www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

19. PARISKO BAKARTIA

 

        Justiziz oar bearra derizkiot, Unamunok Euskalerria ixiltatze ori barkagaitzago zitekela, europeitzeari buruzko artikulu ori 1906ko ordez atzo edo gaur idatzi izan balu. Idazian ortako epai zangarrak geroztiko Euskalerriari dagozkio batezere. Gaurkoxe Euskadi eriopekoari dagozkio bete-betean urrengo lerruotako, edo lerro-azpiko, epai goraltzak:

        «Bai doakabe, bapo bizitzea baizik pentsa nai eztuten Europako erri berriki oiek! Bai doakabe, eriotzari buruz sekula pentsatzen eztuten erri oiek, alako batean bizitza galdu bear dugulako oroitzapenari jaramon tutik egiteke!» (I, 897).

        «De profundis edo Miserere-ka zeruari erruki eske arrenga estularrian ari diran gizatalde atsekabetuen erdian beti arkituko naiz ni anaien artean antzo, maitasunaren lokarriz aiekintxe batbat egiñik» (I, 896).

        Ezbearrak astinduka darabilkin erri batek, bat eginda, abesten dun «Miserere» samiñak filosofi batek aña balio du» (II, 729).

        «Sekula ezin aztuko dut Parisko bulebar betean bein artutako mingoztasuna ta mukerra. Badira amasei urte. Gaztedi ardalla an zebillan, tximu titereak bailiran, jolas eta olgeta, txurrut eta zarata, ijiji ta ajaja, aiurruntzi ta amoreketa, axai dirdirak ordituki atseginkeri izunetan... Ezin siñistu nun aiek ere neure kideko zitezkenik, neure urkolagun!... Bakar sentitzen nintzan, zearoko bakar, aien artean!; eta bakar sentitze arek ikaragarri bai ikaragarri penatzen nindun!» (I, 896).

 

aurrekoa hurrengoa