www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

29. «SUMIN SANTUA»

 

        UNAMUNOK:

        —Kollonduta egon? Balinbaite lotsagarri, lotsik ba. Areago euskaldunontzat. Zuzen esan duk gizon augula Abendats, musak emakume oi badira ere. Uzkudundarren eta Loiolatarren indar adore basatiar menderakaitzari etzegokiok beingo beinka baizik ematasunik, sekula ez emekeririk. Eztiagu emekiro egin bear negar. Ez, gure Lizardiri bere kristautasun eredugarriak egiñazi bezela:

 

                Biotzean min dut, min etsia,

                zotiñik gabeko negar-miña.

                Alatsu txoriak, uda-ondoz,

                negua du galazi-eziña.

 

        Amona zanarekiko ederki ziñon zarauztarrak. Gure arraza makilkatuak, ordea, eztu orrela bear ezbearrarekiko. Gurea bezelako Erri zail latz nekaitz gizartsu batek eztu negu eriotza sekula etsi bear galazi eziña; ez arerioa, geran baño gallenago.

        Jator mintza aiz, Abendats, Euskal-Miñari buruz. Aiurri ori jotzen eztiguten etnologuek, Erri paketsu alai patxaradun zoriontsua omen gerala diñoten ezgutxi oiek danek, urgaña ta olatu aparra besterik etzigutek begiztatzen, fotografian antzo, barrunpeko biozkada asalda urduriak aztarrendu ere gabe. Azaleko goraberek ezer gutxi esaten ditek, enderrien mendu berezia zeintzerakoan; egokeraren untzaosto baizik ez dituk, eta ez izakeraren igali.

        Gaurko Euskal Miñari alare aje bat nabari ziot, Abendats. «Pasivua» duk, pasibuegia, ta ez nik nai nuken bezin erasokorra, ortzakalaria. Bildotxegia jotzen diat otzanez; olloegi, kollonez; untxi edo, eramapenez. Kristau eramapenak orrela bear dula? Ez, jaunak, ez. Kristo ez uan orrela parisaitarrei ordañak eta bost arpegiratzean. Ezta Iñigo ere, Alkalako Figueroatarrei ortzak erakustean.

        Edota zuek, Jesukristo baño otzanago, Loiola baño santuago, zeratela uste ote dezute? Kristau eramapenak orrela bear dula diñoten oiei galdetu ea eurena ere orrela ote dan, ea eurak ere orrela nai diran, ea zertarako nai gaituzten orren asto nozitu ixil, eurek gu gogorako makilkatzen jarraitzeko baizik.

        Etzazutela nastu kristautasuna ta gizajokeria. Oso bi dirata bata naiz bestea. Gizajokeriak ondatu gindun karlistetako gerrateetan, ta orobat azken Bizkai gudatean, neronek aurrez gaztiatu nizutenez. Liberalon ezpaloitik begiratuz konturatzen da bat, gizajokeri orrek zenbat ondamendi dakarkigun, nola egoak jaten dizkion gure gerezko joranari, aundi.goseari, eroari, idealismuari, zernaitari zirt edo zart egin bearrari...

        Gizajokeri ori astintzen eztugun bitartean, alperrik izango dira gure negar antziak, ez gera nik nai nuken bezela ezer «ikaragarririk» egitera elduko, ekintza ederrenak erdoituko dizkigu eta ez gera sekula mende t'erdi ontako giltzapetik jareingo.

        Argatik ni ez nazute ixilduko aldarrika nire betiko leloan, naizta zuek jaramonik ez egin: «Jetxi mando gañetik!» «Imponéos!» «Eraso, erasogille bakoitzari!»

        Nire betiko leloan aldarrika iri, iri ere bai, Abendats, eu ere zerbait kutsatutxoa ez ote agon bait-natxegok, zertxobait murriztua ikusten aut, gurbiltasun edo gurbilkeri ori dala ta.

        Aldarrika gaurko bertsolarioi ere, berebat idazle-izlariori ere, zer esanik ez politikoei, ezpaitzerate gauza, esan nai da etzeratela ausartzen, atzoko Xenpelardarren zipoizketa, adarra jotze, ordañak biurtze, gordin ozpintsu bizi mutiri eragabe lotsagabe xarman artan itzegiten:

 

                Bala bat sartu buruan!

