www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Unamuno ta Abendats
Salbatore Mitxelena
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SUSMOZ LETOZKENEI

 

        Susmo txarrez letozkidake bearbada zenbait irakurle. Eztugu arritzeko; gutxiago, izutzeko. Ezpaidute uste Unamuno euskotasun aldetik ezertan onetsi ditekenik. Euskaldunon artean argaiztoz sogin izan diogu ia beti bilbotarrari, zearka, aierrez, bai abertzaleek eta bai karlistek; erlijiu aldetik naiz euskerarenetik ark ditun akatsak galantak diralakoz. Naiko galantak izan ere baitira.

        Katolikutasunari buruzko akats edo urrun-urbillak ez noa emen arakatzera. Eztut ori asmo. Asmo arazo ori zeazki ta bereziki burutua digute beste idazle naiko frankok, nagusikiro: Pildain gotzai jaunak, Aita Oromi prantziskotarrak, Aita González Caminero jesuitak, Laín Entralgo-k, Julian Marias-ek, José Luis L. Aranguren-ek...

        Akats oiek jakiñekotzat uzten dizkizut. Iñoiz edo beste bidenabar ukitzen ditudanean, gaitzesteko izango da ta irakurleari erne oiu bialtzeko: Kontu!

        Katolikuok ez gaitezke tinka Unamunoren siniste motibu baezpakotan. Guk Kristori diogun fedea ez da, Unamuno-rena legez, gerebaitak eskatzen digulako bakarrik; ez, barne muñak nai ta bear digulako bakarrik; baizik Jainko-Gizonak eta Eliza Amak ala erabakitzen eta agintzen digutelako sinisten dugu batezere; ta berez egia, Egi Aundia, Egi Osoa, oien esku ta ao dagolako, norgere adimentxoak ulertu edo ez.

        Unamunoren sinismen sustraia aitzitik da erabat. Subjetibu utsa da; gogoak damaion aña ta damaion bezelakoxea; bere nortasunaren «barne bizitzak» galdegiña, eragiña ta an-emendiko ornitzez egosi irakiña; ez, Jainkoarengandik eta gatik arrerazten zaiona. Orratx berberak: «Itxaropena dugu fedearen ama; ta fedea, Jainkoarena.»

        Agirian dago beraz zenbat eta nolako siñauste aleak sor daitezken eta sortu ere bide-zaizkion bilbotarrari erro ortatik. Giño ortan San Manuel Bueno Mártir dalako orrek ezin ba buruan leku eman Kristoren gorpuzki bataioz geranon «goi bizi» jainkozkoari ta abar.

        Jokeraz, jakitez naiz ekitez erlijiozale ta erlijiolari purrukatua dala ezin uka. «Ez nolanaiko erreformatzalle, baizik sekula izan diran dozenerdi aundienen arteko ta añako gallentzen zaigu Unamuno» José Luis L. Aranguren-ek bere liburuon: Catolicismo y Protestantismo como formas de existencia. 30 urte zituneko ari zan ziñematen: «Jadanik etzait ajola beste ezertxo: erlijio prolema ta neure etorkizunarena.»

        Ateo-materialisten gandik katolikuena bezin urrun-aierti sentitzen da, sentitzen, eta idazten ere du noiznai; oiek ezin deioteke irakur, zernaitan aurka egoteko edo beren sinisgabekeriari bizkar emateko baizik. Marañon-ek orainki (1954) idatzia: «yo no sé, porque no soy teólogo, si se ajustó siempre o no al rigor de la ortodoxia, pero sí sé, y lo digo, que no he conocido a ningún otro hombre en el que esa presencia de Dios haya tenido tan permanente y terrible realidad.»

        Kristozale ta kristaulari are sukartuago dugu, gañera. Unamunoren erlijiua, bere betiko luterotar kutsuz ezik, Kristoganakoa da dena den. Jesukristo du bere teolojiaren ardatz, jomuga, egi iturri ta maita elburu; elburu mami eragikor ezilkorgille. Oroi, besteren artean, «El Cristo de Velázquez» liburu poema. Erruz, zinki, muinki maite ditu Jesus eta Jesusen irakaskizunak. Paris-ko euskaldun ateo bati eskutiz bat eta bestean diñotsa: «erriaurki oraingoentzat eztago salbatzerik, ez osabiderik, kristautasunez landara.»

