www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

21. ZERAU GAITUZU

 

        UNAMUNOK:

        —Nor zera zu? Nonbait ikusia zaitut.

 

        ABENDATSEK:

        —Ikusia ez, baña bai somatua. Zerau nazu, Unamuno. Nerau aña zerau nazu. Abendats naiz.

        Abendats. Euskal arrazaren seme ta guraso. Seme natzaionez, nik ere «ene abendari zor diot naizen eta balio dudan ala»; ta baitare, Unamuno, «berarixe zor zure bizitza ta ekintza senti al izatea».

        Guraso natzaionez, eusko abendaren arnas nazu, ta iñude, ta eustale. Kolko barru bakoitzeko azkurri ta ajurri ta mintzo ta eragille.

        Abendats. Zeure euskaldun izatearen urretxindor izkutua, izkutua bezin kantaria, zurebaita barneenetik ixiltzeke ziarduna, jendeek uste duten baño milla bider geiago ta geiago. Zure beti miñaren Ats eta auspo ikuseziña. Zuk agertu nai ez izandako «el hombre de secreto» berbera. «Zure baitan iziari ziardun Norbait» uraxe, «bere arpegi izenak ezagutzeke obeditzen zeniona», «bere arpegi izenak ezagutze ezkero bertan ilko ziñakena Bera Bizi dedin!» Uraxe, Uraxe...! Bera Bizi dedin eta Beragan bizi zaitezen! Uraxe...

 

        Muchas de estas ocurrencias de mi espíritu que te confío ni yo sé lo que quieren decir, o, por lo menos, soy yo quien no lo

sé. Hay alguien dentro de mí que me las dicta, que me las dice. Le obedezco y no me adentro a verle la cara ni a preguntarle por

su nombre. Solo sé que si le viese la cara y si me dijese su nombre, me moriría yo para que viviese él.

(II, 70), Vida de Don Quijote y Sancho.

 

        Abendats. Ikuseziña ezpanintz, ezur eta aragizko batenbat banintz, aguro il naiko omen nindukete zenbaitzuk beren atzaparretan. Etsaigo makurrena omen didate neuretako batzuk. Nik, neure aldez ordea, eztitut etsai. Eztiet argaizto izpienik. Abendats ezta jaioa txarkerirako, ez burrukarazteko, ez sakabanatzeko; danak pakeratu ta adizkidetzeko baizik. Gorrotatzea edo apendu artzea, neure izatea ukatzea litzake. Guziei natzaie guraso. Oro barkatzen diet, ama batek ez aña.

        Ta ez naiz emakume, ez orixe, goitargi ta beste musak emakume jo oi badira ere. Arreseren «Aratziñe» nire alabetako bat baño eztuzu.

        Nire abizenak? Millakaetatik, ona batzuk: Aitor, Lekobide, Basajaun, Jaun Zuria, Amagoia, Peru Abarka, Pernando amezketarra, Etxaun, ta (ez ote?) Leturia auxe re...

        Ta bestetzu: Lizardi, Santa Kutz, Zumalakarregi, Loyola, Xabier, Garikoitz, Zumarraga, Antxieta, Legazpi, Elkano, Urdaneta, Lope Agirre, Urtzua, Bolibar, Erauso, Zubia, Aita Vitoria, Azpilikueta, Trueba, Kanpion, Unamuno, Zubiri, Zaragueta, Salaberritarrak, Baroja, Zuloaga, Usanditzaga, Eskudero, Uzkudun, Arana Goiri, Azkue, Barandiaran, Galindez...

        Millaka ta beste ainbat abizenok, ordea, iturburu bakar bat dizute, basoenean: Ni ta Ni, danen sortarazle. Ta izen bat, izen anonimu bat, ixilpean: Abendats. Abendats anonimua zuregan. Abendats anonimua Akelarren, Arantzazun, Oriamendin, jentillaroan. Abendats anonimua, euskal odolaren eiterik edo fisonomirik daramaken zernai ta nornai bakoitzean: itxasgizon, lurbillatzalle, indiaseme, santu, gaizkin, ertilari, jakintsu, langille, mixiolari, gudamutil, guraso, nekazari, salerosle, industrigille, kirolari... ta beste gañerako guzietan barrena.

        Abendats Volksgeist euskalduna. Euskal Bizi Naiaren olerkari ixilpekoa nazu. Ixilpekoa bezin eragikor eta indartsu. Nire Erria bezin ixilpeko: bera bezin indartsu eragikor; bera bezin bakarti, ezezagun. Entzuten zauden Abenda gaixo onen agoni aiotsa nazu. Euskal anima zarra natzaizu, belaunik belaun. Euskera zarra natzaizu, aboz abo. Norberean irauteagatik euskera uzterik nai eztun betiereko Euskalerri setatsua berbera, eutsi ta eutsi...

 

        UNAMUNOK:

        —Euskera! Bein bear da, oraindik ere Euskera! Ondo gizaldietako kasketa arranepola! zuen auxe. Noiz arte, ordea? Noiz zentzatu bear duzute? Noiz adore ta gizatasun izango, beingoz euskera pakean iltzen uzteko? (I, 374). Orrek eztu erremeiorik: badoakigu, ta kito. «Gertari» ori atzeratu daiken giza indarrik ez da. Bizitzaren legez bait doakigu. Alabearraren patuz (I, 373).

        Oso aguro doakigu, gañera. Orra, dagoneko, bi eratara azkenak ematen: zabaleraz eta sakoneraz (I, 375). Euskotarrok Laterri aske izatera el bagadi ta euskera ofizialduko bagendu ere, berdin berdin igartuko litzaiguke, berezko gau ezaz; zenbait basa abere mota, domestikatzean, makaldu ta il oi diran legetxe (ibid.).

        Ez gaitezela, alabaña, atsegetu. Ez dezagula orregatik naigabe; gorputza illagatik, bere anima obeki bizi iraun dakion izango bait da (I, 373). Ezpaitago, gure gaurko Erriaren ziztuari dagokion bezin aguro ele mintzaira ori kulturarako trebetzerik (I, 395).

        Ta ez, etzaidazula purrustarik egin. Berriz. dirautzut: Bidezko derizkiot, oso bidezko, ez etsi nai orri. «Me parece naturalísima semejante protesta» (I, 374). Beste eginkizun aundiagotarako bear ditugun kemenok ordea ez ditzagula ortan alperrik gal (ibid). Atsekabe ori, sentipen ori, ixiltzeko dezagula kemen. Joka gaitezela zentzuz. Arrazoiz pentsa dezagula. Arrazoiz.

 

aurrekoa hurrengoa