www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

24. GURE BIZKAI GUDA!

 

        UNAMUNOK:

        —Jarrai, adiskide; onako ontan konberti bear nazu ta. Adi-adi nagokizu, jo ta ma nagokizu, mundu agertu berri bati so...

 

                Asaba zarren baratza,

                untzadun ormek esia...

                Otzaldi zoro baten itzuli,

                joka nagokik atea.

 

        ABENDATSEK:

        —Konberti, ez. Eztuzu konberti bearrik. Urrutiko seme galdu ori beti izan zaitugu euskotar zale; zalez gañera euskotar izale, amasei saietsaldetatik. Zuk eztuzu erru, amak zuri euskeraz ez irakatsiarena; eztare, zu il ondoz zure Bizkaian jazoa ez ikusiarena. Begiz ez ikusiagatik ordea, sumatu edo iragarri baietz niñoke. Zure euskotasunaren eragitez, sarkorrez eta iragarpenez, esan diteke, zuk Bizkai guda ori alde aurretik somatu ta asmatu zenula bere trajediaren bikaintasun mamienean. Don Kijote-ren eta bizkaitarraren arteko «combate» uraxe berbera izan baitzan, aldeak alde; ta kapitulu artako zure irizte ta kontzetuekin gainkiro kontatu naiz gogartu ditezkio zergati ta ondorio nagusienak.

        Aldeak alde: aurreratu dizut. Ezpaizan Don Kijote-rik gudu artan, izatekotan gure alderditik baizik. Gure alderditik Santxo de Azpeitia-ren betiko «Vizcaya» jokatu zan: «leñargia, zindotasuna, andikitasuna, kijotetasuna» (I 749); kijotetasunak utzia baitu Españi erdigunea ta iñun izatekotan Euskalerrian baitugu gaurregun (I, 749).

        Ta etsaien alderditik joka ziranak? Onatx zeintzu batezere: «beren pentsakera ta sentikera Españitik beingoz suntsitzea nai zenituzken aietxek» (I, 741); zuk ainbat bider nasketsitako militarismua, beduinismua, piztikeria, hipokresia, baezpadako katolikutasunaren gezur ikurrina (kierukeria zeniñoken zuk), erbestekeria...

        Gogora, 1936, zure azken illabete gotillun aiek. Gipuzkoa aguro erori zan, erreketeak sartzean. Aguro ta ergel eta lotsagarri erori, giputz-bizkaitarrek beste bateko oldarra galdu bailuten. Bazirudin illik zala Euskalerri.

        Non dugu gure Kantauri menderakaitza? galdetu bide zenun, ez tamal gabe. Naparroan bakarrik? Bizkaian zegon, Unamuno; zu ilda bertako Bizkaian. Antxe bai gudaldu zirala bizkaitarki, zuk esan oi zenunez!

        Don Kijotek arerio gaitzena bizkaitarragan topa zula? bai Mola muturbeltzak ere. Ni zaldun ezetz? orrek sumindu Azpeitiko Santxo. Gu Erri ezetz? orretxek gudariak ere irakindu.

        Ta an eraso zioten, «zeru ta lur arruak jan bearrez». Bizkai mendi bakoitza, Mikel jaun, ia oma edo tontorgune bakoitza bi ta iru ta sei aldiz —sei aldiz ere gero, don Migel!— artu ta utzi bear izan zituzten batak eta besteak.

        Ura zan ura! Etziñaken gutxi illarrainduko ura ikusita. «Iñoizko eunkitik iñoizkoren batera baño begizta ez daitekena» deitu bearko, Unamuno, uraxe re. Batetik, nazitarren indarra, burnia, militar teknika, ortzian beitz; lurretiko napar, mairu ta italiarrei laguntzen. Bestetik, giputz-bizkaitarren euskal etsi eziña, beren kemen izuan billotzik, zeri eutsirik gabe, defenditzen zuten lurrarixe baizik. Aiek egunez eraso ta oek gauez erantzun. Aieegunez arrapatu ala oek gauez berentzakotu. Orixe izan zan iru illabete lurpuxka bakoitzeko jokua ta kontua.

        Nazitarren abioiek, artarako, goizean goiz odeietan agertuz eta gordez, erruki gabe zanpatu, kizkali, txautu, zabortu, azpian arrapatu ala, zana zala: trintxera edo uri, gudari edo umegorri, fabrika edo eliz... orrela sarpidea irikiz txapelgorri bulartsuen abantari eta mairuen piztikeriari. Bizkaitar lurgalduek, beren aldiz, illunkarari itxoin bear, berdiñetik berdiñera erantzungo bazieten; eta ala, burni beleen burrunda ondaketak atertu orduko, gauaren babesera eraso berriro, su ta gar, utzitako lurpuxkaren billa, jo beinberriro il edo bizi, zan bezela zala, eskubonbaz ezpazan soin agiri utsez, ez etsi beintzat, ez etsi iñolare, egunargiz galdutakoa ber-eskuratu arte eta sarraskiaren gain Bizi Naiaren ikurrin maitea ber-ipiñi arte...

        Ez, Bizi Naiarena bakarrik orratio ikurrin ura. Euskal Bizi Naiarena añaxe, zure filosofi oso-osoarena ere bazan, Unamuno. Zure filosofiak Bizkai guduantxe ikusi baitzun, ikusi ta jo, bere Tabor eta Golgota, bere aragitze ta apoteosi bikañena, bikañagorik nekez amestu al bezelakoa.

