www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

22. ARRAZOI, ALA BIOTZ?

 

        ABENDATSEK:

        —Arrazoiz! arrazoiz pentsa eta joka! Zuri entzun bear ori. Ederra kontua, Erretore jaun. Arlo ontan arrazoi utsez joka bear guk; gañerontzean, biotzez eta griñez eta kirioz, arrazoi utsa mozkeritzat utziki.

        Amaikatxotan eta beste ainbatetan zerorrek idatzia diguzu ba: nazka, asalda, arbuia, ernegua, argaiztoa ta nik al dakit zer geiago diozula arrazoiari: «arrazoipideak ezaiñak dirala» (II, 355); «eztala biotza arrazoiekin bazkatzen» (II, 753). Euskera. gaixoarentzakoxe bakarki eskatzen eta oskatzen duzu arrazoi legea, zentzun praktikua; osterantzeko auzi-mauzi guzietarako iguin badiozu ere. Sarritxotan atsegin zaizu ba gogoratzea Paskal-en ura: biotzak ere baditula bere arrazoiak eta buruak ez añakoak.

 

        «Pues bien: no! No me someto a la razón y me rebelo contra ella, y tiro a crear, en fuerza de fe, a mi Dios immortalizador y a torcer con mi voluntad el curso de los astros, porque si tuviéramos fe como un grano de mostaza, diríamos a ese monte, «pásate de ahí», y se pasaría, y nada nos sería imposible». (II, 758).

 

        Ez, Ero Aundi; ez, jaun martinkontra. Ontantxe eztizugu amor emango. Ez eutanasirik Ama xarrari. Don Migel euskaldunberri pot egin orrek Ama Euskera zapuzten diguzun arrea, zeure filosofiak ezin sutsuagoki babesten baitigu. Ta aski dugu!

        Gure izkuntzari erantsi besterik eztaukazu, Abenderrientzat eta nor bakoitzentzat zeuk otsegindako ura: obea dala beste ori? aberatsago dala? garaille dala? Bejondeiola; baña «beste bat» da. Ta ori ez, Unamuno, ori ez! «Edozer gauza ori baño len!» Zeuk esanak dira: «el pensamiento depende del lenguaje, puesto que con palabras se piensa»; «izkuntzaz aldatzea, gogoz aldatzea da»; «gogoz aldatzea, berriz, norbera ukatzea». Ta ori ez, Unamuno, ori ez! Edozer gauza ori baño len!!!

        Ikusten duzu, don Migel, Unamunok darantzuizu. Zeure «bata» ari zaizu erantzuten eta jardesten «oeste orri». Orra: izjatea ementxe re kontragitea. Unamuno, Unamunoren aurka! Mikel jauna «don Miguel»-en aurka!

        Zeu ari zera, bada, zere euskerafobia ukatzen, porrokatzen, eta gure zalea goresten. Zeure filosofiak aldezten gaitu eta kondenatzen zaitu! Ta gu, jakiña, ontan itxu-itxurik Mikel-en esanetara gaude ta ez Migel-en egiñetara. Mikel-en sentikerari gatxizkio eta ez koxka ontako Migel-en estrapazu edo beaztopari.

        Probetxu geiago lekarkela, euskera soñekoa beingoz utzi ta erderaz jazteak? Egi ta arrazoi. Probetxu aldetik, ondo dakigu baietz. Lurbira zabalean ezagunago ta maiteago giñezkela artara? Egi ta arrazoi. Lizardi, Orixe, Zaitegi... tarrek, euskeragintzan bizitza eman bearrez beste onura geiagoko zerbaitean eman izan balute, atzerritarrek esker eta garrantzi geiago ukango liekela? Egi ta arrazoi. Gure jende arrunta «ikasiago» litzakela artara ta erdaldunek ezlutekela parre egiterik izango gure «vascorrismos» dirala ta? Egi ta arrazoi. Gure karreradunak eurak usuago litezkela ta neke gutxiago lutekela ta bearbada jakinduri geiago ere bai, alboerrietako izkuntza garaiekin arreman eta sartu-irten izateko langak eratxiz? Baietz ba, ta beste milla bider: egi ta arrazoi. Probetxu aldetik, euskerak traba ta galera besterik ez omen du, ta agiz izan ere ez du. Eztiguzu esango egi ta arrazoi aitortzen zabal ez geranik. Tori, artu, nai aña egi ta arrazoi.

        Egi «ori» eztugu nai! Eztugu, nai izaterik ere nai! Gure gardiz eta zure filosofiarenez, ez da ezer egiagorik edertasuna baño ta ez ezer ederragorik geure nortasuna baño. Ta guk nortasun onixe eutsi nai diogu, il edo bizi. Geure izate muñari uko egin bear izate ezkero, ez gera sekula ezkonduko arrazoikeri oiekin.

        Betor erokeria! Kijotekéria edo kijotetasuna, dana dala. Erokeria edo erotasuna. Gerau, beintzat! Bakoitza bere zoroak bizi du, ta gu geureak. Ez, Unamuno, ez! ezta ezergatik ere gu makurtu arrazoi tentagarri oietara! «Eztugu biotza makurtu nai buruarenera. Fedea nai dugu. Fededunarentzat ezpaitago eziñik» (II, 758).

        Or konpon, buru utsez jokatzeari gizatasun deritzatenak. Guk, don Migel, orañarte bezela gerora ere, beste zernaitan bezela ontan ere, «gorputz oroz eta anima oroz pentsa ta joka nai dugu, odol tanta eta ezur muñ bakoitzez, biotz guziz, baita bular auspoz ere, baita erraiez ere, bizitz indar guzi-guziz» (II, 725). Ots: Unamunoki, euskotarki, nai dugu pentsa ta irrika ta joka! Zer arrazoipide istatsuagorik nai duzu Kierkegaard-en uraxe baño?: «norbera ez izatea oro galtzea da.» Edo Michelet-en beste ura: «nire ni-a, biur dezaidatela nire ni-a!»

 

        UNAMUNOK:

        —Motillak! ez izan erdipoerdia euskotarrontzat; ez izaki gu gazigeza. Ondo nerau zaitut, Abendats; ondo nerau, egiazki.

        Bateko, egia esan, eztakizu ze atsegin damaidazun oguzketa orrekin. Neure barneeneko izate muñ jatorrenari entzuten nago zuri entzutean. Bidezko duzu, gañera, ona birresan, oso bidezko duzu etsi-ez-nai ori. Ta are, ta are, oso eder; sortitza bere eriosuarrean bezin eder. Ez uste, ez, arrotzen ez naunik nire Erria orren griñatsu, orren osoki, jokatzen ikusteak. Ondo ezpal bereko gaituzu bi-biok.

        Besteko, ordea, Abendats, kontura zaitea: zeure burua aldeztu bearrak mintzarazten dizu orrela.

 

aurrekoa hurrengoa