        Oeburuko irakurgai kuttunenak ere: Biblia, Kenpis, Agustin-Teresa deunak, Gurutzeko Jondone... ta beste aukera-aukerako gutxi batzuk. Españi-Euskalerriak eurak beren kristautasunaren idealismuagatik gorenesten ditu baitipat. Bañan, kontu: berbere betiko hereje tajuz eta vitaliste voluntariste arioz.

        Aristotel-en naiz eskolastikuen ezagumenari «razón teórica» deritzaio ta orrekin ez omen dago eltzerik geien-geienez Jainkoarekiko idea utsera baizik. Geien-geienez, alegia; ezpaitu uste adimena ortaraxe re el daitekenik, Jainko baieztera baño ukatzera geio baizik. Jainko berbera ren izateratze edo jainkotze ori «razón práctica» rekin lor omen daikegu bakarrik: ots, sentimenaren eta borondatearen ezaguerarekin. Antonio Machado-rena legokioke ezin juxtuago:

 

        Yo he de hacerte, Señor, cual tú me hiciste, y para darte el alma que me diste, en mí te he de crear.

 

        «Ez jakintsu ta ez pentsalari; ni sentilari bat naiz.» Ta aitor bear: sentilari bezela, nolako bikaña! zeñen angusti-duna! nolako Jainko gose duna! Ortan bai, ortik bai, benetan erraldoi. Ara, giza-anima batek berez, Jainko grazirik gabe, zenbaterañoko Jainko gosea daramaken proba nai litzakenean, nekez aukera daiteke. gure odoleko auxe baño erakusburu jatorragorik, tantai ederragorik, aspaldiko pentsalarietan.

        Jainko min ori larriren larri sentitze ortan eta sentitze ori gizatasunez naiz nolanaiko jakitez jazte ortan, arrigarri dugu, ala niñoke; irakurriago ta arrigarriago; liburuetan bertan bañore bere eskutiz kontaeziñetan areago, gañera.

        Bere teoloji ta mistika, gaztetzarotik erromar fedea erabat galdu zun gizaki uts agnostiku batenak izateko, zangar giartsu dira iñolaz; akatoliku batenak izateko, gure etikaren urbillenetik dijoaz maizenik eta onen goitasunak pranko trebeki arrotzen ditu. Aita Benítez-eta alegiña saiatu dira gizaki urduri au katolikutzen, guretzakotzen. Asmoa aurreratxogi txirristatu ez ote zaien gaude, sinpatiz sogiten diegularik ere. Orregatik jesulagun onen El drama religioso de Unamuno txasta oi dute zearoko fiakizun ez omen diranen artean.

        Ezin gaitezke geiegi txunditu, oraingoz beintzat, ez itxutzeraño lilluratu. Geiegi lilluratzeak baluke galpiderik. Agoni gizonari noiznai nabari zaio sasi jatorria edo len salaturiko susterrondo heretikua; ta, baitare, aske pentzalariaren menpetasunik eza edo, berak lesakenez, «norberatasuna».

        Orretxegatik egingo nuke dala bere teolojia sentimen aldetik jainkotiarrago ta ortodosi aldetik bildurgarriago; sinisgabekoentzat, lozorroa astintzekoan, onuragarri ziurrenik; katoliku gutxi-ikasientzat ordea naspilkor geienik eta kaltegille.

        Pentsa zagun debeku kondenak ere orretxegatik ipiñiko zizkiotela artan edo ortan Españiko zenbait gotzai azken urteotakuok: gure Antonio Pildain, Canarias-koak; Jesús Mérida y Pérez, Astorga-ko zanak; orainki León Villuendas, Teruel-ekoak; baita Pla y Daniel berak ere, Salamanca-ko zanean (1942)...

        Jainkotiarrago ta bildurgarriago, epaitu dizut. Orratx, ain zuzen, bere biziko paradojalari izandakoaren il ondorengo paradoja ikaragarriena, ta trajedi itzala. Jainkotiarrago ta ordun bildurgarriago!

        Izan ere, Jainkoak daki bakarrik zenbat kalte dagioken Españi-Euskalerrietako katolikutasun eskas zailduari, batez ere gaztedi ikasleari, baldin ezpadugu beintzat irakurleen baitaratzen zer dun katolikuaren eta zer siñauslearen, zindoki zedarrituz eta jakiñaziz bat eta bestearen mugak.

