www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

6. NORNAIGAN ASERRE BIDE

 

        Ta edozertan, edonorgan, darki aserrerako orpo ta liskarrerako zio. Ikusmira, bestela, bere enseiu ugarietako arkibideetan gaiak. Zernaitan idorotzen dizu zeri eraso. Lumari daragion bakoitzean badirudi zartalluari daragiola:

        Eztigu osorik uzten lagundi, araudi, ertigintza edo dogmarik; laterri, erlijiukera edo ekintzarik; jokabide, elburu, tradizio ala etorkizunik; gutxiago arrandi ta aundi usteko gizontxorik... Ozta asma daikegu eguzkipean, ark maxia gabeko zirritu bakarrenik.

        Bere burua? Eztare. Oiko gordintasunez jalkitzen dizkigu parra-parra, guk gere buruari lotsaz ito gabe egotsiko ez genizkioken amaika ta bost giza auleri. Norberaz kontentagaitza bear du nunbait izan egibillari zuzen bakoitzak, Agustin santuaren arako esanera: Poema sui est omnis ordinatus animus.

        Jendea eskandalitzen dala? Anbat obe. Kukildu bearrez, azi egiten da alakotan; dezteratu. Txaloa ta jaramona bai, baña ez erara egoterik eztio eskatzen, eztio desira, jendeari. Eztu iñondik ere nai giza ardalletan izena ta izana galtzerik, ibaiek itxasoratzean bezela. Ez, subjetua objetu biurtzerik. Badu bere ixilpea» bere-beretzat, gorde-gorde. Bakartea naiago, populuarekin erabat nastea baño.

        Bakarteak, kaiolako leoiari legez, erpe ortzak zorroztu besterik eztio egiten. Kontu, alakotan, zintasunaren kontra obendun giñezkenok; itxura utsaren soñekoz jakiñeko gezurra

estaldu nairik gabiltzakenok. Alakuoi kaiolako leoiak, ortzak erakutsi ezezik, erakutsi ta sar egiten dizkigu gustora, kausk eta mausk, iñoizko griñatsuenik. Esana baitugu: zintasunaren aurkako pekatua, uraxe Unamunoren gardiz, aundiena, burutu eziñena, kaltegilleena. Pake bai pake agindu zitzaigun Belenen borondate onekoentzat. Eta txarrekoentzat? Oientzat ezta aztarrenik ere. Oientzat... asuna, zango ta ipur.

        Kontu, beraz, justizi ta eskubide oro usteko militarrek, oetxek batezere arranea, euraz kanpo abertzale onik eztalako ustekoek. (Ez utzi ez, irakurle maite, oietxei buruz bilbotarraren artikulu mardula: «La patria y el ejército» (1, 769). Kontu jakintsu arroputzek, jokera ta egi zarrentzat diñotenek «beude daudenez» eta berrientzat «alde, nireak etzeratenez». Baitare zenbait katolikuk, mundu guzia belarritik elduta prozeziuan sarrarazi nai omen dugunok. Ez gutxiago, berenaz arat beste Españirik, beren molde ta gogarakoa baizik, ikus edo ezagun nai ez dutenek. Orobat politikoek, aberri aipatu-ala arengandik gizentzea besterik kutizi ez dutenek...

        Beingoz esan: gezur kukurruku jotzalle ta jozale guziek.

 

aurrekoa hurrengoa