZURE ERRI!

 

        Oroimenera datorkio bati emen Lizardiren «Parisko txolarrea»: «nunaitar izan-miñez», «neure burua ikusiz ain lotu ta arlote», «etxez kanpora, beti baserritarra»...

        Gogotan ere jartzen da Abendats emen, gure Bakarti gizajoari alkarrizketara otsegiteko: Onuzki! Onuzki!, gure Ero Aundi!, atozkigu!

 

                Adiskide kutun, lagun zorigabe,

                azpildu gabeko biotzaren jabe,

                onerako zabal, ederrak su-bera:

                atorkit, Onuzki, gaur oroimenera!

 

        Ta orra oroimenaren miraria, Lizardirixe beste bein gertatua. Abendatsen deiera, orra non jeikitzen-edo, berpizten-edo, ari dan gure Onuzki gizajoa, baratzerdiko gandu artetik nik al dakit zerk gorpuztuta. Orra aurrez-aurre, soin ta gogo.

 

                Baratz-erdian dut arki

                «aitona»: alderoka dator,

                begi galduak nora-nai...

                Eriotzak dakar besalagun,

                bere buruz ezpaita gai.

                        (Lizardi. Asaba zarren baratza).

 

        ABENDATSEK:

        —Atozkigu, bai, Unamuno; atozkigu gajo ori guregana. Zeuretarrongana. Parisen bezela Madriden naiz Londresen gertatuko zaizuta. Guregan, Euskal Animaren eliz barru ontan, Erri oso bat begiz joko duzu, begiz ezezik gogo biotzez anai joko gañera, Eriotzarekin burruka izuan intziri ta otoiz. Ez Velázquez ale bat. Ez, Gurutzeko Jon done bakar bat. Erri oso bat joko duzu, don Migel. Zure Erria joko deiez eta leiez, zeure barneeneko arrenga aietxek oiukatzen, «Bizitzearekiko sentimendu trajikua»ren dei-lei aietxek oiukatzen, iñori ikasi gabe, biotzak emanda, betiereko Bizi Naiak eraginda. Entzun zaiozu, jaun Mikel orrek. Entzuten badiozu, eztuzu esango bakar sentitzen zeranik. Abenda oni, larrimin ikara artean, zure erraietako gurari erdiragarria berbera baitariokio, itzik itz, mendez mende, bere zorigaitzaren obi amilletik.

 

        EUSKAL ANIMAK:

        —«Ni, ni, ni, beti ni! Ta ez esan nor naizen ni. Mundu zabalarentzat, ezerez; neuretzat, oro» (II, 724). «Giza anima batek (ta orobat Erri anima bakoitzak, orobat Abendatsek) sortitza osoak aña balio du!» (II, 723). «Beste Erri ori obea dala? Bedi, obe edo txarrago izate ori zer dan nik ez ulertu arren. Aberatsago dala? Ut-ut ortarañokorik... baña, alare, tira! Garaille omen dalako ori dala, nerau garaitua naizelarik? Bejondeiola. Guzi ori on du; baña beste bat da. Ta ori ez! Ori ez! Niretzat, beste iñor billakatzea naizena izateari uko ematea da; ots, beingoz esan, ez izatea. Ta ori ez! Edozer gauza ori baño len!» (II, 723).

 

        ABENDATSEK:

        —Ta oar, Unamuno. Etzaio beste alaraorik aditzen. Azken eunki beteon batezere. Karlistetako iru liskar aldi aietan eta orañeneko Bizkai guduan, Bizi Nai orretxek kemendu dizkio gudumutillak, irrits orretxek ezilkortzen dizka ilzori lerrenak, itxaro orretxek azkortzen agoni gosea. Il arte, eztu utziko urubi eriosuarra. Ildare, arrenga orretxen oiartzunak bizirik jarraituko liokela niñoke, zeruetan barrena, izarrak dardaratuz.

 

        EUSKAL ANIMAK:

        —«Urlia izan nai ori, edozein urlia izan nai ori, ezin onetsiko dut egundo» (II, 722). «Ez etorri niri, bada, beste bat izan edo beste bat biur bear dudalako mandatuarekin; mandatu ori, nerau izatea uzteko agindua bait litzake» (ibid.). «Nik eta zuk eta Espinozak eztugu iltzerik nai iñolare; ta iñolare ez iltzerik nai izatearen irrits au norgere izate muña dugu» (II, 720). «Ez, ez dut iltzerik nai! Ez dut, nai izaterik ere nai! Beti, beti, beti bizi nai dut, eta ni bizi, orain eta emen naizen eta sumatzen naizen Nerau gaixo auxe bizi. Argatik nauka larrimiñez nire Animaren iraunkizunak, neure anima onetxen, onetxen, betiraun bearrak, Min eta Min... »

 

        ABENDATSEK:

        —Españiar ziñalako, uste dute geienek, Unamuno, irteten zizula deadar orrek. Zeatzagoki, egiazkiago, oar ditezela: euskaltasuna duzu, «zeran eta balio duzun ala zor diozun» euskaltasuna bai, zuk berari baño berak zuri, espa ori biotz ezpañetan ipiñi zizuna, urduriz eta lerrenez. Eriotzarekiko etsikaitz ori euskal drama duzu batezere. Bai anbat: Don Kijoteren «bizitza ta ekintza senti al izatea zor diozun» euskaltasunarena.