                Aspertuko da orduan!

 

        Aldarrika bazkaldar guzioi, gexamexa ori ezpaitugu gerezkoa, kanpotarrek beren onerako itsatsia baizik. Billa zagula, billa, Don Kijote-ren Illobia ta libra zagula, libra, «batxiller, barberu, kanonigu ta dukeen mendetik»!

 

        «Ponéos en marcha! Que adónde vais? La estrella os lo dirá: «Al sepulcro!» Qué vamos a hacer en el camino mientras marchamos? Qué? Luchar! Luchar. Y cómo?

 

        Cómo? Tropezáis con uno que miente. Gritadle a la cara: «Mentira!», y adelante! Tropezáis con uno que roba? Gritadle: «Ladrón!», y adelante! Tropezáis con uno que dice tonterías, a quien oye toda una muchedumbre con la boca abierta? Gritadles: «Estúpidos!», y adelante! Adelante siempre!»

(II, 72).

 

        «Que tus palabras sean estridentes y agrias a sus oídos».

(II, 74).

 

        «Poned, pues, alma en vuestras voces, llamad con denuedo y brío canallas a los arrieros que arrancan de su reposadero las armas del ideal para poder abrevar sus recuas, y conseguiréis atemorizarlos» .

(II, 94).

 

        «Tenía razón el Caballero: el miedo y solo el miedo le hacía a Sancho y nos hace a los demás simples mortales ver molinos de viento en los desaforados gigantes que siembran mal por la tierra».

(II, 110).

 

        «Y ante todo cúrate de una afección terrible que, por mucho que te la sacudas, vuelve a tí con terquedad de mosca: cúrate de la afección de preocuparte cómo aparezcas a los demás. Cuídate solo de cómo aparezcas ante Dios, cuídate de la idea que de tí Dios tenga».

(II, 77).

 

        «Tu no sabes bien, mi buen amigo, cómo los solitarios todos, sin conocerse, sin mirarse a las caras, sin saber los unos los nombres de los otros, caminan juntos y prestándose mutua ayuda. Los otros hablan, se dan las manos, se felicitan mutuamente, se bombean y se denigran, murmuran entre sí y va cada cual por su lado. Y huyen del sepulcro. Tú no perteneces al cotarro, sino al batallón de los libres cruzados...»

(II, 77).

 

        Euskal Miñak barrurako aña kanporako ere izan bear du, nozitu ala aztoratu ere bear, min artu ala eman, entzun ala erantzun, samindu ala sumindu, negar ala zaunka, zaunka ta ortzaka, zipo ta zipla ixiltzeke. Ala dugu gerezko aiurria ta ala bear du gure jokabideak.

        Euskal Miñak samiña aña sumiña bear du, bada, bai jaunak bai, sumiña, sakerra, erasogillea, gallena, ez indutarrena, baizik kantauriarra, zemai ta orro ta bisuts dariona, eztut esango apenkorra ere baietz baño bai beintzat «zeru ta lur ta amil jan bearrekoa».

        Gorantzi, gero: urkabearraren otzanki burua makurtzeak, adoretzen du borrerua; jendearen kollonak, soraioak, ixillak, eramapenak, arrotzen despota, kementzen etsai koldarrena. Txakur bildurtienak ere igesi doanari ortzala dagio.

        Eztuzute ikusten zuen otzanak, zuen zipo ezak, zuen kotaratzeak, indarragotzen dula etsaia eta jauntxoagotzen? Zer ari zerate or, or ta emen, bazkari tarte bakoitzean, zeon artean txutxuputxuka, beti zeon artean, atso mutxurdin iduri, maxia ta marmarra, zer ari, plazara irten gabe, zuen arteko negar espak eta protestakizunak etsaiari arpegira ta kalera botatzen ausartu gabe?

        Irten plazara, joan tertulitara, ta esan eta zabaldu, zabaldu idatziz eta solasez, dan bezela dala, egiten zaizkizuten salkeri, pardelkeri, purtzilkeri ta kerien keri sinistezin alak. Artaraxe baizik ez dituzute beingoz uxatuko labe zamorroak, ez kukilduko arerioak.