        Bere liburuak guziz debekatu? Alare irakurle anitz ukanen lituzkela niñoke ta erakar indar geiegi dukela Unamunok etsaien ikurrintzat uzteko, beren-berena bailuten. Bat edo beste liburu soilki debekatu, erlijiu zaña geienik ortzakatzen duten aietxek? Itxurazkoenik onetxek dama; baña edozein enseiu, drama, nobela, artikulu naiz poemetan agiri zaio edonoizko menderakaitza, edonongo «bera». Batasun geioko idazlerik nekez. Erabat geuretzakotu? Ai al balitz! Oguztua dugu ordea zearo geuretzakotzerik eztagola ainbat siñauste dituna. Erdipoerdiko zerbait billa ta eragin?

        Korapillo estutxoa dago galdera oietan, partikularki guretako iñork aisa ta gogara askatzeko. Orra nik beñipin lurgañeratu, irakurlearentzat, auziaren txongoa; ta... «bakartia» ren iñorekin eza.

        Oiek ola, asieratik beinbetikoz oar bearra derizkiot nire onako azterketak eztirala iñolare Unamuno teologuarekin baizik soil-soilki filosofuarekin eta, oraindik zeatzago esateko, «gizaki filosofu olerkari» irukoitzaren euskaltasunarekin. Ots, Euskal Animaren arnari diran aldetik ikustatu «berezko» gizandi orren iru saiets oiek eta, aitzaki ortan, geure abenda barruko kontakizunak ere konta. Orra nire arlo barrutia.

        Euskaldun baten billa natorkizu beraz Unamuno-gana. Galdera onekintxe natorkio beste gabe: ea ba nondik eta nolako euskotarra zaitugun.

        «Filosofiak baño geio balio du filosofuak», ziñon berak. Ta ni emen, bere gizatasun eta euskotasun ondo ekurugaitz orren gorabera bapo ugariak billatzen, galbaitzen eta, zuzen danean, goresten ariko natzaizu, egiak aña odolak artaratuz, gero besteren batek mardulagoki goretsi ta oñarritu ditzakelakoan. Besteren batek oñarritu bai. Oraingoz nik dagidana ikuspegi bat litzake, batezere; edota, obe baderizkiozu, idaroki bat.

        Nik dakidala etzaio beste iñortxo urbildu xede ortan. Deitu bai «el gran vasco» ta olakoak, atzerritan, erruz eta merke. Bañan bere euskaltasunaren barrunpe ernaragarri oiek azaltzera etzaio libururik oraindaño opaldu. Ontan lenbiziko izate onek puxkat alaitzen eta arrotzen ere nau. Asmoa beintzat zuzena baitut, naiztare aski berandua.

        Susmoz letorkidaken irakurleari eztiot esango xedea iritxi dudanik, pixkat baietz neurekaxa uste arren. Unamunok, kristautasunean bezela, euskaltasunean ere bere ajeak ditu, ta nork ez? Kristautasunean erroa topa diogu koloka, topa nolabaiteko; euskaltasunean erroa du zindoen, jatorren, aberatsen. Kristautasunean adaburuak dama ikusgarri, agiz ikusgarriegi; euskaltasunean adaburuak ez ainbeste, agaki bat edo bik gutxiago...

        Orain, agaki bat edo bi oierixe soilki beiratuz zugaitz osoa usteltzat jotzen dunak eztu zuzen jokatzen, bidegabekeria dagi ta gañera kalte itzala dagioke jokera etsai askotara «gogape» bakarrak daragion Euskalerriaren batasunari. Ontan ere balio bear digu Kristoren aginduak: «Etzazutela aloa (zizaña) ateratzean garla ere susterkatu.»

        Ea zergatik auta dudan Unamuno eta ez beste edozein? galdetu dit bilbotarrari bere euskera gorrotoa (?) barkatu ezin dion «euzkel-euzkeltzale» integriste uts oietako, oietako! batek; Unamuno gure etsai gogorrena omen dugula-ta.

        Ba, orretxegatik, gizona; orretxegatik ain zuzen, integriste jauna. Unamuno, euskeraren etsai gogorrena dugularik ere, Euskal Animaren abogadu gogor ere badalako, zenbait «euzkeltzalek» ori ezin irentsi arren.