        Zerbaitegatik zaizkigu Lizardiren bertsuetan aipatuenak:

 

                O, zein dan ituna

                bera bear au!

                Nik ez nai eguna

                biurtzerik gau!

                        (Biotz-begietan. Ondar gorri).

 

        Nik ez nai! Ez nai! Caro autem infirma. Alare, lege ankerra biguntzerik ezin:

 

                Udazkenak aulagotzen dit atsa,

                orbelak ozenagotzen oin-otsa,

                aldapak larriagotzen biotza...

                Lenetan ez bezin autsia natza.

                        (Ibid).

 

        Zuk, Unamuno, ezur eta mamizko ziñan indibidu mardul orrek, eriotzari zaputz egiñagatik milla bider ezetz eta ezetz, ark dei zizunean, an joan bear izan zenun zuk ere, Unamuno! ixil eta umil, aren besapetik zintzilik eta narres, sutarako erregai, oin otsa ozen pixka munduaren orbeletan atereaz eta utzirik. Baña orbela orbel duzu, ez illezkor; aizeak darama.

 

                Leer, leer, leer; seré lectura

                        mañana también yo?

                Seré mi creador, mi criatura?

                        Seré lo que pasó?

 

        Zalantzakeritik ezin jeikiz, giza animaren betiraun «objetibua» ezin sinistu dutenek, gizaixoek, betiraun orren oñorde badaezpadakoa iñon billatzekotan, gizadiarengan bila bear ba, etsi-etsian; ospearen magalean jo nai bear illezkorra. Ezur eta mamizkuok ilda joatean, gauzak omen diraute ba bizirik, soilki gauzak eta enderriak...

        Agnostiku gizajo orrek ere erdal munduan billa izan zenun, irakurleen oroimenean billa izan, betiraunaren oñorde apurra, «Jainko ordearen jainkoa». Auen oroimenean, ordea, oroimen ori maitasun mami ez biurtzetotan, zer zindezke? Seré lo que pasó? Ozta besterik gizajo ori: illotz bat; arrotz bat. Eztut uste erdal munduan biziro itsatsi zaitezkenik. Bakartiegi zera. Zerauegi zaituzte. Nekez duzuke iñon itsasterik. Gutxiago, iñon mamitzerik. Etzera, izandako bat besterik izango: seré lo que pasó! Edonon, arrotz. Illotz. Ereje zera, katolikuetan itsasteko. Jainkozaleegi, materialistek maitatzeko. Euskaldunegi, españiarrekin mamitzeko.

        Gurekin ziñezke soilki geuretar. Gugan jo zenezake zure «alter ego». Arroxkoegi izana zaitugu ordea gurean kabi zaitezen ere. Erantzi zaitea arrokeri ortaz, erantzi; ta zure euskaltasuna billotz agertuko da; eta gurekin geuretar billakatuko zera. Ez arrotz. Ez illotz. Ez, izandako bat. Baizik zerana, billotzik eta garbi. Zerana, muin eta joran. Zeu, bizi-bizirik. Zeu guziokin bat, ezkontideen arremanean. Geu anbat zeu. Zeu anbat geu. Erantzi, bada zeu orren arroxko geiegiaz. Betiraunak merezi du ga ta zeta biñoen estaltze arremana: Geu-Zeu, Zeu-Geu.

        Zu jaio baño millaka urte lenagotik bazeriokion Euskal Animari zure Jorana. Eriotzak zure aldarria liburu legorretara baztertu ta ixildu arazoagatik, Euskal Anima ezta ixildu; nekez ixil arazterik ere izango zaio. Zu ta zure Irritsa bizi-bizirik zaituztegu Abendatsen errain bizietan: ernari, lerzori, erraietan; arnaska, gora ta bera, bufar auspoetan; betikor, gizaldiz gizaldi, betikor, noiznai kulunkari ta noiznai urgain, Jainkoganako itxas txango. ziurrean! Fluctuat nec mergitur.

        Euskaldun katolikuok ziur baitgaude, emen lurrean ondoa jota re, zeruetan urgain izango gerala. Jesusen arakoagatik: «anima, galtzen dunak iritxiko du».

        Agoni gorriena darabilgu onako betiraunari eusten eta eusten. Baietz nai dakiola Jainkoari. Baña lurreko gudua buruenik galtzea gertatu arren, eztugu ezergatik galduko burueneko Itxaroa, Iratzeder-en ura alegia: «Zeruan, zeruan erdietsiren dugu elkargo ederrenez Eskualherri». Jainkoagan Euskalerri izango are Euskalerriago! Abendats Abendatsago! zeu ere zerauago! Zeru-lurrak itzaliko dira; baña Abendatsen Bizi Naia ezta itzaliko.

        Beñola jadanik ez gaude, bada, erara Hamleten dilemarekin: «Izan edo ez izan!» Abendatsen Bizi Naiak, Abendatsen Itxaroak, eztu dagoneko onartzen beste dilemarik: bizi edo Bizi! Agustin gorenaren jomugara gaude intziriz eta larrimiñez: Aut vitam mortalem aut mortem vitalem!

        Argatik gure eriosuar izua, agoni paregabea, azken mendeko lau gudateetan. Argatik diogu eriotzari bildurra bai ta bildurrik ez.

 

                Ta udazken-atsarreko goiz batean

                esnatu nadi Jainkozko Betean!

                        (Ibid.).

 

aurrekoa hurrengoa