        Ikasi ontan nigandik. Unamunoren «aserrea» zenuteke erakustun. Edota Santa-Kutz batena. Naizta Etxahun batena. Ez aantzi Lope Agirre berbera euskaldun duguna.

        Onakuok ez gatzazkizutela eredugarri? Jakiña ezetz zenbait geiegikeritan, baño zergatik ez zertxo-zertxobaitean? Gogartu Txillardegi-rena: «eskierki agintzen dizuet au, kontuan ar dezazuten: naiago dedala nik Unamuno eragillea, bere akatsak eta guzti, beñere kezkatu ez diran sasi zentzudun berekoi guziak baño». Sekula kezkatzen eztiranentzat ezezik sumintzen eztakitenentzat ere bapo dator iritzia. Zeok lenbiziko zaratara ontzarena egiten baduzute, igesi jun, edo marraskilloena, adarrak gorde, bearko nire kideko ta ezpaloiko batzunbatzuk ekin, akar ta zakar, lozorroak astintzen, parisaitarrak narrugorritzen.

        Ez gatzazkizutela eredugarri! Eztare Leon Bloy bat, Papini bat? Eztare orañeneko gure «Juan de Iturralde», «El catolicismo y la Cruzada de Franco» idatzi duna? Ezetz? Demontre zuzia! Ea beste au: eztare gure Loiolako Inigo? Eztare Jesukristo berbera?

        Balinbaite, bi ok baietz. Tira, ba. Asi gaitezen Iñigorekin. Gero elduko Jesukristogana.

        Zeoi entzun dizutet, Aita Manzisidoren liburu berriaren gorespena: «Gure Patroi aundia». Andimari entzun, ain zuzen: «Liburutxo ontan beste guztietan baiño askoz ere geiago ikasi dut Iñaki deunari buruz; gaiñera, santu andi au, beste liburuetan baiño ortzargi, eskurakoi ta adiskideago agertu zait».

(Euzko-Gogoa. 1957. Orrilla-garagarrilla).

        Arrazoirik badu lekeitiar bipillak. Ugazamatarrek ondo gorderik lurremanda ixildu nai izandako amaikatxo Patroiaren zertzelada polit jakin ditugu beintzat, Manzisidorek tartean martean zipristinka «inuxenteki» adierazita. A ze «iñuxentea» gure Manzisidor!

        Orriz orri, or adierazten zaigu Iñigok zenbat eta zenbat sufri bear izan zun Inkisitoreengandik (zenbat? Inkisisiñoie ba! gernikarrek liñotekenez) eta nolako trebe arpegi ematen zekin, ala zerizkion bakoitzean, zanari zala: batzutan jardespen zorrotzenez eta bestetan, irakaskarriago zitekenean, ostetasunezko mutu-mututzez.

 

        «Iñigo egizalea zan, eta barruan zeukana, Jaunaren aurrean irixten bazitzaion, iñori esateko bildurrik etzuna. Caraffa-ri ere gauzatxo batzuk esan zizkion, itzalez eta gozoro, baño esan. Min artu zun Caraffa-k; onez esandakoak izan arren min eman zioten...». Ta abar. (143 orrian)

 

        «Gizona zan gero Iñigo... Erantzun bear zituanak, onez erantzun zitun; baña praillea aurreratxo sartzen zala, ta eskubide etzuna egiten asi zanean, kito! ezta itz bat geiago berari. Gizon jatorra; ez gaurko askoren antzekoa. Jainkoari bakarrik zion bildur». (104).

 

        Berrogei ta bi egun kartzelan Alcalá de Henares-en; ogei ta bi Salamanca-n; auzitegiak eta baitegiak eta galerazpenak Españi guzian; galerazpenak «Gogo jardunak»entzat; galerazpenak dotriña irakatsi zezan, prallez jantzi zedin, txiroei lagundu zezaien, «au pekatu astuna da, au pekatu ariña da» erabaki zezan, Lagundia osa zezan...

 

        «Eragozpen oiek etzioten askatasunik uzten bere lanetan. Orregatik, jardun bazioten ere epailariak edo juezak, an gelditzeko ta gelditzeko, ez! Danak utzita. Paris-ko Unibersidaderako bidea artu zun». (107).