        Ea zergatik! Euskal Anima onen gaurko edo mendeterdi ontako ezinegona, kontentagaitza, marmarra ta maxia, negarjotzea, asalda aserrea, menderakaitza, bizi naia, agoni burruka, kontragite edo antagonia, etsipena ta etsieziña ta itxaropena, askatu leia, euskal miña ta arrandia, «ni ta ni» a, bakartasuna, azibearra, jaundu gogoa, ezilkor gosea, norberatasuna, langilletasuna, laztasuna, zintzotasuna, erlijiutasuna... ta beste tasun kontaeziñalen ispillu ta aitzindari berdiñik gabe eskubidez Unamuno deritzaidalako, mundua beteko ospean eta diztiran.

        Ez gutxiogatik, gizona. Etsai gogorrenek ere, euskotar «borondate oneko» diranean, andik-emendik arrazoi damaigutela probatzeko. Ontan edo artan zurekintxe ez pentsatzeak barru-barruko euskaltasuna ukatzen ez dula beingoz jakiñarazteko, jakiñarazi ta, bearrik, ondo gogoan josiarazi; bestela neu ere, zurekin integrismu ortan bat ez natorren ezkero, ezpainintzake billakatuko euskaldun. Euskaltasun Osoa, ez zuk eta ez nik, baizik guziok osotzen duguna dalako, guziok balinbaite, norgere egi ta on apurñoz.

        Berebat Euskalerriagatik ere. Euskalerria abertzaleontxo ori bakarrik eztalako, gutxiago euskaltzaleontxoa bakarrik, eztare eliz gizonen ori bakarrik. Euskalerri Egiazkoa, egunotako ezur eta mamizkoa, ez da zure edo nire utopiak nai lukena baizik ezurmamizko jendeek, diran bezela dirala, osotzen dutena, guzion artean kopurutzen duguna.

        Ona berriro. Gaurko Euskalerri Osoa eztugu zuk eta nik soilki ezurmamitzen, ez, integriste jauna; baizik abertzaleek eta karlistek, liberalek naiz komunistek, Españi zale naiz Prantzizaleek, katolikuek naiz bestelakoek, ondrauek naiz lapur likiskume eta beste barrabasek, baita oetxek ere zoritxarrez, baita gure artean ain gutxi eztiran pellokirtenek ere, euskera zaleek eta erderaz jarduleek, zuk bezela pentsatzen dutenek eta eztugunok, guziok; ta beraz, guzion artean, baita Unamunok ere noski, Unamuno gizajoak ere, bere aldez.

        Baita euskera beragatik ere, gizona, ta ez ankaz gora erori. Unamunok «Euzkera» ri, gu ausartu ez bezelako aserrez eta egiz, salatu zizkion akatsak eta suizidakeriak beingoz garaitu nai ditugulako.

        Ez uste, ez, aren iragarpen eta akarrak oro gezur uts billakatu zaizkigunik, eztare guk purrustaka ukatzearekin indargabe gelditzen diranik, bein ta betiko zerraldo. Purrustek xaguxarrak uxa ditzateke, ez arrazoiak.

        Sei dialektu ta ogeitik gora subdialektu ba omen dira euskeran: gure aberastasuna! «350txo» irakurie besterik ez omen gera, baña... baña baitare ordea beste ainbeste maixu, nolako maixu! nolako jauntxo ta jabe! «350txo» oietako bakoitza gaituzu norgerekaxa euskera berri-berri bat asmatzeko lain, beste iñork ez ulertzeko alakoa: gure aberastasuna!

        Ta, zer nai duzu? Unamunoren akarrak suntsituko baditugu, guk aberastasun gutxiago bear, eta... zentzun geiago!

        Ez noski euskera bat (bat?) «350txo» na; ta bestea, «egutegi» etako 25 edo 30.000 aiena; ta bestea, «garbiren garbi zale» oiena, gure ilzori gaixoa beti operazio maiean nondik zer geiago kenduko daukaten arakin ez bestelako oiena; ta bestea, zarkeri edo arkaismu billa aguretu bear dutenena; ta bestea, ez-ulertuak izatekotan ixillik egon naiago genuken «jende xume» edo «erri-erri» deituona... Bakoitza sorgin belar bana eskeinka ilzoriari! onek bear dun sendagai bakarra emateko gauza ez geranean.

