www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

31. BERRESATEN EZ LOTSA

 

        UNAMUNOK DARRAI:

        —Entzun nai eztigunari, belarri ta buruz gor dagonari, gorrarena egiten diguten guzieri, esan eta berresan egin bear diegu, berresan gure Miña, berresan gaur, biar eta etzi, atseden gabe, oiuz eta zinkuriñez, isiz eta axutaz, negarrez eta akarrez, zaunkaz eta ozkaz.

        Zaunkaz eta ozkaz batez ere, bai jaun maikideok; ea orrela gorreria joaten zaien eta lo gozotik kondetxoak esnarazten ditugun. Aditzalerik eztugula ematen badu re, «illargiari gauez zaunka, eguzkiari egunez zaunka» ta ortzaka... jaramon gabe doazen guzieri. Alakoentzat kausk eder batek, mami-mamiko batek, indar bizkorrago lezake arrazoi borobillenak baño. (I, 625 ta urrengoak.)

        Bestalde, berriz, « gixaixo bat litzake iñolaz ere berebaitako ezertxo berresan bearrik eztuna. Oldozkunak eta sentipenak eztira korreu selluak antzo: bein erabillo ezkero baliogabeak. Nosce teipsum, «Erau ezagun adi»: esaera au asma zuna ezin iduritu dugu aolku ortara bere bizitzaro luzean berritzuli gabe. Gizon bakoitzak —eta Erri bakoitzak— barrunpean daramazkin egiak erreminten arauko dira. Arotzak, ola zulatzeko tatulua bein erabillo dula ta, berriz erabiltzea eragotzia ote du? edota iltze bat malluz josi dulakoz mallu ori berriz eskutan artzerik ez ote dauka? Egundo eztut jardurio bat itzik itz berriztuko; bulkoak bai ordea agitz sarritan. Bulko edo idea ori, eun aldiz lenez mintzatua izanagatik, berri-berria deskeintzut zeren bide berriz sor zait edo ideakide berrien lagun damaizut» (I, 525).

        Ara Jainkoa, Jainkoa dugu betiraunean berresale gogorrena. Aita Jainkoari Itz bakarra dariokio betidanik, Itz bat eta besterikeza: bere Seme eternua. Jainkoaren eredura, orra eguzkia: eguzkiak dirdira berbera dario negu ta udara. Orra aritza: aritzak ere udaberrioro ostoberritze berdiña. Artu pixuko edozein idazle: idaztankera ta idea sorta betibata. Ara: biztanle bakoitzak zenbat eta nortasun sendoago ukan ordun ta batasun tenkorrago oi digu. Bizitzen jarraitzea zer besterik bait da: gere nortasuna berrematen eta berresaten jarraitzea baizik?

        Laudorio igoagorik ezin egotsi leioke beraz Alguztidunari Agustin aundiak —beti San Agustin!— oguzitako uraxe baño: «-Edertasun beti zar eta beti berri!». Ta gure Miñak zer gorazarre kutizigarriagorik opa dezake alajaña, alako batean gizadi mireslearen abotik auxe baño?: «Euskal Min, beti zar eta beti berri!»

        Nai ere alaxe nai bear dugu Euskal Miña: beti zar eta beti berri.

 

                Baña nik, izkuntza larrekoa,

                nai aunat ere noranaikoa:

                jakite-egoek igoa;

                soña zar, berri gogoa;

                azal arista, muin betirakoa.

                        (Lizardi. Eusko-bidaztiarena).

 

aurrekoa hurrengoa