 

                Goiz artan Tabira'k, esnatzean,

                txori beltzak zituan ortzian...

                Eleizan kristauak otoitzean:

                sapaia jausi ta arrapa azpian!

                Apaiz zartxo bat da mezalari

                Jauna eskuan dula ilda jausi!

                Ta Jainkoaren Odol bera

                ixuri zitzaigun lurrera...

                Onelaxe dala bat egin

                Aren Odol Erriarenakin!

                        (Montzon. «Gudarien egiñak»).

 

        Goraipa bezate, zuzen dutenez, rusuek Stalingrado, prantzesek Verdun, frankotarrek Toledo-ko Alcazar; guk gere izkutuko martirolojiu ederrean, dagoneko Orreaga-koa ta ganbaratuz, beste onakuokin izango dugu naiko arrandi ta erakusburu: Durango, Gernika, Artxanda, Lemona, Sollube, Sabigain...

        Orren zinki, orren zinki, bere erritasunari eusten dakin Erri batek ez du merezi iltzerik, Unamuno! Egia berea du, ta «egiak geiago dezake makillak baño. Lenago autsiren du egiak makilla makillak egia baño».

        Urteotako gobernutarrek, gezurra ta zikiña aiola, alegiñak ari dituzte gudari miresgarrien aunditasun eta gurentza paregabeak estali ta lokazten. «Egiz» errebista bera ere debeka digute. Baña eztiogu bildurrik geroaren epaiari. Gaurko gaitzesanak eta gaitzusteak urratuz justizi egingo zaigunean, ez du ezerk ito al izango norgeretasunaren arroa ta irrintzia, ozkarbiz ozkarbi: Onatx gu, Unamunoren Erri!

        Iñoiz izan al da gero gure Euskalerri orduntxe bezin Euskalerri? menderatua izan zaneko orduntxe bezin menderakaitz? Zerk menderatua, ordea? Bere buruak! bai, bere semeen arteko kontragiteak, bitaratzeak, alkar iltzeak. Eztugu aztu bear naparrak ere euskotar dirala. Aitortzeko da, ta arrigarri ere bai, nolako benetan, nolako euskotarki, jokatu ziran oek ere beren idealaren edo ideal ustekoaren alde, erabat odol ustutzeraño. Bai noski: oetxek ere, Unamunoren Erri!

        Mando kaskallu eozkorragatik izan ezpalitz larri ibiliko zala Don Kijote? Bai onakoan ere gallego mokorra bere erbesteri ta guzi.

        «Utzi mando gaña!», otsegin zenigun, «Mando ori eztuzute ta etxeko»! Deadar kontseju orri entzungor egiñak galduazi zigun gudua: ots, kanpotarren iruzurrak, napar-bizkaitarrok batabesteen aurka ipiñi ta burrukaraztean, erlijio gezur aitzakian, ezpaitzan ontan alderik; ta baitare, norgere betiko «iñuzuaren» antinomi ta antagoniak.

        Gerezko ta kanpotiko antagoni onek, alare, txar aña on ekarri zigun, badakusazunez: gudua galduazi aña gure idealismu ta heroismua azi zizkigun eta gallurtu izarretaraño, sekulako ederren. Betiko paradoja: gure zoritxar aundiaren zorion aundia! «Guduan pake!» ta... pakean gudu!

        Bizi izatera, bai galanki poztuko zindula, Unamuno, zuretarren idealismuak, zintzoak, sendoak eta eriosuar egundoko arek. Eriosuarkiro gudukatzea napar-bizkaitarroi toka zitzaigun; irabaztea militarrei, madridarrei; ta galtzea, jakiña ba, erabat euskotar guzioi; aiei parre egitea toka zaie orain ta guri negarra, damua, amorrua. Garaitu omen gaituzte, Unamuno, baña ez arranea konbentzi! Bizi izatera, bai anbat ill arrainduko ziñala zeuk eriotz aurrez jaulkitako iragarpen mardul aretxen egi ikaragarriaz: «Venceréis pero no convenceréis!»

        Antzematen dizut: pentsatzen zaude gugatik guk zugatik pentsatzen duguna, ez al da ala? Guk zugatik: «Etzaitugu batere gutxiago: geu beteko euskalduna!». Ta zuk gugatik: «Etzaituztet batere gutxiago: neu beteko Erri!» Bizkiaren Sarrerakoa, ain zuzen:

 

                Geroak esan beza:

                Erri bat izan zan!

 

        Uztadazu apurtxo bat oraindik. Zillegi zaidazu, beste bein, zure «desahogo lírico»etako bat. «Maiz —diñozu—, ondo re ondo maiz, biotz irrika miñenez kutizi izan dut fede sukarrezko epoka aietakoxe batean bizi izan izatea: edo neurrigabeko griñak eragindako erri baten sabelean, edo guruztarren (cruzados) artean, edo albitarren (albigenses) artean, edo Cromwell-en gudozteekin, edo Coligny-ren hugonoteekin, edo Enrike Suso-k bere penitentzi ikaragarriak artzen zituneko monasteri barruan» (II, 582).

        Etzeneukan epoka aietaraño alda bearrik. Onatx erri ori, zeure egunetantxe, zeure Bizkaiantxe, sukar santuak gurenduta, Gernika-ko erreketa ondakin artetik, bizitzarekiko sentimendu larrienean zeruari ta lurbirari oska: «Bizi! Bizi!»

 

aurrekoa hurrengoa