        Zer sendagai? Batasuna, gizona; grazi pixka, bizitasuna, argitasuna, atsegiña. Etimilojiste naiz gramatikalari gutxiago, gure errepublikan. Iztun eta irakurle geiago. Ots, lege gutxiago ta bizitza geiago. Beingoz bukatu, arren, ur ta lur azpiko buzoketa-satorketak. Maixukeriak utzi. Neke gutxienez ulertu ta maita diteken izketa txairoa erabilli. Nekea eztu sekula maite jende arruntak. Ez nekeak eman irakurleari baizik idazleak norberetzat artu. Orobat izlari ta entzuleen artean. Ez uxa irakurleak baizik erakarri, gosetu. Ez kalean txirrista erderara baizik euskeraz jarritzeari eutsi, naizta mordollokiro. Labur esan: zentzun geiago bai, nire integriste jauna, zentzun geiago bear euskerak baldin biziko bada, ots, baldin alegia Unamunok jo zion illetari igesiko badio.

        Guzi on ta geiogatik, gizona, datorkit egokienik, naspilkeri oien nazkak eta ondorenak eta ondakiñak aurrez gaztigatu zizkigun igarle sakerra.

        Alajaña, Unamuno eztala euskaldun, akatsik baditula-ta! ala sinistarazi nai didazu beraz? Beira nire aldetik, arrazoi analoji berez, zer gomutarazi ta aitorrarazi bearko dizudan: ez batere gutxiago, arranea: kontu ortan Euskalerria bera re eztala euskaldun! Unamunori agiri zaizkion minbiziak eta bost are nabarmenago ta ugariago nabari baitzaizkie zazpi probintzietako biztanle agitz geienei (erderaz jardute, euskerari ajolarik eza, maketokeria...), ta beraz Euskalerria eztugula Euskalerri! ta beraz gaurgeroz eztagola munduan Euskalerririk! ez Euskal Animarik! zure ta nire moduko ero batzuen kaskotzarrean baizik!... (Zure integrismuari darion sekuentzi derriorra duzu, gizona; ondorio bearra, nai baduzu; ez al da bitxi?)

        Ez. Ez naiz lotsa, Unamunok ditun bizpairu akats oien ezker-eskubiak auziratuz beste euskal saietsalde zindoak emen jasoaz edo jasotzen saiatuaz.

        Bada ordu munduak jakin dezan, guretar ospatsuen au eztugula gure kontrako, baizik guretasunaren emaitz dugula; ta ordu dugu baitare gu gerez, integrismukeriak utziz, bakoitzari dun ona ezagutuz, euskaltasun zabalenera abia gaitezen, zabalenera! guziok bat.

        Guziok bat! (ala otsegiten zaigu aspaldion): orratx gaurko euskaldunon elburu ta bearkizun gorriena. Ortarako ordea anaiarteko tikimikiei amor eman bear lendanik eta tolerantzi geiena ukan bear lagunurkoekin: onatx, nerantzuke nik, lenbiziko urratsa. Lenbiziko urrats au gabe uts genuke bearkizun ura, «guziok bat» ura.

        Eztedilla beraz mintza gure baitan setakeria, ez ainbeste kalte dagigun politika sakabanatzallea. Mintza dedilla Abendats, euskotar guziok nolerebait barru-barruan daramagun eta bakoitza bakoizki tauparazten gaitun Abendats. Orrela bai, nik espero, joko dugula Unamuno euskal «Bizi Naia»ren zitu ta mandatari.

        Nik niketz ezin ixildu izan dut Abendats. Indartsuegi dut nire erraietan ixillarazteko, are indartsuago neure bakarrez kolkoguduon menderarazteko. Berak usnarazi zizkidan aspalditxo antzemateok eta agindu igaz anaiartze au. Argatik diñotzut liburu onen atari-ataritik:

 

                Ez naiz ni. Abendatsek

                diardu nibaitan.

                Artxek jartzen dit Miña

                biotz ezpañetan...

 

        Asiera batean neure buruari «Abendats» ipiñi nion izenorde, ta ortara idatzia dago liburu au, neure abizenez agertzerik komeni etzitekelakoz. Azkenera, liburuari berari egotsi diot mito izengaia: «Unamuno ta Abendats.» Beñola ezin ba egilleari ere berebat egotsi; eta, milla ez-bai buruan erabilli ondoren, nire ballararenakin gelditu naiz: Iñurritza.

        Abendaskiro, bada, au da, maitaro ta gartsuki ta ausartsuki idatziak dituzu onako antzemate, bururakizun, ikuspegi, biozkadak. Batzutan, billobakiro idatziak; egillea Unamunoren billobetako agertzen zaitzunez. Bestetan, gurasokiro; arraza osoaren guraso Abendats dugunez.