 

        «Iñigo-ren amesetan, lagunak biltzea oso barru barruan izaten zan. Alaxe, ikusi degunez, aurreko urteetan lagunak bildu zitun. Lagunarte ura, Salamanca-tik atera zanean, ausi zan. Lau ziran: Kalixto, Arteaga, Cáceres ta Reynald. Au, gazteena, praille sartu zan. Arteaga Ameriketara bi jun-aldi eginda, azkenik oso aberats Salamancan bizi izan zan. Cáceres bere erri Segovia-ra jun da orduarteko ametsak utzita bizi izan zan. Inigo-ren lagundia toki onean!

 

        Emen Paris-en lan orri berriz ekin zion». (115).

 

        Paris-en, bada, azkenean, Mont-martre-ko elizan, irazi al izan zun Españian ekinda re ezindako Jesusen Lagundia.

        «Antxe, Jauna dagon aldare inguruan izki aundi batzutan itz auek jartzen dira:

 

                Societas Jesu

                quae Sanctum Ignatium Loyolam

                Patrem agnoscit, matrem Lutetiam,

                hic nata est.

 

        Esan nai du:

 

                Jesusen Lagundia,

                Aitatzat Deun Iñazio Loiola,

                Amatzat Paris ezagutzen duna,

                emen jaio zan» (123).

 

        Gerozkoan beti euki zun Paris-kiko oldozpen eta gogorapen gozoa. Berak zionez, beste iñun baño obeto ikasten zan erriartan; eta ango ikasleen bizitza ere iñun baño zuzenagoa eta egokiagoa zan, jakintza norbereganatzeko. Ala idazten zion Erroma-tik bere illoba Loiolako Millan-i, au ikastera norabaitera joatekotan zebillenean» (110).

 

        Ta ez uste ez, maikideok, Iñigoren aldiko inkisitore aiek txit biguñago ziranik gaurko militarrak-eta baño. Ezer gutxikin, batzutan ezeren errurik gabe, an joan bear izaten zuten makiña bat zorigabek lenbizi giltzapera ta azkenik surtara. Bazekin Iñigok zer zetorkion, ezertan erejirik edo okerrik arrapatzen bazioten. Alaz guziz, etzan batere ikaratzen, Ikaratu? Epailariaren irain edo zemai bakoitzari zorrotz eta aguro jardetsi oi zion zegokion moduz eta tonuz.

        «Epailari izandu zan Alkala-n, Toledo-ko Gongotzaiaren ordeko zan Juan Rodriguez de Figueroa» (94) Figueroa au an joan zitzaion Iñigori leotzara, Iñigo leotzean zegonetik ogei ta zazpigarren egunera; milla galdera amarru ondoren, itandu zion ea larunbata jaitzat gordearazten zun. Ta Iñigok, «bere euskaldun arrandian sumin sumin eginda» (diño Artetxek), orra nola erantzun bertan itzetik ortzera: «Nire Aberrian eztago judurik», «En mi patria no suele haber judíos».

 

        «Azkenik Iñigok galde egin zion (Figueroa oni berari), ea aiengan erejirik arkitu ote zun ba...

        —Ez! arkituko balitz, erre egingo ziñuzteke...

        —Baita zu ere (erantzun zion Iñigok) erreko ziñuzteke, erejirik zugan arkitzera.» (94).

 

        Iñigoren sumin santu ori, maikideok! Iñigoren sumin santu ori, euskaldunok! «Kristau zindo bakoitzak bear bearreko du Jaungoikoaren sumin santua», gogorazten digu Leon Bloy-k. Ez da bildurrik egi sumiña noiznai eta nunai aldarrikatzeari. Veritas liberabit vos. Ostera, ezin uxatuko ditugu gure artetik merkatariak eta gurutzean jostea nai diguten Judas pa emalleak.

        Eztugu aztu bear Pernando Amezketarrarena: «Iru gauza alperrik galtzen omen dira beti mundu ontan: urrutiko egurra, egoaizearen indarra ta pobrearen arrazoia».

        Baldin gerok enetxuok ezpadugu burua defenditzen, nork egingo digu ori bi milloi ez geran abenda naiko pobre oni?

 

aurrekoa hurrengoa