        Ez natzaizu beti ordea jardun gaiak eskatzen dun eragoz eta sailketaz (distribuzioz). Eztare, iñoiz edo beste beintzat, bear litzaken benatasunez, seriotasunez. Kapituluen izenburuak eurak, testua errezkan etenik gabe asi ta bukatu ondoren, tarteka sartuak daude; gaiak, emen banakatzen eta an korapillatzen, baitijoaz eta dabiltz, sinfoni batean antzo, barruti batetik bestera jauzika, izkuta-agirika.

        Barkagarri bekida aitortzea, beste liburu («Aberriak min dit») aundiago baten itzaurre bezela ekin nula enseiu edo nik al dakit ze demontre liteken zera au. Argatik, esan bearko, utsegite oiek.

        Utsik aundixkona alare auxe leritzaioke baten bati: anekdotarik ia batere emen eza. Berariz utzi ditut biografi batean derriorreko liraken anekdotak, kronoloji ta beste olako zenbait zertzelada. Liburu au ezta biografi. Eztu izan nai ere. Bilbotarraren sentikerak eta pentsakerak soilki aztertu nai ditu; edota, zeatzago, beren jokerak, oek duteken euskaltasun aldetik. Gai onekintxe badut aski ta geiegi, arlo berrietara barreiatzen asi gabe. Iñortxo ontan defrauda eztedin bada, eta arloa geio ta geio estutzearren, mugatzearren, ipiñi dizut subtitulu: «Bilbotar filosofuaren eta Euskal Aminaren jokerei antzemate batzuk.» Batzuk. Ez beraz danak.

        Aatik ere, etzagozkidala sinistun Unamunoren euskaltasunari buruz? Zer egingo zaio, ba. Ez gaitezela aserre, gizona. Gizalegeak oroitzen digu, alkarrekin anaiki eraman bearrak oroitzen: zenbat buru ainbat aburu. Ta kristau legeak, aldiz: eztugula jo bear etsaia etsai, ala agintzen digu, baizik anai; eztiogula arerioari bere etsaitasuna edo aierkera edoski ta eragin bear, baizik bere anaitasuna, anaitasunik dugun artan.

        Iñor guzien aburuak irabazi zai bagaude, jarrai zagun ezer idazteke, jarrai gure betidaniko gaitzean, J. M. Barandiaran-ek zorrotz salaturiko gaitz artan alegia: euskaldunok ez omen dugu argitara nai izaten idazlanik arik-eta au ajegabeko deritzaigun arte, ta orregatik gelditzen omen gera gutxi edo batere idazteke, ta orregatik ostera ez omen diogu alkarri laguntzen jakingai bat danon artean auzolanez erdiesteko orduan.

        Bestalde, gañera: norgerez pentsatzen dugun pitintxoa ez al dugu euskeraz ematen asi bear, ia beti kanpotarren oldozkunak itzultzen baizik ibilli gabe? Edota, pitintxo ori azaltzekotan, zer dala-ta egin bear dugu erderaz, Orixe-k diñon «kaikukeriak» askatzeko bakarrik euskera autetsiz eta erabilliz?

        Dana dala, gutxinaz ere, len baño geixago ezagutuko duzu balinbaite «Del Sentimiento trágico» ren egillea, ta baitare sentimendu ori egilleari senti arazi zion Abendats. Ta ezta gutxi. Bi-biak baititugu, senitasun ortan, gutxi ta gaizki ezagunak.

Iñurritzak, 1956

 

 

OARRA:

 

        Itzaurre au idatzita bi illabeteratsu, Erroma-n Sto. Ofizioko Kongregazioak «Index»ean ipiñi ditu Unamunoren liburu nagusienetako bi: «Del sentimiento trágico de la vida en los hombres y en los pueblos» eta «La agonía del cristianismo». Itzaurre ontantxe aurreratu dugunez, erabaki au ez da batere arritzeko ta bai beinberriz Eliza Amari gure menpetasuna azaltzeko.

        Ni nirez etsi ere naiz, 1955an idatziriko liburu au baezpadan ez azaltzera. Irakurri didaten apaizek ordea baietz eta baietz Jainkoaren izenean. Nolanai, azalduko balitz, ez da izango elizbaimen gabe.

Iñurritzak, 1957

 

aurrekoa hurrengoa